Alua mundua!

Atzo hil egin nintzen >

Atzo hil egin nintzen

2016-8-09

Denboralea daroat biriketako infekzio larri batekin. Neumopatia bat. Esan liteke nire ezkerreko birika gibeldu egin dela eta airea behar zuen lekuan dena dela zakar, zorne eta odol. Antibiotiko artean nabil igeri, baina gaitzak handiagora egin du eta gaur dira kirurgiaz ingurua garbitzekoak. Desiratzen nago.

Atzo hil egin nintzenBai, desiratzen nago erdizka arnasten ibiltzea baino gauza tristeagorik zaila baita bilatzen mundu honetan: ezin lau eskailera igo, ezin erosketa zorro bati eutsi, lau pauso eman bakoitzean geratu egin behar arnasestuka, aldapa txikiena malda ikaragarri… Oinetakoak lotzeko makurtzen naizenetan, munduaren pisu guztia erortzen zait gainera itolarria eraginez. Halako eta antzeko kontuak lehendik ere entzunak nituen, baina beste batzuri beti, batez ere zaharrei. Orain, ordea, neuri egokitu.

Nire ortuak sasiak jandako Amazonas dirudi onenean behar lukeen urte sasoi honetan, ingurukoen begietan ikusten dut ai gaizoa, zein jota zabiltzan dioten begiradak, nitaz urrikaldurik. Eta txarragoak ere bai. Baina esan bezala, gaur gauean arnas apur bat gehiago edukitzeko esperantza daukat, egin behar didatenarekin.

Kontua da atzo itota hil egin nintzela. Apnean urpekari amorratua izan naiz umetatik eta badakit zertaz ari naizen. Egia esanda, lehenago ere hil izan naiz, pare bat aldiz, baina lehorrean arnastu ezinik itota hiltze hori, nire Beldur Nagusienetako bat izan da betidanik.

Pakistanen izandako bonba-atentatu negargarri bati begira nengoen telebistaren pantailan, afaldu berri, sofan eserita. Eztulka hasi nintzen, eztul eta eztul, zortzi-hamarren bat izango ziren, segur ez dakit. Biriketatik baino, tripetatik zetozen eztulak ziruditen, geratu ezinezko oldarrarakin. Eta eztulak airea erruz botatzea dakar, eta bota eta bota, ohartu nintzen ezin emango niola hari bueltarik, nik arnasa hartu nahi arren, gorputzak eztulka nahi zuen eta segitu: karkaxaren bat egongo zen nonbait trabaturik.

Eta halaxe ito nintzen eta konortea galdu eta burua hanka artera erori eta eskuetan nituen gauzak, tartean botila bat ur,  lurrera eta abar eta abar. Finean, ikuskizun negargarri bat, pentsa dezakezunez. Laguna ohartu zen arte. Hura hurbil izan ez balitz, ez zenuen lerrook irakurtzerik izango, hori gauza segurra da. Ez dakit nola, hark ekarri ninduen ostera mundura. Nire izena entzuten nuen urrutian eta halako batean bere aurpegia eta argi batzuk hasi nintzen ikusten. Itzulia nintzen mundura. Ieuup, lara!

Eta iruditu zait hau guztia behar nizula kontatu, irakurle, ez nire berri izan dezazun, baizik eta zeure. Beldurrik ez dela behar bat ere, hiltzea ez baita ezer. Ez eta lehorrean itota ere. Lo gozo bat baizik ez, nolaz eta trikuak egiten dakien neguan, bere baitara gozoki bildurik. Horixe.

Atzo hil egin nintzen

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)