Zarauzko portua ttipitzen duen itsasoak

Lekuko ginenok ez genuen sinisten, ez baitzen sinistekoa. Goizeko bostak emanda iritsi ginen Myriam eta biok Balea kale inguruetara, oraindik makarrak begietan eta maindireen pegamentoa azalean. Eta olatu batek eman zigun ongi etorria Batzokiaren eta Dada tabernaren erdian dauden eskilaretan gora; trumoi hotsa lehenik, zart gero! Emakume bat lurrera ziplo. Bapatean joan zitzaizkigun nagiak, urarekin batera, malekoian behera, itsasoak irentsita.

 

Ikaragarria baino gehiago izan da asteburu honetan kostaldean bizi izan duguna. Inoiz ikusi gabekoa. Baina argi! ez baitiot nik, ez baitio gazte moko batek, berton orain bizi den inor baino lehenago zegoen Zarauzko Portuak berak baizik. Balea kalea igaro eta pausoa arinduta iritsi ginen Dukeneako terrazetara. Jendetza zen bertan, parrandero pasatuak eta gu bezala jeiki zen jendaila, baina denak flipetan. Ez zegoen malekoirik. Surf egin zitekeen farola artean. Eta olatu bakoitza zen aurrekoa baino handiagoa, orduerdi inguru geratzen zelarik, mareak gorena jotzeko. Arrivati izozkitegia dagoen Bañeru kaleko aldapan gora zihoazen itsasoaren ukabilkadak, karretera jenerala igaro eta pareko etxeko murruan jotzeraino.

Ezin genuen sinistu, berriro diot. Eta 300 metro ingurura Munoa plazan ur eztandak ikusten genituen, eta urrunago olatuak Zarauzko Portuaren gainetik igarotzen. Extremoa. Halako batean olatu batek gu geunden terraza busti zuen (Malekoia baino 4 metro gorago…), eta ulertu genuen abixua. Handik irtetzera gindoazela, lagun batek eman zigun notizia: “Portua bera eraman dik itsasoak, eta olatuak galtzadatik zihoazak!”. Ezin galdu halakorik.

Zarauzko Portuari 1880. hamarkadan eman zioten atzo arte zuen itxura, 1872ko gudu karlistan  suntsitu ostean. Beraz 134 urtez zutik iraun du itsasoak bart goizean suntsitu aurretik. Hona hemen bi argazki 1950. hamarkadakoak.

Bi aldiz pentsatu gabe, Getariarako errepidean Zarauzko sarrera egiten duen Narros jauregiko zubira abiatu ginen, kontatzen zigutena egia zela berrestera. Danteskoa zen hura. Mutxioko aparkalekutik zetozen autoen erretrobisoreak, egurrak, batek daki nongo farola baten kondarrak… denetik zegoen botata. Haurtxo ginela udan arrantzara joaten gineneko barandilla eroria lurrean…. enfin, eta Portuko horma botata, gudu karlistetan gertatu antzeko. Itsasoak ez zuen portuaren kontra talka egiten, itsasoa gainetik pasatzen zen. Portua ttipitzen zuen literalki. Harrigarria zen zeinen kakanarrua zirudien kaiak. Are gehiago, errepidearen gainetik zihoan, parrokiraino iristeko.

 

Atera zuek kontuak. 

Hurrengo arratsean alerta laranja zen deitua, eta egunez guztia hobe ikusiko genuelakoan, Mutxio aldera joan ginen kamera eskuan. Ez zen inondik inora gauean bizi izan genuena errepikatu, baina honako irudiok harrapatu genituen, eta berton argi geratzen da gertatu zena. Alderatu bestela bideoa goikaldean jarritako portuen irudiekin.

Gazte moko honek horrela bizi izan zuen hondamendia. Gazi-gozo, hamaika izan zirelako kalte materialak jasan zituztenak, eta inor ez zelako hil, mirakulua badirudi ere. Eta penaz, Zarauzko Portua eraman zuelako itsasoaren mozkorraldiak. Bide batez, zoriondu behar ditut Zarauzko Udaleko langileak eta Udal Gobernua, ahal zen heinean, ederki kudeatu zutelako inork espero ez zuen hori.

 

Ekaitza bainuontzi batean