NAPARRA kasu irekia

NAPARRA kasu irekia –

NAPARRA kasu irekia. Jon Alonso. Elkar. 2020

NAPARRA kasu irekiaBi gauzagatik gertatu zait oso garrantzizkoa eta hunkigarria ere argitara berri den Jon Alonsoren liburu hau; bata da Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparraren familia bidegabeki oinazetuari aitortza eta justizia poxi bat egiten diolako; eta, bestea, gure memoria kolektiborako pieza beharrezkoa delako.

Naparra desagertu zela berrogei urte igaro ziren ekainaren 11n. Gorpua ez da agertu, eta familiak berrogei urte hauetan era askotako ahaleginak egin ditu jakiteko zer gertatu zen, non hil zuten, eta non ehortzi edo desagerrarazi zuten, eta oraindik kasu irekia izaten jarraitzen du liburuaren egileak dioen bezala. Badaude ildo batzuk irekiak eta baliteke halakoren baten une egokia iristea zer gertatu zen jakitera heltzeko, nahiz oraingoz direlako ildo horiek geldirik dauden, behar bezalako bultzadaren zain.

Desagertu zenean, bi hipotesi nagusi egon ziren: 1. BVEko (Batallón Vasco Español) mertzenarioek hil eta desagerrarazi zutela Espainiako inteligentzia zerbitzuek agindurik eta ordaindurik, autonomo antikapitalisten lider teorikotzat jotzen zutena arriskutsutzat jorik, eta 2. ETA militarrekoek hil zutela komando autonomoekin zituzten ika-miken ondorioz, autonomoak burugabetzeko, nahiz autonomoek, teorian behintzat, buruzagirik ez izan.

Hipoteka politikorik gabeko familiak beti lehen hipotesia jo du sinesgarritzat. Egia da iraultzaile batentzat askoz ohoragarriago dela inteligentzia zerbitzuek ordaindutako mertzenario batzuek eraila izatea, ezen ez iraultzaileen arteko kontu-garbiketaren ondorioz.

Spoilerregia ez izateko ez dut salatuko liburu egilearen hipotesi nagusia zein den, nahiz hipotesi hori ere behin-behinekoa izan, eta ez tesia.

Arg: NAIZ

.

Familiaren desmartxak

Frantziako estatuak berehala itxi zuen kasua (1982), oso ikerketa gutxi eginda, talde armatuen arteko kontu-garbitze bat zela aditzera emanez, eta Espainiakoak 2004an, 1999an aurkeztutako kereila kriminala modu iraingarrian itxiz, esanez ez dagoela garbi desagertu zen ere; egon litekeela bizi-bizirik patxada ederrean nonbait.

Familiak laguntzaile leial batzuk izan ditu baina ez ezker abertzaletik, oro har, eta ez euskal instituzioetatik izan dute laguntzarik apenas, azkeneko bost urtera arte. Bien bitartean Naparraren gurasoak hil dira, baina Eneko anaiak, bere familiarekin batean ez du etsi, eta Genevan egoitza duen Nazio Batuen Borondatez kontrako eta Bortxazko Desagerketen Lan Taldeari esker, 2014an egoitza hartara bera bakarrik joanda, lortu zuen Nazio Batuen Erakundeak Bortxazko Desagertzearen Biktima izendatzea. Aurten berriz joan dira Genevara, iruzkintzen ari garen liburuaren egilea barne, eta berretsi diote aipatutako izendapena.

Izendapen horren garrantzia handia da. Familiari ematen dion kontsolamenduaz gain, aipatu dugun Bortxazko Desagerketen Lantalde horrek norbait bortxaz desagerrarazi dutela aitortzeko baldintza moduan jartzen du Estatu baten inplikazioa egotea, nahiz eta inplikazioa zeharkakoa izan. Horrenbestez, NBEk ez du zalantzarik egiletzari buruz. Gainera, izendapen horrek euskarri sendo bat ematen die gaiaz arduratu nahiko luketenei, nahiz eta Frantziako eta Espainiako estatuak orain arte gai horretaz ezer jakin nahi izan ez duten.

.

Irakurlea 1980ra eramateko ahalegina

NAPARRA kasu irekiaHementxe dago niretzat gorago aipatutakoaz gainera, liburuaren baliorik handiena. Joera handia dago printzipio etiko orokor ustez objektiboetara jota, goresmen edo gaitzespen erabatekoak egiteko, gauzak gertatu zireneko zirkunstantzia historikoei muzin eginik, lan hori hartu barik. Hilketak eta torturak eta tratu txarrak ez ditu testuinguruak justifikatzen, baina zerbait ulertzeko edo manipulazio errebisionistei horma sendoa jartzeko ezinbestekoa da gertakarien testuinguru historiko zehatzari albait gehien erreparatzea. Eta liburu honek horretan laguntzen du. Balio literarioko zatiak ere baditu, zintzurra estu-estu egiten dizuten horietakoak, egilearen esku literario trebearen erakusgarri. Liburuko zati batzuk aldaturik amaituko dut iruzkin hau, liburua irakurtzeko gomendioa eginik:

.

Testuinguru historikoa:

1980. urtea Estatu terrorismoaren eta talde ultraeskuindarren ekintzarik gehien ezagutu zuen urtea izan zen. Baita ETAk atentaturik gehien egin zuen urtea ere. Komando Autonomoak eta Iparretarrak ere jardun betean zeuden. Berrogei urte pasatu dira ordutik, eta, batek atzera begiratzen duenean, denak irreala ematen du.

Esan daiteke 1980. urtean belaunaldi oso bat zela, ia-ia, mundu hobe eta justuago baten utopian sinesten zuena. Belaunaldi hartako kide guztiek ez zuten armen hautua egin. Baina bai ehuneko esanguratsu batek. Eskuzabalenak eta gaituenak, batzuek esaten duten moduan? Odolzaleenak eta fanatikoenak, beste batzuek uste duten bezala? Ez da nire asmoa hori ebazten saiatzea, ezta gutxiagorik ere. Baina iparrik gabeko fanatiko odolzale batzuk baino askoz ere gehiago izan ziren. Biktimak eragin zituzten, egia da, baina biktimak izan ziren haiek ere, ez gutxitan. Eta ez ziren biktimak eragin zituzten bakarrak, ez horixe.

Historia pendulu baten antzera mugitzen da, eta orain, ordukoarekin alderaturik, esan daiteke penduluaren ibilbidearen beste muturretik gertu-gertu gaudela. (42 or.)

.

Memoria inklusiboaz:

Memoria inklusiboa denbora batetik hona gure artean indarra hartzen ari den kontzeptua da, Foro Sozialak eta bestek bultzatuta. Gure herrian eraiki behar den bizikidetza demokratiko sendo batek behar dituen oinarrietako bat omen da. Zer da memoria inklusiboa? Foro Sozialeko Agus Hernanentzat, esaterako, errelato guztiak errespetatzen dituena: gertatutakoa ahaztu gabe, errelato guztiak eroso egoteko modua eskaintzen duena.

Hernanek eta Foro Sozialeko kideek gaztigatzen dutenez, memoria inklusiboaz gain, herri honetan gertatu den guztiaren memoriari dagokionez, beste bi aukera gehiago dago: bat, errelato bat nagusitzea; eta, bi, inklusiboa ez den beste memoria bat, beste errelato bat -nork berea, bestearenetik bereiz, adostasunik gabea-, sortzea.

Beste bi aukera hauek, bizikidetza demokratikoaren ikuspegitik, guztiz arriskutsuak dira, aise ulertzen diren arrazoiengatik (…)

Pentsatzen hasi, eta errelato inklusibo baten falta ez da oraingoa. Mendeetakoa da. Betikoa. Egon zen errelato inklusibo bat lehenengo karlistadatik bigarrenera? Bistan da ezetz; bigarren karlistada da horren frogarik nabarmenena. Eta bigarrenetik hirugarrenera? Berdin.

36ko gerra zibilaren eta ondorengo diktaduraren errelatoa ere hala moduz itxi zen. 76an haustura demokratikoa eskatzen zutenen oihua hor dago, oihartzuna entzun nahi duenarentzat. Esan liteke errelato guztien errespetu bat dagoela? (…)

Ez alferrik, irabazleek idazten dute historia, norbaitek oso aspaldi gogoratu zuen bezala. Foro Sozialak esaten dituen gauza gehienekin, maila teorikoan, ados egonik ere.

Ez dago zertan pentsatu kasik berrehun urtean lortu ez den memoria inklusiborik guk lortuko dugunik. Errelato inklusibo bat eskatzea, gaur eta hemen, “euskal arazoa” deitu den (gaizki deitu, baiki) horren konponbide orokorra eskatzea bezala da. Soluzio politikoak eskatzen dituen zerbait. Errealista da?

Gero, kasuak eta kasuak daude. Asko. Oso gogorrak eta mingarriak. (…)

Ni kasu horietako batez arduratu naiz, pixka bat. Naparrarenaz. Eta, esan dezagun behingoz, Naparraren familiarenaz, biak bat baitira, eta aldi berean oso diferenteak, paradoxa eman lezakeen arren.(325-327).

.

Autokritika

Jose Miguel Etxeberria desagertu zenean, edo, esan dezagun argiago, bahitu eta hil zutenean, asko ez ginen behar bezala portatu. Fenomeno orokortu eta sozial bati buruz ari naiz, ez banakako ardura jakin bati buruz. Egia da oso urte nahasiak zirela, eta egia da batzuk gazte txoro batzuk baino ez ginela, baina piramide baten erpinetik behera botatzen den olio-zurrusta bat balitz bezala, oinarri guztia blaitu zuen sektarismo umel, lika eta erraldoi batek blaitu gintuen gu ere, orduko ezker abertzaleko oinarriok, eta ez genion kasuari merezi zuen arretaren laurdenaren laurdena ere eskaini, norbaitek nonbait, gu guztion ordez, “ez zela gutarra” erabaki omen zuelako. Eta guk sinetsi. Hartaraino geunden itsu: ez ginen gauza izan injustiziaren tamainaz konturatzeko, ekintzaren ankerkeriaz jabetzeko, Jose Migueli ez ezik, haren familiari eragiten zion sufrimenduarekiko enpatiaz jokatzeko. Hartaraino geunden une politikoaren urgentziak menderatuta. (323-324).

NAPARRA kasu irekia  NAPARRA kasu irekia

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

6 pentsamendu “NAPARRA kasu irekia”-ri buruz

  • Pertur, kasu irekia. 3 langile galiziar El último tango en Paris ikustera joandakoan desagertuak, kasu irekia. Arostegi eta Mijangos, Ordiziako biribilgunean trafikoa gidatzen ari zirela bizkarretik erailak, kasu irekia. 300dik gorako Etaren argitu gabeko erailketak, kasu irekiak… Zenbat? Egia da memoria selektiboa dela.

  • Bai, ETAren 300 kasu daude argitu gabe. Egia da hori. Zergatik gaude soilik ETAren kasuen argipenaren zain? Etika arazoa balitz, benetan arazo etikoa balego, Urkullu, Mendia eta etikaren predikadoreek dioten eran, benetan klabea “indarkeria gaizki dago, datorren tokitik datorrela” balitz, ETAren 300 kasuez gain, ez genuke beste kasuen argipena ere eskatu behar? Mikel Zabalza nork hil zuen? Iñaki Kijera nork hil zuen? Etikoki, horiek ez dira ETAren 300ak bezain garrantzitsuak? (eta soilik buruan ditudan bi izen dira, dezente gehiago daude).
    Benetan etikarekin eta egiarekin kezkatuta baleude, ez lukete kasu horien argipena ere eskatu behar gure “etikoek”? Soilik ETAk egindako hilketen azalpenak eskatzeak, eta besteak aipatu ere ez egiteak, argi eta garbi uzten du memoria selektiboa dela, bai jauna. Zenbat bider eskatu du EAJ, PSOE, PP edo Podemosekoek Guardia ZIbilari bere hilketak argitu ditzatela? Behin ere ez. Hara zer den memoriaren selektibitatea…
    Gainontzeko guztia, ETAri 300 kasuak argitzea eskatzea (indarkeria baliatu duten besteei esplikazio merke bat eskatzen ez zaienean), garaileak galtzaileari egiten dizkion kontu eskeak dira. Breno-ren “vae victis” hura, garai modernoan. “Galdu duzu, azalpenak eman behar dituzu; nik irabazi dut, azalpenik ez nik”.
    Benetan iraganaren irakurketa kritikoa egin nahi bada, benetako zoru etiko batetik, edo dena argitzeko helburuarekin egin behar da, den-dena, edo dagoenean utzi. Baina Espainiak eta Guardia Zibilak bere artxiboak zabaltzen ez dituzten bitartean, ETAri bere hilketak argitzeko eskatzeak ez du zerikusirik etikarekin, moralarekin edo memoriarekin, eta bai oportunismo politikoarekin.

  • Benat Castorene 2020-11-24 18:13

    Pako Sudupek egin digu liburuaren aurkezpen zinez ederra.
    Ba Ote! banuke galdera bat zuretako. Lehenik erran dezadan ene ustez arrazoi duzula bi alderdien hildakoei egiten zaien tratamendu desorekatuari dagokionez. Erran duzun bezala: Vae victis! ez da beste esplikaziorik.
    Tristeena paria nezakeela oraingo gazteek “NAPARRA kasu irekia” baino gehiago irakurriko dutela PATRIA” ,edo, begiratuko zeren eta telebistan formatoan pasatu omen beharko baita.
    Desastrea ikusita enetzat garrantzizkoago litzateke egunen batean, artikulu berezi batean, esplika diezaguzun zer pasatu zitzaien burutik Etaren azken arduradunei aurretik galdutatuko atentatu-abentura zoro hura asmatzeko, kontuan hartzen ez zituena ez indarren desoreka itzela ezta euskaldun gehienen konbikzio moralak ere.

  • Milesker Beñat. Bai galdera zaila egin diozula Ba ote-ri! Nik bi estatuei eta jaurlaritzari egingo nizkieke galderak baina nago debaldetan izango litzatekeela.

  • Hori galdera, Beñat! Nik soilik nire usteak esan ahal dizkizut, ez baitakit zer pasa zitzaien burutik. Maila humanoan, imajina ditzaket egiten zuten borrokaren zilegitasunaz konbentzituta, gerra batean, eraso-erantzun-eraso dinamika batean sartuta, eragindako minari itsu, jasotakoaren ordainetan zelakoan.
    Soilik diot, benetan gertatutakoa ez errepikatzea bada helburua, ez dela ez zilegi, eta are gutxiago egoki, indarkeria baliatu duen aldeetako bati bakarrari eskatzea kontuak, argipenak eta esplikazio etikoak.
    Biktima guztien aitortza eta erreparazioa helburu, badira munduan justizia trantsizionalaren adibideak, ekar ditzagun gurera.

  • Benat Castorene 2020-11-25 11:02

    Ba Ote! ongi ulertzen dut zure kezka eta partekatzen dut. Baina “justizia transizionala” bi estatutuei eta haien aldekoei ez zaie interesatzen. Etaren jazartzeari zilegitasun hasiera baten hasiera emaitea litzatekeelako eta nunbait aitortzea ezarritako ordena injustua zegoela euskal populuarentzat.
    Bi estatuek pentsatzen dute irabazi dutela militarki eta ideologikoki eta ez dute deus egin nahi hori arriskuan eman lezakeenik.
    Ados ere ene galderari egin duzun erantzunarekin baina inperfektuki adierazi nizun; Ene kezka da, (ene iduriko) Herriaren errezistentzia antolatzeko zilegiatsuna zelarik zerk, arduradun batzuen mentalitatearen zolaren-zolan, ahalbideratu zukeen euskal populuaren genioaren kontrako politika-desbideratze barbaro eta aurretik galdutako hura.
    Ausartuko nuke azken arduradun horien politika-ezjakinatsuna eta filosofia maila guztiz eskasa proposatzera.
    Adeitasunez