NORI saldu diote euskara batua?

NORI saldu diote euskara batua? –

Xabi Payaren gidoiarekin eta Patxi Gallegoren marrazkiekin argitaratu du Bertsolari aldizkariak NORI komikia… eta bai, droga gogorra da. 

NORI saldu diote euskara batua?

Marrazkilari jaunarentzat NORIren gauzatzea izan da azken hilabeteetan izan duen jardun nagusia, eta leher eginda amaitu omen du, batzuetan gidoilaria akatzeko sen basati eta guzti: “Xabiren gidoiek asko eskatzen diotela marrrazkilariari, sekuentzia bakoitza ebatzi beharreko ekuazio baten antzeko zerbait delako, baina irakurle gutxi batzuk liburu honekin plazer apur bat sentitzen badute ahalegin guzti horrek zentzua izango du”.

Zeren eta, bai, NORI komiki bat da, eta komiki baten gisan irakurri daiteke, arin, fite, arrapataka. Baina Xabi Payak ohartarazi zigun: “NORI surfeatu daiteke, baina urpean arakatu ere”. Orrialde bakoitzean minutuak eta minutuak igaro ditzakegu, marrazki baten esanahia eta esaldi baten bigarren zentzua hirugarrenez interpretatzen.

“Nori saldu diote euskara batua?” galdera du oinarri izenburuak, obraren abiapuntua ere horixe baitu: fikziozko mundu batean, Euskara Batua patentatu egin du ezkutuko norbaitek, baita euskara zuzentasunez erabiltzen ez duten hiztun guztiei isunak eta zigorrak jartzea erabaki ere. Modu berezian aukeratutako detektibe bik iraganera bidaiatu eta euskara salbatzeko misio konplikatuari heldu beharko diote. Bidaia horretan ezagutu dituzte Resurrección María de Azkue, Elbira Zipitria, Miguel Unamuno edo Sabino Arana, eta bisitatuko dituzte Eusko Ikaskuntzaren sorrera, 1967ko Bertsolari Txapelketa edo Euskara Batuaren sorrerako Arantzazuko biltzarra.

NORI saldu diote euskara batua?Eleberriak azken ehun urteetako euskararen historia soziala du oinarri. Protagonistak euskal kulturako aurpegi ezagunak dira: Itxaro Bordaren itxurako Amaia Ezpeldoi detektibea eta Hasier Etxeberriaren isla bizia den Damian Arruti entomologoa. Biek euskararen egungo identitatea ezaugarritu duten aurreko mendeko hainbat une eta gune bisitatuko dituzte iraganerako bidaian.

Damian Arruti “Eulien bazka” eta “Mutuaren hitzak” eleberrietan jaio zen Hasierren eskutik, eta ZuZeuko kideoi ilusio berezia egin digu Hasier berpiztuta ikusteak, ikerketan, nahasmasan, saltsan…

Detaileei erreparatuz gero, irakurleak asko, asko gozatuko du. Lehenengo aldian nahiko bixi irakurtzen da, eta hirugarrengoan, noski, gauza berriak agertzen dira oraindik, “sekuentzia bakoitza ebatzi beharreko ekuazio baten antzeko zerbait delako”…

Goenkaleko pertsonaiak, hamaika musikari, Gorriti (margolaria ez, animaliekin festetan ibiltzen dena), idazleak, Matrix, Anjel Alkain, Jone Uriaren eta Pedro Migel Etxenikeren zientzia eta bertsoak, Dragoi bola, Arantzazuko biltzarra eta H-aren inguruko nahaste-borrastea, sexu eszenak, Euskaltzaindia, Star Wars, Bilboko jaiak…

Puf, tumatxa. Irakurri eta baloratu zuek. Komikia Bertsolari aldizkariaren postuan egongo da Durangoko Azokan zehar, eta hortik aitzin webgunean edo Elkarren dendetan erosi ahalko da.

Spoilerrik egin gabe, aurreratu daiteke nori ez dioten saldu euskara batua…

NORI saldu diote euskara batua?

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.