Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
Ongi pilotan eta oneski dantzatzen –
Kuarrentak dantzan.eus atarian.
Esana zuen Andoni Aretxabaletak dantza zalea zela. “Debutatzean utzi nuen. Gustatzen zitzaidan; kanpora eta irtendakoa naiz. Jende premia balego eta deituko banindute, ni prest nengoke plazara irteteko”. 2014an, Olaizolarekin bi-bitazko txapelketaren finalera iritsi ondoren egindako elkarrizketa batean azaldu zuen dantzan aritu zela pilotan profesionalki debutatu zuen arte. Bideoan ikus daitekeenez dantzarako trebetasunik ez du galdu urteotan. Arreba bikia txistulari zuela dantzatu dio aurreskua Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Haurrak ikas zazue kantak dioen moduan, “ongi pilotan eta oneski dantzatzen”.
Ikusmina sortu du pilotariaren aurreskuak, kirolariak dantzarekin gero eta gutxiago lotzen baitira, nahiz eta dantzari eta kirolari onen adibideak badiren. Aretxabaletak dantzatu duen aurreskuaren formak ere arreta piztu du, Markina-Xemeinen, Zerutxu dantza taldean dantzatzen duten moduan dantzatu baitu. Azken urteotan agurra dantzatzeko egon den uniformizazioaren ondorioz hainbati arrotza gertatu zaio. Horren ardura dantzariona da, euskal dantzaren aniztasuna erakutsi beharrean, eredu bakar batera mugatzen ari baikara. .
.
Dantzan hasi eta pilotan hazi
Abel Barriolak ere pilotan profesionalki debutatzerakoan utzi zuen dantza. Leitzako Aurrera dantza taldearekin aritzen zen Barriola, eta Leitza bertako ezpata-dantza ez ezik, gogoan zituen Lesaka eta San Migelekoa ere. Pilotari ematen zion intentzio bera jartzen zuen hanka altxatzen Barriolak, eta horrela, “saio batean kristoren zaintiratua izan nuela hanka altxatuta. Orduan erabaki nuen uztea”. Buruz buruko finala jokatu bezperan eskainitako elkarrizketan aritu zen dantzaz Abel Barriola eta hain zuzen “Dantzan hasi eta pilotan hazi” titulatu zuen artikulua Enekoitz Telleria kazetariak. Dantzaren onuren kontzientzia agertu zuen Barriolak: “Ni seguru nago dantza ume batentzako oso ona dela, koordinazioa-eta hartzeko. Beste dantzari on bat Arretxe omen zen, erraztasuna ematen du, beti izango da baldarragoa dantza egin ez duen norbait egin duena baino”. Izan ere, ohikoa izan da Luzaiden bolantak dantzatzen ikustea Fernando Arretxe, buruz buruko txapelduna izana.
.
Txirloiaren triatloia
Andoni Aretxabaleta, Abel Barriola, Fernando Arretxe… Pilotari dantzarien edo dantzari pilotarien gaia berpiztu du egunotan Andoni Aretxabaleta pilotariak Aimar Olaizolari dantzatu dion aurreskuak. Aretxabaletaren aurreskuarekin gogoratu gara Iker Tainta pilotaria ere duela lau urte Lesakako plazan aurreskua dantzatzen ikusi ahal izan genuela.
Futbolari dantzarien eta pilotari dantzarien adibideak honako sarrera honetan biltzen joan gara. Eta bada horien artean hiru diziplinak, futbola, pilota eta dantza, maisuki batu zituena: Satur Arriola Txirloia. Realean jokatu zuen, pilotan makina bat partida jokatu zituen bai Astelenan, bai beste zenbait frontoitan eta aurreskulari trebe eta txapelduna ere izan zen. Lorpen bitxiena egun berean egindako triatloi berezia, goizean aurresku txapelketa irabazi, arratsaldean futbol partida eta gauean Astelena frontoian pilota partida jokatu baitzuen.