Nire lagun kontrabandista
Nire lagun kontrabandista
Hasier Etxeberria zendu berriaz idatzi du Eider Rodriguez idazleak Berria egunkarian.
Ez zara gogoratuko baina elkar ezagutu genuen egunean paperezko zapi zuriz inguratuta zenuen lepoa, zu elkarrizketatzailea eta ni elkarrizketatua, zu makillatzailearen eskuetan eta ni makillatua izateko zain.
—Gidoilari gazteak tematu direlako zaude hemen, nigatik balitz… Ipuin pare bat leitu dizkizut eta tira, ez zaizkit beste munduko ezer iruditu, gazte jende hau… edozerk epatatzen ditu!
Ondoren, mikroak jarri zizkigutenean, froga egiteko eskatu eta telebistan ikasitako nire «bat, bi, bai, bai, bat, bi» txatxuaren ondoren sartu zinen zu, eta ahoa ongi zabalduz eta ahotsa zuk bakarrik zenekien gisa modulatuz errezitatu zenuen: «Joxe Migelen batelan txitxarrua eta berdela, pa, pe, pi, po, pu, puta». Entrebista desastre hutsa izan zen, jakina. Zu jostalari eta ni hiena baten gisa.
Ez nuen berehala pentsatuko lagunak izango ginela, baina hala gertatu zen eta orain min dut.
Ezagutu ahala konturatuz joan nintzen beti gordetzen zenuela zerbait patrikan. Begi ertzetan ateratzen zitzaizkizun zimurrek eta irriari eusteko moduak salatzen zuten. Kontrabandista sena zenuen, ez ninduzun sekula engainatu, muga pasatzen dudan aldiro akordatzen naiz gasolindegi ondoko kamiolarientzako taberna-zuloaz, «inguruko menurik onena». Abegikorretan abegikorrena, mantala jarrita gidatu izan dituzu etxean bilerak, zu sukaldari eta gu bazkaltiar. Kontalari bikaina baitzinen, marmitakoaren sekretuak aletzen zenituen thriller bat kontatzen ariko bazina bezala, eta segidan, herri alu honek behar zituenekin eta ez zituenekin kateatzen zinen, xaxatuz, ertzetik, libre. Beti zerbait berria buruan, ekipoz aldatzeko erreparorik gabe. Maiz ez geunden ados, maiz jendea ez zegoen zurekin ados, baina plazera zen zurekin eztabaidatzea, dotorea zinen horretan.
Duela urte batzuk, Bartzelonako hotel bateko atikoan Paul Auster elkarrizketatzetik jaitsi ginela bakarrik gelditu ginen. Bazkalordua zen eta goseak geunden. Han ez zenuen txoko mitikorik ezagutzen eta bilatzeaz aspertuta, Cardhua zeukan lehenengoan gelditu ginen. Egun hartan, zure seme-alabez hitz egin zenidan, hainbesteko maitasunez eta kezkaz… hain zaurgarri sentitu zintudan eta ni hain ezgauza zu babesteko…
Azkeneko aldiz ospitaleko gelan ikusi zintudan. Zinenaren erdia zinen eta zure ahotsaren laurdenak baino ez zuen biziraun, eta hala ere, begirada hori, Hasier, inoizko begiradarik gardenena eta ederrena. Esan zenigun lasai egoteko, hiltzea zer zen bazenekiela, eta txorakeria galanta zela, «benetan», egun hartatik aurrerako guztia oparitan hartzen zenuela. Ez zen harropuzkeria izan. Berehala jabetu nintzen lehen aldiz ez zeneukala beste ezer patriketan.