Klima-aldaketa: ezin estali bi buru txapel batekin

Klima-aldaketa: ezin estali bi buru txapel batekin –

Klima-aldaketa: ezin estali bi buru txapel batekin

Esaera zaharrek badute indarra, badute jakinduria, eta badute gaurkotasuna. Beti izan naiz oso zalea; eta gehienetan guk baino askoz argiago hitz egiten dute haiek, baita klima-aldaketaz ere.

Antza, orain Madrilen hortaz ari dira –lehen Parisen aritu ziren–, buelta eta errebuelta, politikariak, ikerlariak eta gainontzekoak, klima-aldaketa gora eta behera. Hedabideetan ere jo eta su goi mailako bilera horrekin, nazkatu arte.

Bai, nazkatu arte, ezin delako bi buru txapel batekin estali. Ezin da klima-aldaketaz jardun ustezko kezka batez, eta hori elikatzen dituztenen iragarkiak zabaldu. Ezin da hegazkinez bidaiatu munduan zehar klima-aldaketaren aitzakiaz. Ezin da planetako edozein bazterretan txikizioa barreiatu eta energia berdea saldu. Ezin da auto eta bestelakoen baterientzako litioa eta abarrak ustiatu CO2aren aitzakiaz. Ezin da ekarri soja ekologikoa –eta kimikoa– planetaren beste puntatik hemengo okela edo tofu ekologikoak –eta industrialak– ekoizteko. Ezin da erraustegi planta bat egin, eta birziklapenean jaioak garela esan. Ezin.

Barkatuko didazue baina ezin ditut horiek guztiak irentsi, ez baitira bateragarriak, ezin egon esaldi berean, ezezko esaldia izan ezean. Zerrenda osatzen dute aurreko paragrafoko elementuek; alde batetik daude kapitala, hegaldiak, energiaren multinazionalen irabaziak, petrolioaren balizko ordezkoen ustiaketa, elikadura industrial eta globalizatua –kolore guztietakoa, baita berdea ere– eta erraustegi plantak. Eta bestaldetik, bada horiek zuzentzera letorkeen beste zerrendarik? Zeintzuk leudeke balizko zerrenda horretan? Ez dut zerrendarik, hitz bakarra baizik: DESAZKUNDEA.

Mundua heldu den egoerara helduta, ez dago besterik, gurpil-zoro horretatik atera egin behar dugu. Beste edozer adabakia litzateke, gurea zuritzeko eraikitako aitzakia bilduma. Adabakiak atzeratu egingo du, atzeratu; halere, amaiera etorriko egingo da. Agian gu libratuko gara –agian–, eta gure seme-alabak edota bilobak? Haiek ez, ez dute aukerarik izango. Ez dakit argi dagoen begiak ezin ditugula paratu ekonomian eta BPGean jarri, baizik biziraupenean –indibiduo eta espezie bezala–. Uste dut ezetz.

Ez dakit herritarrok zer gaitasun daukagun aginte makilak dituzten horiengan eraginik izateko –errealitateak ez dit esperantza handirik ematen, eta askotan kapitala atzean egonda are gutxiago…–, baina argi dut ezin garela haien zain egon, eta erabakiak hartu egin behar ditugula. Orain.

Aspaldian egiten diot uko zenbait iragarki entzuteari, ezin jasan. Bukatu egin dira hegaldiak, bai, bukatu. Argindarra ahalik eta gutxien kontsumitu –noski, ez dago gabonetako argirik–, eta Goiener bezalako proiektuak indartu bestelako eredu energetikoak sortzeko. Garraio publikoa –ez dit balio AHTak– edo partekatuaren aldeko apustua –neurri batean, guk kale egin behar dugu, bizi garen tokian bizita, ez dago garraio publikorik edo autoa partekatzeko aukerarik; horietara heltzeko autoa behar, erremediorik gabe–. Elikadura ekologikoa eta bertakoa, eta elikagai horrek baldintza horiek betetzen ez baditu, hor bukatu da, ez jan, puntu. Ontziratutakoari ezetz esan, birziklatzea ez da nahikoa, ez dugu sortu behar. Bai, sortuta dago, baina gure poltsikoak ezin du hori babestu –euro bakoitzak ekintza politikoa du atzean, baita gastatzen ez denak–.

Erabakien errenkada luzea, oso luzea da … –luzeagoa beharko luke– hain joan gara urrun gure planetatxo hau ustiatzera, hain da handia eraiki dugun desastrea, ezen azkenerako geure burua itota akabatzeko arriskuan jarri baitugu. Izan ere, txapelak ez du ematen bi buru estaltzeko.

Klima-aldaketa: ezin estali bi buru txapel batekin

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN