Hauteskunde biharamuneko burutazioak

Aspaldi ezer idatzi gabe. Egia esan, ikasturtea hasi zenetik, oso lanpetua ibili naiz, eta ez dut tarterik hartu ezer idazteko, buruan, bueltaka, mila kontu, hausnarketa eta harrikada izan baditut ere.

Atzo EAEn hauteskundeak izan genituen, eta herritar bezala, euskaldun bezala eta abertzale bezala, interes handia piztu dute niregan, ziurrenik, gutariko askori bezala. Hauteskunde gaua, telebistari eta ordenagailuari lotuta igaro nuen, eta egia esateko, etsipen puntu batez oheratu nintzen.

Gaur goizean, lanerako bidean, nire etsipenaren inguruan hausnartzen aritu naiz, eta hainbat kontu etorri zait burura. Botilla erdi hutsik edo erdi beteta ikustearen aldeak dira. Gure jendartea den bezalakoa onartzea tokatzen zait, ez dago besterik, aldaketarako itxaropena egon badagoela jakin arren. Beraz, zorionak ematea besterik ez zait geratzen.

Lehenik eta behin, zorionak EHBilduri, EAEko bigarren indarra izatea lortu duelako, eta zorionak baita abertzale sentitzen garen guztioi ere, Legebiltzarrean bi heren izango garelako.

Zorionak Urkullu jaunari eta EAJri, titular batean irakurri moduan, Euskadik eurengan konfidantza duela adierazi duelako.

Zorionak erraustegiak eraikitzea nahi duten guztiei.

Zorionak krisi garai hauetan azpiegitura erraldoiak eraikitzea, jendartearen ongizatearen gainetik jartzen duten guztiei.

Zorionak, abertzalez mozorrotutako Azkuna bezalako politikoen kudeaketak nahiago dituztenei.

Zorionak Confebask eta gisako erakunde guztiei.

Azken finean, zorionak jendarte justuago bat eraikitzeko, dena berdin jarraitzea nahiago duten guztiei.

Eta, azkenik, zorionak etxean goxo-goxo geratu zinaten guztiei, zuen abstentzioaz, gauzak alda daitezen pausu esanguratsua eman zenutelako.

Arestian aipatu moduan, itxaropenerako tartea badago, baina goizean autoan izandako burutazio horiek guztiak kanporatu behar nituen.

Amaitzeko, galdera bat: kasu egingo ote die Urkullu jaunak Sabin Etxean independentzia oihukatzen zuten jarraitzaile guztiei? Hala bedi!

 

 

iritzia
joxepa

JOXEPAREN KAIERA