Miren Narbaiza (MICE): “Hogei urte barru ez dut borroka honekin jarraitu nahi”

Miren Narbaiza (MICE): “Hogei urte barru ez dut borroka honekin jarraitu nahi” –

Anakoz Amenabarrek Alea agerkarian.

Itxialdiak sortzaileen desorekak ageriago utzi eta “mugiarazteko” balio izan duela uste du Micek, baina zalantza du errotik aldaketak egiteko nahikoa izango ote den. Kezkak alde batera, ordea, lau hilabete ondorengo lehendabiziko aretoko kontzertua eskainiko du uztailaren 11n, Gasteizko Baratzan.

Konfinamenduaren ostean, Zaharraz Harro Gasteizko Alde Zaharreko jaietako emanaldiarekin bueltatu da Miren Narbaiza Mice (Eibar, 1989), eta Baratza aretoko kontzertuarekin hasiko du udako saio sorta hurrengo astean. Joan den abenduan aurkeztutako Zilar printzak lana maletatik berreskuratu eta jendaurrean aurkezteko gogo biziz dago. “Itxialdian konturatu naiz zuzenekoak behar ditudala. Aktibo egoten lagundu, non nagoen jakin eta pilak kargatzen dizkit”.

Miren Narbaiza (MICE): "Hogei urte barru ez dut borroka honekin jarraitu nahi"
‘Zilar printzak’ izan da Micek aurkeztutako bakarkako bigarren lana. / Erlantz Anda

Lau hilabeteren ondoren, balkoi batetik eman duzu lehenengo kontzertua. Nolakoa izan da esperientzia?

Alde batetik, kristoren liberazioa izan da jendeari kantatzea kar-kar, mikro bat izatea, jendearen arreta… Baina, beste alde batetik, balkoi batetik sekula kantatu gabe lehenengoa horrela izatea, hainbeste hilabete jo gabe egon eta gero… Kuriosoa izan da, eta, aldi berean, oso polita. Badirudi kalea bakarrik kontsumorako erabili daitekeela gaur egun, eta oso polita iruditu zait Zaharraz Harroren aldetik halako zerbait egitera ausartzea, kalea berriro pixka bat kulturaz eta jaiaz koloreztatzea.

Hurrengo astean, uztailaren 11n, Baratza aretoan izango duzu kontzertua Bele Hotsak ziklo berriaren barruan. Areto txikian gertuko kontzertua, musukoekin…

Eta hori ere kuriosoa izango da, denak musukoekin ikustea. Bakarkako kontzertua izango da. Gogoz nago bueltatzeko. Micen badira urte batzuk, eta saiatuko naiz hasieratik eta gaur egunera arte egin dudana aurkezten. Bakarka jotzen dudanean ahotsak garrantzia berezia hartzen du, eta beharbada niretzat jolas politak egiteko aukera izan daiteke.

Udako kontzertu bira ondoren, ala uda berezia izango da aurtengoa?

Kontzerturen bat badaukat, Joseba B. Lenoirrekin ere badaukat besteren bat, baina oso gutxi. Kontuan izanda musikari profesionalon gure diru iturria kontzertuetatik datorrela, ba oso larria da egoera. Gutxienez, ia astebururo jo beharko nuke nik duinki bizitzeko. Baina lehenagotik ere bazetorren arazo bat da, eta itxialdi honetan eskaera hori asko errepikatu dela uste dut: ezin da gure jardunaren ordaina bakarrik kontzertuetatik etorri, kantzelatzen den momentutik aurrera argi geratu delako ezer gabe geratzen garela.   

Eta itxialdi honek balioko al du sortzaileon egoera aldatzeko?

Konfinamenduan zehar jendea oso haserre eta gauzak aldatzeko gogoz egon da, ni neu ere askoz ere berotuago. Gainera koktel kurioso bat izan da, eta gauza asko nahastu dira, streaming-ari buruzko eztabaida tartean… Ikusi da kulturarik gabe ezin garela bizi, baina aldi berean nola ulertzen dugu kultura hori eta doakotasuna? Debate interesgarriak sortu dira, baina orain terrazak zabaldu direnean, kalera ateratzen utzi eta askatasun puntu hori berreskuratu dugunean, ez dakit gure aldarrikapenak ez ote diren berriro ere lausotu. Pentsatu nahi dut halere baietz, badut itxaropena, eta ikusi dut gainera hainbat musikari gogoz daudela sortzaileen lana duintzeko. Ikusi beharko dugu. Eta egitura berez oso nahasia dagoenez, kasuistika oso anitza denez musikarien artean, lan asko dago helburu batzuk finkatzen, gero horien atzetik joteko. Egia da, behintzat, asko mugiarazi gaituela, eta egoera hau ezin dela izan agerian utzi duela; orain gaztea naiz eta badut indarra, baina nik ez dut hogei urte barru borroka berdinarekin jarraitu nahi, indarrik ere edukiko ez dudalako. Esperantza badut.        

“Konturatu naiz zuzenekoak behar ditudala, pilak jartzen dizkizu, aktibo mantentzen zaitu”

Sortzaile moduan nolakoak izan dira azkeneko hilabete hauek?

Gorabeheratsuak. Fase guztiak pasa ditut. Hasieran banuen energia, banuen gauzak egiteko gogoa. Eta sormenak errutina bat eskatzen du, baina, era berean, sormenari ezin diozu eskatu nahi duzunean ate bat zabaldu eta kantu bat egitea… Hasierako asteetan gogotsu izan nintzen etxean nuen materialarekin idazten eta grabatzen,  eta gero halako desertu bat etorri zen ezer egiteko gogorik gabe, baina pentsatzen dut jende guztiak bezala. Konturatu naiz zuzenekoak behar ditudala, eta ez bakarrik diru iturri moduan; zure ibilbidean klabea dira non zauden jakiteko, emanaldiak prestatu behar dituzu, pilak jartzen dizkizu, aktibo mantentzen zaitu.     

‘Zilar printzak’ diskoa aurkeztu zenuen abenduan…

Eta askotan grabatzen duzun hori askoz ere zaharragoa da. Ia bi urte lehenagokoa, kasu honetan. Denbora asko pasa da, eta testuinguru hori berreskuratzea askotan zama izaten da, gogoratzen ibili behar duzulako, baina kristoren gogoa dut jotzeko.

Lau kanta, horietatik bi bertsio, biniloan… Opari antzeko bat izan da disko hau?

Sekula grabatzeko aukerarik gabe geratu behar ziren kantak azkenean grabatzea erabaki genuen, bi bertsiorekin batera. Gutizia moduko bat izan da, bai. Grabatzea niretzako beti da gozamen bat, eta Mice taldeak egindako lanari aitortza bat egiteko aukera izan da hau, jendearekin konpartitu nahi genuena. Bertsioak Ruperri egin zitzaion omenaldi batean sortutako Orain barre, orain negar eta Delirium Tremensen Laino ilunak dira, Berako jai baterako iluntasunari lotuta prestatuta genuen kantua. Eta horiek binilo formatuan; musikazaleon kapritxo da beharbada, baina ilusio berezia egiten zidan, beti nahi izan dut binilo bat atera. Doble gutizia. Mikel Larratxek egin du azalaren diseinua eta biniloan ondo luzitzen duela iruditzen zait. Osatu egiten du musika biniloak; bere erritual puntua ere badu, entzutera jarri, altxatu… digitalean ere entzun daitekeen arren, ez da gauza bera.

Baratza aretoan eskainiko du hurrengo kontzertua, hilaren 11n. /E. Anda

Nolako garrantzia dute letrek?

Garrantzia handia dute, eta beti izan duten arren, kostatu zait ematea merezi duten lekua. Napokarekin egiten genituen kantuak erreminta moduko bat ziren kantatu ahal izateko, hasieran behintzat… Gero konturatu naiz hori ere defenditu egin behar dela, eta azkeneko urteetan ari natzaio garrantzia ematen. Edertasunera jotzea gustatzen zait, egia esan, ez ditut hitzak besterik gabe aukeratzen, musikalitateari ere ematen diot garrantzia. Errekastoa idazteko, esate baterako, Maria Luisa Bascuña idazlearen poema batek eman zidan aitzakia. Naturaren momentu txiki bat.

2020ean lan luze bat aurkezteko asmoa zenuen. Epeak aldatu dira?

Ez dakit epeekin nola ibiliko naizen, baina asmoa badut kar-kar. Ideia pila bat ditut, kantu pila bat ditut forma emateko zain. Nahiko nuke aurten izatea. Hari bat bai, baina ordena ematea falta da.

Konfinamendua hasi baino egun gutxi batzuk lehenago ekitaldi garrantzitsu bat izan zen Gernikako Astran. Ehun emakume musikari baino gehiago elkartu zineten. Nolako sentsazioarekin amaitu zenuen?

Kristoren txutea izan zen. Pena egun batekoa izan zela eta behintzat beste bost egun faltan izan genituela. Orduko asmoa izan zen ikustea nortzuk garen; beti esan da gutxi garela, eta egia da gutxi garela oraindik mutilekin konparatuta, baina egon bagaude eta askotan ez dakigu nortzuk garen. Hausnarketarako eguna egitea baino, elkartu eta elkarrekin bazkaltzeak egiten zidan ilusioa, aurpegiak ikusi eta belaunaldi eta proposamen ezberdinetako emakumeak elkartzea. Demaseko erantzuna genuela ikusita, sare bat egin edo hausnarketarako ere aprobetxatu genuen, bazkaria eta jam session bat… Berriz hartu beharko dugu gaia, asteburu pasa bat egin eta gure penak kontatzeko behintzat. Askotan pasatzen zaigu oso gutxitan gaudela leku berean elkarrekin; zailagoa izaten da emakumeekin elkartzea, eta oso inportantea da ezagutzea. Sare bat osatzea mundiala litzateke.

Errepikatzen dira bizipenak eta kezkak?

Askotariko iritzi eta bizipenak daude, baina askotan gailentzen da gutaz espero den hori, emakume izateagatik dauden aurreiritziak; eszenatoki batera igotzeak suposatzen duena, nola irakurria izango zaren gorputz bezala. Eta autozentsura ere bai; norberak egiten du epaiketa eta horrek azkenean zure jarduna ere konplikatzen du, ezin duzu era aske batean lasai jardun horretan energiarik gastatu gabe. Zer espero da nitaz? Askotan horrek despistatzen zaitu benetan nahi duzunetik.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.