Muturrekoa eta Gogorra

Extremoduro BEC-en

Zale extremoenek urteak zeramatzaten honen zain, batek ere espero ez zuen arren: duela hilabete batzuk jakinarazi zen moduan, estremadurar taldeak kontzertua eskainiko zuen BEC-en urriaren 20an. Berria segituan hedatu zen eta irailerako sarrerak agortuak zeuden. Eszeptikoenek, bestalde, ez zuten imajinatzen abeslaria eszenatokian ikustea, iraganeko droga-kontuak direla eta.

Pixka bat berandu (kontzertua 22:00tan beharrean 22:30ak aldera hasi zen), baina sinesgogor guztiak isilarazi zituen Robe Iniestak bere ohiko arroparekin (soineko baten antzeko peto zabalarekin) eta, batez ere, munduan bakarra den ahots urratu eta xarmangarriarekin lehenengo letrak abestu zituenean, euskaraz: “maitatu eta arima zabaldu”. Bai, Extremoduro hemen zen, beti bezain muturreko eta gogor.

Publikoa aho zabalik zegoen, saltoka, abesten, dantzan: poza eta motibazioa ageri ziren giroan. Hala ere, kontzertuak aurrera egin ahala, bi zalantza etorri ziren ikusle askoren buruetara: lehenengoa, ea zenbat iraungo zuen abeslariak modu aproposean abesten eta bigarrena, ea azken diskoko (“Material defectuoso”-ko) kantuak ez ezik, klasikoak ere joko zituzten. Egia esan, sentimendu gazi-gezak piztu zituzten.

Alde batetik, kantak dauzkagu. Azken diskoko hainbat jo zituzten eta hamabost minutu inguru pasa zituzten inork ere ezagutzen ez zuen abesti baten zati instrumentalarekin, amaiera aldera. Hau pixka bat aspergarria egin zitzaien ikusleei, ia-ia guztiek utzi baitzioten salto egin eta besoak astintzeari. Baina ezin da ukatu ezagunenekin, hau da, “So payaso”, “Puta”, “Standby” edo “Salir, beber” bezalako abestiekin, BEC-en zeuden guztiek bat egin zutela. Letrak buruz kantatzen zituen publikoak, irribarreak nonahi ikusten ziren eta garrantzitsuagoa dena, hurbiltasun handia sentiarazi zuten musikariek. Hilzorira arte gogoratzeko momentuak bizi ziren.

Bestetik, kontzertuaren joan-etorriak ditugu azpimarragarri. Guztira hiru ordu eta erdi iraun zuen arren, hogei bat minutuko bi atsedenaldi egon ziren tartean, ezohikoa dena eta ikusleei frustragarria egin zitzaiena. Taldekideen iraganari erreparatzen badiogu, imajina dezakegu zein zen atsedenaldien helburua, eta seguruenik, beharrezkoak izango zituztela. Baina ziur naiz 26 eurotik gora ordaindu zuten ikusleei ez zitzaiela oso atsegina egin. Gainera, kontzertua amaitu baino hamar minutu lehenago egin zuen abeslariak alde eszenatokitik (auskalo zer egiten ari zen backstage-ean besteek publikoa agurtzen zuten bitartean). Extremodurok beti egin du nahi izan duen guztia, kontzertu hau ez zen ba salbuespena izango.

Hala egiteko eskubidea dute Robek eta konpainiak, zalantzarik gabe. Lehenik eta behin, guztizko askatasuna duelako edo izan beharko lukeelako edozein artistak. Eta bigarrenik, ezagunak izanda, aukera dutelako. Azken finean, jendeak miresten baldin ditu eta krisialdi garaian prezio hori ordaintzeko prest egon baldin badira, zerbaitengatik izango da.

Hor dago gakoa: nahiz eta abeslariak berarengan besterik ez pentsatu, bere jarrera izugarri laket dute zaleek. Extremoduro definitzen duten elementuak ez dira soilik abestien letrak eta melodiak. Argi dago Robek erakusten duen izaera basati eta bihurriak asko saltzen duela, orduak zain daramatzaten gizajo horiek muturreko eta gogor bihurtzen direla berarekin batera. Melodia azalean xiringatuz eta letra bihotzean iltzatuz, ikusleak abestian itsuki barneratzen dira. Eta hori da, preseski, taldea zuzenean ikusteko arrazoi nagusia: bizia sentiarazten dizutela.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

3 pentsamendu “Muturrekoa eta Gogorra”-ri buruz

  • Han izan nintzen ni ere, luze neraman data hori itxoiten, eta pozik gelditu nintzen oro har kontzertuarekin. 3 orduko kontzertua ematen duen talde bati ezin askoz gehio eskatu. Beraz lerro hauekin esandakoarekin ez nator bat hainbat puntutan, taldearen azkeneko diskoak gustoko ditut, desberdinak dira lasaiagoak abesti luzeagoekin baina musikalki izugarriak iruditzen zaizkit, eta ez det uste publikoaren gehiengoarentzat harrotzak izango zirenik; noski egongo dira ere betiko hoiek, hastapenak bezalakorik ez dagoela eta garai haiek berdindu dezakeen ezer berririk aterako ez dutela defendatzen dutenak (baditut lagunak Berri Txarrak-en lehen diskoa hoberena dela eta logika guztitik haratago, besterik entzun nahi ez dutela tematuta jarraitzen dutenak). Sarreraren prezioa ere ez zait gehiegizkoa iruditzen espainar estatuko bizpairu rock talde ospetsuenen artean dagoela kontutan hartuta; bestela ikusi Fito-ren azken bira antzokietan 50 € gorako prezioekin.
    Aipatzen duzun abesti hori zati instrumental luzea zuena “Pedra” izenekoa delakoan nago, eta hortan ados nahiago izango nuke beraien beste arrakastaren bat entzun izana, bereziki faltan bota nituen: “Golfa”, “Deltoya”, “De Acero”, “Jesucristo Garcia” edota behin eskatzen jarrita beraien hastapenetako “Necesito Drogra y Amor” edota “Decidí”.
    Bestetik nere ustez kontzertuak pixkat falta izan zuena publikoarekin hartu eman handiagoa izan zen; baita ere neretzako laxaiseago ibili ahal izateko aforo txikiagoa; pistan egon naizen kontzertu jendetsuena izan delakoan bainago.

    • Iruditzen zait alde negatiboekin besterik ez zarela geratu 🙂
      Bakoitzak bere iritzia dauka: niretzat pistako giroa izugarria izan zen.

      • Ez oso ondo pasa nuen ;-), baina pixkat punta ateratzekotan, artikuluaren harira, ba hortxe neure kritikatxoa.