Krisi bat kudeatzea komunikatiboki (apunte azkar batzuk, Pasaia-Trintxerpeko kasuan oinarrituta)

sutea

Pasaia-Trintxerpeko sutearen kudeaketan bizitako esperientziatik krisien komunikazioari buruzko ohar batzuk:

  • Krisia eragin duen arazoari aterabidea ematea da helburua. Baita komunikatiboki ere (ez, komunikazioarena ez da agitazioa egitea). Komunikazio estrategia eta baliabide onenak izanda ere, krisia eragin duten motiboei aterabidea ematen ez bazaie, komunikazio saiakera malabarismoak izan daitezke.
  • Rolen definizioa: Nork egin behar du zer? Zer espero dugu bakoitzarengandik? Zein dira, Pasaia-Trintxerpeko kasuan, udalaren, Foru Aldundiaren, Jaurlaritzaren, herri eragileen, alderdi politikoen egitekoak? Bakoitzak bere rola eta egitekoa zein den argi izatea komeni da: eta rol horri erantzutea komunikazioak, horrek zehaztuko baitu noiz, nola eta zer esanez atera behar duen subjektuak.
  • Noiz eta zenbat komunikatu? IM Granadosek une oroko komunikazioa lehenesten du. Eta ados egon naiteke irakurketarekin, baldin eta, nori eta nola komunikatu zehazten bada. Kaltetuekin une oroko arreta eta komunikazioa izatea beharrezkoa da. Baina nola erantzun hedabideek dituzten behar komunikatiboei? Eragileek krisia kudeatzeko diseinatutako estrategiei eutsi behar diote ala komunikabideen beharrei erantzun behar zaie? Lehenak bigarrenen beharrak kontuan izatea garrantzitsua da (notizia kubritu beharra beste bitarteko batzuetatik estaltzea bilatuko dutelako medioek, frogatu den bezala). Halere, oinarria da: hobetsi kalitatezko komunikazioa, eta ez kuantitatiboa.
  • Ez galdu narrazioaren haria: alegia, zer gertatu da, zein da konponbidea, ze urrats eman behar dira horretarako. Gerta liteke, uste baino ohikoagoagoak dira, hari nagusikoa ez den gertakari, ñabardura edo zehaztasunen batek hartzea protagonismoa. Ondo dago, ezarri dugun estrategiaren baitan, gertakarien narrazioa = sekuentzia komunikatiboa logika indartzea, eta ñabardurei hazteko aukerarik ez ematea: arazoa zein den gogoratu, zer egin den azpimarratu eta hurrengo pausoak zein izango diren iragarri. Ahalik eta gutxien utzi zoriaren edo inprobisazioaren arabera: zedarritu den planari atxeki.
  • Krisian gobernuaren konfidantza dago jokoan. Bozeramaletza eta erreferentzia lanak egingo dituen pertsona egokiak hautatu. Bermatuta dagoena iragarriko du, baina sinesgarritasuna beharko du adierazi behar duenak. Ezin da promesa faltsurik egin, bere aurkara itzuliko direlako.
  • Lehenetsi zure komunikazio bitartekoak: kaltetuekin aurrez aurreko harremana, arretarako bulegoak, web orria (hutsunea hemen izan dugu Pasaian), sare sozialak… Ahalik eta informazio gutxien utzi interpretagarri, anbiguo, eztabaida politikora zabalik.

Ez naiz sloganen zale, baina krisi bat (gertakari pertsonal larririk ez badu izan bederen, eta Pasaian egoera zaila izan arren, ez da hildako eta zauriturik gertatu), gauzak behar bezala eginez gero, indartuta ateratzeko aukera bat izan daiteke.

 

(Jatorrizkoa nire blogean)

krisia, kudeaketa, pasaia, sutea, trintxerpe
Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude