OBABA FILES (5): Villiers konexioa
Inauteetan konexio berezi bat sortzen da mozorroa eta mozorrotuaren artean. Horrelako zerbait gertatzen da ipuin plagiatuetan ere. Atxagak Villiersen ipuinetik berea sortu eta bi organismoek –emailea eta hartzaileak- nerbio sistema bat partekatzen dute.
Zaragozako ziega Himalaiako izotz pitzadura bihurtu da.
Desplazamendu bat dago ipuin baten garaitik bestearen garaira ere. Operazioa ez da erabat aseptikoa. Kontu osoz eginda ere, emaileak eta hartzaileak elkar kutsatzen dute. Bi-biak aritzen dira, zein bere aldetik, hartu eta ematen. Villiensen aldean Jainkotiar Justiziatik abiatzen dena mendeku pertsonaletik abiatzen da Atxagaren aldean.
Mendekua –esaten denez-, hotz zerbitzatzeko platera. Eta Jainkotiar Justizia. Hau ez da Gizatiar Justizia bezala itsua, aurre-juzkurik gabea. Berak dena badaki. Ez du ezer frogatu beharrik. Baina bera ere ezin da mendekua izan. Beste zerbait da. Hutsezina.
Gogoratu Poe-ren Putzua eta pendulua ezaguna. Preso bat Inkisizioaren ziegetan, modu sofistikatu batean torturatua.
Erkatu Villiersen Itxaropenaren tortura ipuinarekin. Paralelismo eta dibergentziak amaieran biltzen dira: biak ustekabeko besarkada batekin ixten. Bat salbatzaile, bestea kondenatzailea. Poerenean, armada frantsesa Toledon sartu da, eta presoa askatuko du, azken unean.
Botere, kontrol eta sofistikazio puntu horretaraino iritsitako Inkisizioak nola ez du etsaiaren mehatxua neurtu? Ez du ziurtatu bere mekanika ezinago zehatzak izango duela tortura-lana bukatzeko beta. Jainkoaren fedean eta fidantzan.
Villiersenean, berriz, Inkisizioaren boterea ez dago kanpotik mehatxatuta. Dena du kalkulatuta, dena kontrolpean… erreferentzia nagusia izan ezik. Azken helburua.
Alegia: zer lortu nahi du Espainiako hirugarren Inkisidore Orokorrak? “Baina, ene semea” esan dio presoari. “Utzi nahi gintuzun, salbazioaren bezperan, agian?” Benetako salbazioa: arimarena. Nola lortu hori ziegako atea irekita utzita? Ihes egiteko tentazioa. Itxaropena. Inkisidoreak berak tortura bihurtua.
Anbiguotasuna sartu da, azken batean, bere burua Jainkoaren besotzat duen baten jokabidean. Eta edozein tentazio senti dezake –gizakia izaki-, edozein bekatu egin, bere misioa anbiguo bihurtzea salbu.
Beraz, Villiersen ipuinean, Pedro Argües inkisidoreak maneiatzen ditu –Jainkoa lagun- Aser Abarbanel errabinoaren patuaren hari guztiak.
Ordea Atxagarenean Mathias Reimz mendizaleak itxoin behar izan du, hilabetetan, adulterioaren lekuko isil, Mendiak mendekurako abagune egoki bat eskaini dion arte.
Mendiak eman behar omen du, halaber, azken hitza: “Ni ez nauk nor, Phil”.
Kontua da Math gezurretan dioela hori. Bere esku hartu du Philen patua. Ez dago jada Mendiaren esku: “Hik badakik zer esaten duten mendigoizale askok, aurrenekoa Mendia dela, eta gero gainerakoak. Baina nik ez diat holakorik uste. Nik neure emaztea jartzen diat gailurrean. Orain arte behintzat hala izan duk beti.”
Egia da pasarte hori kendu egin zuela Atxagak gaztelaniazko bertsioan. Eta beste hau aldatu: Tamgn sherpa zaharrak Vishnu jainkoari otoitz egin dio, Math babes dezan, ustez Phil erreskatatzera doanean, gau gorrian. “Vishnu jainkoaren babesa ziurtatu nahi zion hartara.” Erdarazko bertsioan ziurtasun hori opa baino ez da: “Que tuviera suerte, que el gran Vishnu le protegiera.”
Aldeak alde, Villiersen ipuineko Jainkoa eta setakeria, fede eta fanatismoa lausotu egin dira.
Atxagarenean, pitzaduran behera erortzen doala, Philek bere patua ulertu du. “Oso gaizki zegok Mendiari tranpa egitea, Phil” aditu du, Mathen bultzada jasotzeaz batera. Baina, itxaropen azken hatsari eutsiz, agian “Argia” pentsatu. Egunsentia dela, espedizioko kideak agertzear direla, Tamngek gidatuta. Oraindik sokak lotuak dituela. Erorketa gera dezaketela, eta airean mantendu, erreskatea iritsi artean.
Pitzaduran behera salto egitean, Mathek bere patua berretsi du. “Oso gaizki zegok Mendiari tranpa egitea, Math.” Egunsentia. Espedizioko kideak agertzear dira, Tamngek gidatuta. Eta Phil sokei lotuta dago oraindik. Philen gorputzari eutsi edo ez, bere hilotza erreskatatu nahi izango dute, eta ez dute behar bezain hotz aurkituko.
Koartada bat asma dezake? Phil salbatzeko lanetan ezbehar berri bat gertatu dela? Gau osoa eman du Mathek, zero azpiko berrogei gradutan, Philen esperantzaren tortura dastatzen. Bizirik badago, oraindik, Phil traidoreak ikusiko du Math heroia bere gainean amiltzen.