OBABA FILES (1): Klaus Hanhnen egutegia

Buchholz-1

2013ko abenduan gara. Durangoko Azokako igande gauean, astelehen gorria gure zain. Dagoeneko bukatu dira, naski, Obabakoak liburuaren irakurraldi kolektiboak ere, 25. urteurrenaren kariaz.

Horregatik, hartu dut liburuko ipuin batzuen irakurketa partikular baterako txanda. Ipuin ezagunak izaki, eta arrisku txikia dagoelakoan spoilerrekin hanka sartzeko –euskal irakurleon artean-. Aski arriskua dugu, bestela ere, hanka sartzeko, 86 Superagentea, Clouseau, Mortadelo edo neure moduko agente espezialok.

Aurten, astelehenarekin suertatu zen irailaren 2a, Klaus Hanhn ipuinean bezala. Ez da urtero gertatzen, esan gabe doa. Zazpi urteko zikloetan ere ez. Atxagak ipuina idatzi zuen urteetara atzera eginez, 1985ean suertatu zen, eta gero sei urteren buruan, 1991ean. Ordea aurreko hamar urteetan ez zen hala egokitu, 1974ra arte.

Baliteke Klaus Hanhn ipuina aurreko urte batean kokatuta egotea ere –1968, 1963, 1957an…-. Hanburgoko aireportua hegaldi komertzialetara ireki zenetik, behintzat. Edo ondoko urte batean. Ez da hain aspaldi Dortoken irla –berdin Haiti, Costa Rica edo Fiji uharteetakoa izan- ireki zela turismora.

Nolanahi dela, ipuineko erreferentzia historiko eta biografikoak aski lausoak dira. Klaus Hanhnen karrera hiltzailea –anaiaren heriotza alde batera- aspaldi hasi zela dirudi, eta bankariaren familiaren hilketekin bukatu zela. Baina hori ere ez da argi geratzen.

Argi dagoena, biharamunean irailaren 2a dela, astelehena. Zazpi aldiz gogoratzen da data hori, ipuinean zehar. Beraz, bezpera igandea zen, Klaus Hanhn lanetik libratzen zen asteko egun bakarra –ezin zen hainbeste kexatu ere, ogi banatzailea izaki, igandeak beti libre izaten; beste lankideren batek ez zuen hainbesteko suertea izango-.

Galdera: nora deitu zion Klaus Hanhnek bankariari, honen etxetik? Familia bertan bahitu eta gero. Aspalditik planeatuta zeukan bezala. Bankura, igandez?

 

P.S.: Obaba filmean 1987. urtean kokatzen da istorioa. Azaroaren 13an, larunbata. Eta ez Hanburgon, Iruñea izan daitekeen hemengo hiri batean baizik. Protagonistak Klaus Hanhn ez, Lucas Pellot izena du. Eta okina ez; Paraiso izeneko supermerkatu bateko zerbitzaria da.

Bitxia. Iaz egin zuen Atxagak Katuak eta paradisua errezitaldia, Jabier Muguruza lagun zuela. Pasarte batean kontatzen du zer gertatu zitzaion erloju-iratzargailu batekin. Ametsean sartu zitzaiola, animali baten antzo. Hain zuzen Klaus Hanhni bezala. 

Errezitaldia –DVDko liburuxka zuzen badago- astelehen zuri batean egin zen. Iaz, esan bezala. Irailak 3.