Astearte hura egun ona izan omen zen LIFE aldizkariarentzat.

Gaur betetzen dira 70 urte 2. mundu gerraren amaieren hasiera izan zen Normandiako Desenbarkoa izenez ezagutzen dugun ofensiba militarra gertatu zenetik. Gaur ostirala da, baina 1944 hartan, ekainaren 6a asteartea izan zen.

D day edo D eguna bezala ezagutzen dugun data hartakoak dira fotokazetaritzan edo gerra kazetaritzan erabat ikonikoa bihurtu diren irudietako batzuk: Robert Capak  Sainte Honorine de Pertes eta Vierville Sur Mer herrien artean dagoen hondartza luzean atera zituen argazkiak, militar estatu batuarrak uretatik hondartzara hurbiltzen hari diren argazki ezagunak.

Robert Capa, 1944-06-06

Astearte hura egun ona izan omen zen LIFE aldizkariarentzat. Gogoan dut, nola argazkilaritzari buruzko nire interesa handitzen zihoan garaian, irakurria nuela nonbait edo kontatua zidala irakasleren batek, nola argazki bat mugitua izanagatik edo teknikoki ‘ona’ ez izanagatik, askotan bete zezakeela bere funtzioa. Batzuetan, justu inperfekzio horrek, indartu egiten zuela argazkiaren mezua. Capak desenbarko hartan ateratako irudiak alde horretatik oso eskasak dira, eta aipatu dudan bezala, aditua nuen nik, argi gutxi izanagatik eta guduan azkar ibili beharrak eragin zuela Caparen irudi haiek mugituak izatea.

Gerora jakin dut ezetz, berez ez dela hori, edo ez hori bakarrik, argazki hauen itxuraren erantzule; errebelatzeko garaian izandako akats baten ondorioz azaltzen zaizkigula hain baldar.

Urte batzuk badira Robert Caparen ‘Slightly Out of Focus‘ (Apur Bat Fokoz Kanpo, edo antzeko zerbait litzateke itzulpena) autobiografian irakurri nuela bere hitzetan nolakoa izan zen goiz hura. Desenbarkoa deskribatzen du, nola sentitu zen Capa bera, nola egin zituen argazkiak Contax kamera batekin, pasatu zuen beldurra… eta amaiaren kontatzen du nola laboratorioko laguntzaile batek, lehortzerakoan bero gehiegi emateagatik, emultsioa urtu eta alperrik galdu ziren negatibo haiek. 106 argazkitatik, 8 besterik ez ziren salbatu, eta publikau zirenean, argazki oinetan esaten zen Caparen eskuek bortizki egin zutela dar-dar.

Iaz baina, istorioaren beste alde bat ezagutu nuen. LIFE aldizkariak Londresen zuen bulegoan, egun hartan, D day hartako argazkien zain egoteko eta argazki haiek kudeatzeko ardura izan zuen John Godfrey Morris editorearen autobiografia erosi nuen, ‘Get the Picture: a Personal History of Photojournalism’ (Lortu ezazu irudia! Fotokazetaritzaren historia pertsonal bat) eta liburua 1944ko ekainaren 6ko kontakizunekin hasten du.

Bitxia da nola kontatzen den halako gertakari bat bulego batean zain dagoen norbaiten ikuspegitik. Ez du argazkilariak duen arriskurik, baina bere errespontsabilitatearen karga oso ondo dago adierazita. Ekainaren 19ko alean argitaratzeko zein epe zituen, nola planeatu zuen argazkiak itsas ontziz Londresera iritsi eta hegazkinez Estatu Batuetara bidaltzeko tartean egin beharreko guztia, nola zuen pentsatuta motoz joatea eta zein kaletatik, orduaren arabera Londresen izan zitezkeen auto ilarak ekiditeko, nola zituen ordezko planak… Kontatzen nola joan zen materiala iristen Mantxako Kanaletik ekainaren 7an eta nola zeuden beraiek Caparen materialaren zain. Azkenean iritsi ziren, 35 mm-ko lau karrete, kapak eskuz idatzitako nota txiki batekin. Braddy, laboratorio buruak Dennis Banks gazteari eman zizkion karreteak errebelatu zitzan, momentu haietako tentsioa kontatzen du, telefono deiak, oihuak, prisa… eta nola igo zituen eskailerak Banks-ek, negarrez ‘ izorratu egin ditugu! Caparen argazki guztiak izorratu ditugu!’ oihukatuz.

Negatiboa

Dezente idazti dut jada eta ez dut gehiago luzatu nahi, baina polita egin zitzaidan istorio hau beste aldetik irakurtzea. Jakina da irudi batzuk gutxienez salbatu zirela (Morrisek 11 dio) eta gerra irudirik ezagunenetakoak bihurtu zirela.

Larunbata hartan, LIFEko erredakzioan edizioa itxi ondoren Londresera telegrama bat bidali zuten: ‘Gaur egun handi horietako bat izan da LIFEko bulegoetan’

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.