Tubacex: Ezinezkoa omen zenaren aldeko borroka

Tubacex –

Lortu dugu. 236 greba egunen buruan Tubacexeko langileok urriaren 5ean lanpostuetara itzuli ginen, lankideen txalo, bengala eta poz oihuen artean. Une benetan berezia izan zen, orduantxe lehertu baitzen hainbeste egun gogorretan bizi izandako emozioa.
Tubacex
Arg: Iñaki Montes

Zortzi hilabetez borrokatu gara, gau eta egun, une oso latzekin. Esaterako, oso gogorra izan zen kaleratuen zerrendan zeuden lankideei deitu behar izan genien momentua, albistea zuzenean eman behar izan genielako. Baina une horietan ere pertsona horien adorea geratu zen agerian, keinua eskertu eta borrokari eusteko esaten baitziguten. Ertzaintzaren miaketak eta kolpeak ere jasan behar izan ditugu, enpresako zuzendaritzak polizia pribatu moduan erabili baitu. Ni neu ere arakatu ninduten ertzainek, gaizkile baten pare, eta ez lankideen postua defenditzera zihoan ordezkari gisa. Areago, Juan Ugarte SEAko zuzendari nagusiak leporatu zigun “mafia siziliarrak” bezala jokatzea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak argi utzi arren kontuak faltsutu zituen bakarra enpresa bera izan zela.

Gu hondoratu, probokatu eta zatitu egin nahi izan gaituzte. Baina irmo eta koherentziaz erantzun genuen. Lehen unetik genekielako zuzendaritzak pandemia baliatu nahi zuela lan baldintzak behin betiko kaskartu eta langileak kaleratzeko. ELAko kideok geure gain hartu genuen erantzuna antolatzeko eta zuzendaritzari aurre egiteko erronka. Kaleratze bakoitza drama bat baita. Horregatik ekin genion grebari, kaleratu guztiak berriz onartu arte etsitzeko asmorik gabe. Eta 236 egun igarota lortu dugu.

Funtsezkoa izan da lantaldearen antolakuntza eta mobilizazio historikoekin bidelagun izan dugun eskualdea. Esker ona besterik ez dugu adierazteko Aiaraldeko zein Euskal Herriko hainbeste enpresa batzorderi, elkarteri, dendariri… erakutsi diguten babesagatik.

Era berean, gure sindikatuaren esperientzia eta koordinazioa ezinbestekoa izan da borrokak iraun zezan. ELAko 100.000tik gora afiliatuei eta euren kuoten ekarpenekin hornitutako erresistentzia kutxari esker iraun ahal izan du grebak; gatazkari eusteko ezinbesteko tresna baita erresistentzia kutxa. Gainera, nabarmendu beharrekoa da zerbitzu juridikoek eta bulego ekonomikoak egindako lana: erabakigarriak izan dira enpresaren argudioak gezurtatzeko eta zuzendaritzak kontuak faltsutu zituela agerian uzteko.

Grebari eusteko gai izan ginen baita EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia indargabetu zezakeen helegitea mahai gainean genuela ere, Madrilgo epaileen eskuetan utz zezakeena lankideen kaleratzea. Oztopo guztiak gainditu eta grebari eutsi genion, ordea, batzuen esanetan ezinezko omen zena lortu arte: helegitea eta 128 kaleratzeak erretiratzea.

Egia da grebari amaiera eman zion akordioak badituela inkoherentzia nabarmen batzuk, hala nola, lanaldiaren luzapena. Izan ere, nahikoa lanik ez ei genuela zioen enpresak orain lan ordu gehiago eginaraziko dizkigu, eta 2022tik 2024ra arte ez da soldata igoerarik izango. Neurri horiek, baina, behin-behinekoak dira eta epe hori bukatuta ohiko lanaldira itzuliko gara eta soldatak berreskuratzeko borrokatuko gara. Azken batean, behin-behineko neurriok onartu behar izan baititugu gure helburu nagusia lortzeko: guztiok lanera itzultzea, frogatuz Tubacexen inor ez dagoela sobera.

Gainera, ELAren erabakia afiliatuen batzarrak hartu zuen, hots, greba babestu zuen kolektibo nagusiak; aurrez adostutako prozesu demokratikoa dela medio beroni baitzegokion greba amaitzeko erabakia noiz eta zein baldintzapean hartu.

Halaber, Tubacexeko borroka ezinezkoa izango zatekeen gure familien babesik gabe; ulertu gaituzte eta erabateko sostengua eman digute. Mila esker gure afiliatuei, lantaldeari eta eskualde guztiari. Era berean, eskertu nahi dut ELAren atal sindikaleko nire kideek egindako lana, beti irmo eta diskurtso koherente argi batekin: hemen inor ez dagoela sobera.

Borrokak beti merezi du. Horregatik, guztion garaipena da Tubacexekoa.

Tubacex  Tubacex

ELAko delegatua eta Tubacexeko enpresa-batzordearen bozeramailea

3 pentsamendu “Tubacex: Ezinezkoa omen zenaren aldeko borroka”-ri buruz

  • Txapela kentzekoa, zorionak langile borroka, solidaritatea eta kolektibotasunaren garrantzia historia zirela zirudienean… Zorionak! https://youtu.be/MKzoVrAjTe8

  • Eskerrik asko zuen borrokagatik,
    erreferentzia mundiala da gaur egun Euskal Herriko langile klasea.
    Zorionak!!
    Gora langile klasea!!!

  • Amonamantangorri 2021-11-01 04:57

    Bejondeizuela. Eskerrik asko. Greban ez ei zen bakarrik ELA egon. Edonola ere, ondo. Zorionak.

    Irakurri al duzue Arantza Tapia lehendakarigai-gaiak El Correo Españolen esan duena? “La huelga de Tubacex ha hecho DAÑO REPUTACIONAL a todo el país”.

    Ez dakit nork esan zuen nazio ororen barnean bi nazio bizi direla, goikoak eta behekoak. Arrazoi zuen eta hau adibide garbia da. Nazio berean bizi gara, baina ez dugu nazio bera.