Oroiminezko igandeak, barne sentimenduez haratago
Oroiminezko igandeak –
Izurritearen menpeko bi urteetan, liburu, disko eta sormen ederrak plazaratu ziren, gure idazleak, gure artistak ez baitaude lo, eta esperantzari leiho bat irekiz, sortzen eta plazaratzen jarraitu zuten, hori bai, ahal zuten moduan. Sorlan horietako bat dugu Ainara Maia Urroz irundarrak Zarauzko Dakit argitaldariaren bitartez, 2020ko Sarako Biltzarrean plazaratu zuen Oroiminezko igandeak izeneko eleberria.
Erran beharra daukagu Ainara Maia ez dela kimu sortu berria, aspaldian ari baitzaigu idazten. Olerkari fin eta minbera daukagu eta hitz lauz ere, maisukiro idazten duela frogatu digu behin baino gehiagotan. 2012an Chanson d’ amour. Ilargi beterik gabeko gauak izeneko olerki bilduma plazaratu zuen Baionako Maiatz argitaletxearen bidez, 2018an, Angeluko Zortziko argitaletxearekin, Muxuak izeneko olerki liburua plazaratu zuen, maitasun erromantikoari eskainitako liburu berezia, Iñaki Martiarena Mattin-ek apaindutako kolorezko marrazki politekin. Eta 2019an, aita zenari eskainitako Pepito, biziminaren eta maiteminaren txinparta izeneko liburu ederra plazaratu zuen Maiatz-en bitartez, non aita izan zenaren bizipenak eta oroitzapenak azaltzen zituen bihotz-bihotzetik idatziriko narrazioetan. Beraz, Ainara, ez dugu euskal literaturaren zelaian sortutako lore berria.
Oraingo liburu berri honetan, kutsu autobiografiko duen kontakizuna dakarkigu gogora. Kattalin Landaburu Irulegiko neska dugu protagonista, hemezortzi urteko neska gaztea, hango mintzaira ikasteko asmoz, urte betez, Alemaniara doana. Egunez alemana ikastera joanen da eta familia alemaniar baten etxean biziko da. Horrek inkomunikazio itolarri handia sortuko dio, eta haren herrimina areagotuko. Berekin batera, lehengusu batek oparitutako egunerokoa eraman du, eta igandero astean bizitutakoak, gogoetak eta barne-bakarrizketak idatziko ditu. Pittaka-pittaka alemana ulertzen eta ikasten hasiko da, eta baita hainbat aurkikuntza egiten ere. Horrela Goetheren Lau urtaroak konposizio ederra ezagutuko du eta horren antzera, bere egunerokoa, hau da, bere liburu hau, lau urtaroei begira antolatuko du.
Oso liburu egokia DBHko azken kurtsoetan (Kolegioan Iparraldean) eta baita batxilergoan ere (Ipar. lizeoan), gure ikasleek irakur dezaten, neskek, gehien bat, nesken barne gatazkei begira egindako narrazio paregabea eta sentimendu handikoa baita. Bizitzaren leihoan begira diren gazteentzat ezinbesteko irakurketa iruditzen zait. Irakurterraza eta aberatsa denbora berean, neska nerabe baten sentimenduak eta barne-mundua izugarri ongi irudikatzen dituena. Nerabetasuna, lehen amodioa, bizitzaren aurkikuntza, lehen urratsak, herri eta familia mina… dira liburu mamitsu honetan korapilatzen eta katramilatzen diren osagaiak.
Irakaslea bazara eta liburu berri bat bilatzen ari bazara zure ikasleendako, hemen daukazu irakurketa aproposa; eta gaztetxo bazara, neska bereziki, baduzu hemen iturri emankor eta naroa, Kattalin Landaburu baxenafarraren urrats eta idatziei jarraituz, zure barne-sentimenduak eta aurrera egin-nahia oreka eta bidera ditzazun. Erran bezala, liburu honen irakurketa gomendatzen dizut, zinez.