Eta hortara goaz

Eta hortara goaz –

Eta hortara goaz

Frisian kontatu dute, Leeuwadernen1, hizkuntza gutxituen gaineko nazioarteko kongresu batean. Landa eremuan bizi diren gazte irlandarrek hiriburuetara alde egiten dute. Horrela jokatzeko arrazoia bat eta bakarra da: ibilbide profesionala garatzeko aukerak Dublin moduko hiri handietan dituztela. Baina Irlandako gazte horiek badute hizkuntzari dagokion bereizgarri bat. Irlanderaz gehien egiten den guneetan bizi dira, gaelera gehien hitz egiten den eremu geografikoetan, Gaeltacht izenekoetan. Gehienek gaelera dute etxeko hizkuntza. Baina hiriburuan nekez egin daiteke gaeleraz, Bilbon euskaraz nekez mintza daitekeen bezalaxe. Gazte horiek Dublin bezalako hiriburuetako lan aukerei heldu ahal izateko etxekoa duten hizkuntza bazterrean utzi beharrean dira. Landa eremuan lan egiteko aukera izango balute, bertan goxo egingo lukete, bertan geratuko lirateke eta gaeleraz egiten jarraituko lukete egunerokoan. Irlandako Gobernuak gero eta diru gutxiago bideratzen du landa eremua biziberritzeko. Horren ondorioz, landa eremuko komunitateak gainbehera bizi du gazteek bertatik alde egiten dutelako eta, gazteekin batera, hiztun komunitateak bizirik jarraitzeko aukera desegiten delako azukrea kafesnetan bezalaxe.

Ipar Euskal Herriko gazteekin gertatzen ari dena ez dago Irlandako egoera horretatik oso urruti. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gazte euskaldunak —etxetik euskaldun direnak eta asko baxoa arteko ikasketak euskaraz egindakoak ere badirenak— ikasketak bukatutakoan, bereziki unibertsitateko ikasketak amaitutakoan, maiz askotan, etxe ondoan ikasketa horiekin uztartzen den lanik aurkitu ezinik ibiltzen dira, Ipar Euskal Herriko egitura ekonomikoa oso mugatua delako.

Frantziako Euskal Herri kontinentalean, Espainiako Euskal Herri penintsularrean ez bezala, pisu handia du laborantzak. Horretan Irlandako Gaeltacht eremuetako egoerarekin badu antzik Ipar Euskal Herrikoak. Laborantzan diharduten langile aktiboen proportzioa % 6,7koa da Euskal Herri kontinentalean, 4.500 etxalde eta 9.000 laborarirekin. Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri txiki askotan erdiak baino gehiago dira laborantzan diharduten herritarrak. Euskal Herri penintsularrean, aldiz, % 1 baino gutxiago dira Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzan diharduten langile aktiboak eta % 3 inguru Nafarroan dihardutenak.

Frantziako Euskal Herri kontinentaleko gazteak frantsesez egindako unibertsitate ikasketak amaitzen dituztenean, lan aukeren bila, ez dira Espainiako Euskal Herri penintsularrera begira jartzen, Cervantesen hizkuntzan antolatua dagoen lan munduak uxatzen eta aienatzen dituelako. Gazte euskaldun horiek, jaiotetxetik urrun, lan aukeren bila, Frantziako hiri nagusietara ez ezik, nagusietan nagusi den hirira, Paris aldera ere joatera behartuak dira. Kimu berri horiek, hogeitaka urterekin, bizitza proiektua eraiki behar duten urte erabakigarri horietan, Euskal Herritik aldendu beharrean gertatzen dira. Eta hortik aurrerakoa asmatzea ez da zaila: lanean hasten diren hirian, bikotekide izango dutena ezagutuko dute eta lanaren eta maitasunaren arteko lotura horrek etxetik urruti dagoen hiri horretara lotuko ditu, eta sarritan, ondoren etorriko diren seme-alaben medioz, bizitza osorako. Horrela, bizitza proiektua Euskal Herrian eraiki ezin duten gazte euskaldun horiek galdu egiten ditugu euskararen herrigintzarako.

Garai batean etxean asebetetzen ziren gizakiaren beharrik funtsezkoenak. Etxe berean bizi eta egiten zen lan, etxea baitzen bizitoki eta lantoki. Garai bateko baserri-etxeetan asetzen zuen gizakiak, bizidun den aldetik, elikatzeko duen beharrik funtsezkoena. Sortzetiko behar hori asebetetzeko bidea da, atzokoa bezalaxe, gaur egungo beharra edo lana; eta, izanari estu-estu lotutako izena du gure euskaran: bizibidea. Garai batean lana bizitokiari edo etxeari lotuta zegoen; gaur, aldiz, ez. Gaur egun, bizitokia dago lanari lotuta: non bizibidea han, hiri hartan, toki hartan, izaten da bizitokia. Garai bateko baserri-etxeak euskararen gordailu eta pizgailu ziren, gaur egungo hiriak itzalgailu.

Euskaren hiztun komunitate sendoa eraikitzeko bide bakarra dago: bizitokia eta bizibidea etxean, Euskal Herrian izatea. Gure gazteak Euskal Herrian nahi baditugu, lan eta bizi bertan egin behar dute. Bide horretatik, Euskal Herri penintsularreko lan mundua euskaldunduko bagenu eta bertako enpresetako kudeaketa euskaraz egitera iritsiko bagina, gure Euskal Herri kontinentaleko gazteak ez lirateke Parisera begira jarriko. Aukera izango lukete Euskal Herri penintsularrean lan egiteko eta Euskal Herri kontinentalean bizitzeko.

Etxekotuta ditugun bi erdarek bi Euskal Herriak elkarrengandik aldentzen dituzte, askotan bizkarra emanda jarri arte. Elkarri begira jarri nahi baditugu, lotzen gaituen euskararen hari mehea derrigorrean indartu beharrean gara, hori nahitaezko dugu.

Arlo sozioekonomikoak euskararen biziberritzean duen garrantzia aztertu du Euskaltzaindiak Bilboko Merkataritza Ganberan egin berri duen 24. Jagon Jardunaldian. Bertan elkartutako eragile guztiek lan arloa euskalduntzearen giltzarritasuna hezkuntza arloa euskalduntzearekin parekatu dute. Hezkuntza eta lana elkarren osagarri dira. Euskaldunez osatutako gizartean euskaraz bizi nahi badugu, nahitaezkoa dugu laneko arlo guztietan euskara nagusitzea. Hori aho batezko aldarria izan da Euskaltzaindiaren Jagon Jardunaldian. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko instituzioetako hizkuntza politikaren abangoardiatik, euskararen aurrerabiderako egitasmo sendoak iragarri ditu lan arloan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere arlo sozioekonomikoan eragitea jarri du lau urteko agintaldiaren jomuga nagusi. Euskadiko Udalen Elkarteak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek eta hiru hiriburuek, Eusko Jaurlaritzarekin eta UEMArekin batera, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin paratu duten adierazpen instituzionalak horrela dio:

«Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita. Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarriaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik».

Elefantea ikusgarri bihurtu dugu. Oskorriren kantak dioen bezala: Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz, eta hortara goaz.

(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

1 Ben Ó Ceallaigh Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileak adierazia 2019ko maiatzaren 22an Frisiako Leeuwadernen Hizkuntza Gutxituen Gaineko 17. nazioarteko Kongresuko “Globalizazioa eta haustura: Gizartea, hedabideak eta kultura aniztasuna” mahai-inguruan. (“Globalisation and disruption: Society, media and cultural diversity”).

Eta hortara goaz

15 pentsamendu “Eta hortara goaz”-ri buruz

  • Akaso euskaldun guztiak baserrian bizi ziren lehen?

    Akaso duda daiteke zer erabakiko lukeen, Bilbo edo Paris, bizitzan anbizio pixkat duen ia edonork?

  • Beñat Castorene 2019-12-03 19:17

    Guziak ez bainan gehienak bai, dudarik gabe. Hiri tipietan edo phurguetan bizi zirenek, artisau, komertzant, apez eta eta notable tipiek ere harreman estuak zituzten baserritarrekin eta derrigorrez haiek eraginduak egon ziren luzaz.
    Lehen mundu gerlan hil zirenak, zeinen abizenak gure Herriko monumentu guzietan ikusten baitira, gehien gehienak oraindik baserritarrak ziren.
    Patxiren artikulu hau inportantea da, egiez mukurru betea bainan iduritzen zait diagnostikoan falta zaiola faktore inportante bat, alegia faktore politikoaren eragina. aldaketa sozio demografikoak ez dira nehundik ere bakarrik hobendun. Suposatzen dut ez zela hori aldi honetako bere gaia.
    Aldiz, Pako Arestiren, Berrian berriki agerturiko artikulu batek, harek, emaiten digu faktore poliko horen berri

  • Ba ni esango nuke euskaldun gehien-gehienak kalean bizi zirela, eta are Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Donostia hirietan, XVI. mendera arte behintzat. Gerora, hiri horiek eta herri handiak erdaldunduz zihoazela, herri txiki eta baserrietan kontzentratuko ziren euskaldunak, batez ere lehenengoetan, hau da, kalean. Iparraldean akaso diferentea izan zen. Hegoaldean baserritarrak etxagunak ziren, jabegodunak, kaletar gehienak iristen ez ziren klase ekonomiko batekoak, eta gehienez ere haien mendekoak biziko ziren haiekin baserrietan, zeinek demografia guztiz barreiatua agertzen zuten.

    “Laboraria ardura petzero balinbada, hiritarra maizago dela ziriko-piltzar!” (Gure Herria, 1931)

  • Barkatu, “niK esango nuke”

  • Benat Castorene 2019-12-03 23:07

    Garett, nahiz zaila zaitzun ulertzea egiazko euskal hiririk ez dugu euki Iparraldean.

  • Benat Castorene 2019-12-03 23:25

    Errekuperatu behar dut zuretzat Xahok 1850 inguruan horri buruz nunbait erraiten zuena ; Lapurdiko Donibane lohitzune izango zen beharbada haundiena. Beste guziak landa eremuko phurgu ttarotu batzu besterik ez.

  • Benat Castorene 2019-12-04 06:48

    Egoera hau, alegia, inportantziazko hiririk ez edukitzea, erresuma arrotz haundi baten eremu urrun eta isolatu bilakatua izaitearen ondorio zuzena zatekeen.
    Nafarroako erresuma sendo baten parte egon balire, pentsatzekoa da Maule Donapale Garazi eta Lapurdiko enparauak ez zirela kiskliduko Parisen kolonizazioaren pean kiskildu ziren bezala.

  • Akort, Beñat, hori dateke Euskal Herri kontinentalaren egoera, baina Euskal Herri osoa aintzat hartuta ezin esan daiteke deuskaldun gehienak izatez eta etorriz baserritarrak zirela gizarte tradizionalean.

  • deuskaldun –> euskaldun

  • Beñat Castorene 2019-12-04 14:47

    Euskal Herri osoa aintzat hartuta arrazoi dukezu, Garett.
    Iparraldearen deskribapena burutzeko:
    Nahiz herritik eta Lapurditik kanpo eta franko-gaskoi izan, mendeetan zehar erregeren eta gero errepublikaren boterearen egoitza zelako Baiona inposatua izan zaigu hiriburu administratibo eta politiko bezala herriko euskal hirigei guziei nausitzen zaiela.
    Hau ukatzea da kolonizazioa ukatzea bezala.

  • Diozunaren harira, ikusi al duzu, Beñat, CIAk 1977an egin mapa? Baiona EHtik kanpo utzi zuten.

    https://www.berria.eus/albisteak/174354/euskal-herriak-ciaren-arabera.htm

  • Beñat Castorene 2019-12-04 16:57

    Bai erenegun ikusi nuen, bi lagunek abisatu nindutelako. Ba ezdakit zergatik amerikarrek egin zuten karta hori bainan egia erraiten du. Horri buruz jadanik izan ginuen debate bat Zuzeuen, bizi bizia. Oso inportantea da konprenitzeko hemengo desastrea eta horren aurreko iparraldeko mugimendu abertzalearen ezgaitasuna.
    Iruzur hau xuritzen ez duguno estatu frantziarra lasai izan daiteke.

  • Kaixo Patxi!
    Lan munduak euskararen erabileraren berreskurapenerako (normalizazioa besterik da) duen erabateko garrantziaz ez dut zalantzarik. Baina, halako batean honakoa diozu: “Euskal Herriko instituzioetako hizkuntza politikaren abangoardiatik, euskararen aurrerabiderako egitasmo sendoak iragarri ditu lan arloan”. Eta jarraian, Herri-erakundeek egindako adierazpen instituzionala aipatzen duzu, eta horretatik hauxe azpimarratu nahi nuke nik: “Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarriaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik”…

  • “Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko instituzioetako hizkuntza politikaren abangoardiatik, euskararen aurrerabiderako egitasmo sendoak iragarri ditu lan arloan” irakurri eta burura etorri zaidana da, Eusko Jaurlaritza bada hizkuntza politikaren “abangoardia”… “erretaguardia” zer ote da?
    Abanguardia behar luke, branka, baina ez da. Ezta hurrik eman ere. Zamatik dauka gehiago motorretik baino, tamalez. Hori bai, kontsentsuaren izenean barku berean (Euskararen Aholku Batzordean adibidez) sartu ditu euskara desager dadin lan egiten dutenak (PSOE) eta euskalgintzako gero eta eragile gehiago. Noren kaltetan…?

  • Baina arnasa ia eten didana, erakundeon adierazpen instituzionalaren pasarte hau izan da: “Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarriaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik”…
    Bada, hori guztia “jakin baldin badakite”, zertan ibili dira erakunde horietako asko orain arte?
    Nola liteke hizkuntza politikaren “abangoardiaren” etxean (Eusko Jaurlaritzan, antza) lan hizkuntza espainiera izatea oraindik ere eta euskarazko ekoizpenaren %95 itzulpen azpikontratatuaren emaitza izatea?
    Eta zelan izan lei Jaurlaritzako sindikatu euskaltzaleekin (bi dira) euskararen erabileraren urratsak emateko prest ez egotea?
    Eta tresnarik oinarrizkoenak ere ukatzea edo garesti ordainaraztea?
    Hori da hizkuntza politikaren branka? Salbaturik gaude…