Burujabetza arrosa

Burujabetza arrosa –

Juramenduak euskaraz botatzekoBurujabetza arrosa ohitura galdu genuenean, euskararen higadura behetik ere hasi zen. Beste hizkuntza bat behar genuen, iraintzeko ere. Harrezkero, ez dugu burua berriz altxatu. Landu beharreko eremua da euskara normalizatu nahi badugu eta prentsa-arrosa baliabide ezin egokiagoa da. Arrakasta handia du gure herrian eta euskaraz irakurtzeko gosea dago, Senper-Goenaga aferak erakutsi lez.

Prentsa arrosa iruditegi nazionala lantzeko oso tresna aproposa da. Belen Esteban batek hamaika bertso hunkigarrik baino indar handiagoa du. Hori horrela da. Bertsozalea ez bazara, Maialen Lujanbioren artea bost axola, baina bikotearekin apurtu duela jakiteak negar batera eraman zaitzake. Igogailu, harategi zein ile-apaindegian guztion ahotan legoke eta telebistako parrila eduki propioez beteko genuke, gure agenda eta marko propioa eratuz. Burujabetza arrosa, bertokoa.

Lurralde ikuspegia zaintzeko, Iparralderen Orena eta Navarra directo egokitzea komeniko litzateke bertako esamesak zabaltzeko. Normalizatu arte ukitu exotikoa emango lioke panoramari eta gure hizkuntza aberastu ere bai (gurutzegrametarako material aparta). Alde horretatik, klasikoak berreskuratzeaz gain (berba-lapiko, kontakatilu etab…), jerga berri bat garatuko genuke: azukre koxkorrak melengentzat utzi, eta zirribizi edo afrodiprest aldarrikatu. Emaitzak luze gabe igarriko ditugu, erabileraren erabileraz, Euskaltzaindiak Orotarikoa txitean-pitean eguneratuko duelako.

Eskualdeka gehigarriak banatuz gero, gure lurraldetako txu-txu-mutxu eta hitz propioak orriotara ekarriko genituzke, Berriak Hitzarekin egiten duen antzera. Euskalgintzak eskarmentua du horretan eta aspalditik erakutsi du tokian tokikoa ondo landuz gero, erreferentziala izatea posiblea dela euskaraz. Lanpostuak ere sortzen ditu, beraz, harri batez bi kolpe. Gainera, gure ekimenak aitzindariak izaten dira sarri eta hizkuntza-normalizazioarekin uztartuz gero, munduko prentsa-arrosarik militanteena izango genuke. Txostenak idatziko dituzte gutaz, gutxietsita zegoen kazetaritza-mota duintzearren.

Nolanahi ere, prentsa-arrosan kategoriak eta kategoriak daude. Gabriel Arestik idatzi zuen euskara salbu ikusi arte ez zuela bizarra egingo. Gaur egun, hori ez litzateke balentria izango bizarra modan baitago, eta lokatzetara jaitsi beharko ginateke sakrifizio gisa. Onartuko genukeen baino ohituago gaude, ordea, norbaiti/zerbaiti buruz txarto esaka aritzeko arrazoi berezirik ez dugu behar-eta. Oraingoan, gainera, kausa ederra babestuko genuke: dena eman behar zaio maite den hizkuntzari.

Kennedyk esan zuen: “Ez galdetu nazioak zer egin behar duen zugatik; galde ezazu zer egin behar duzun zuk nazioagatik”. Euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean arrakala dago. Aspalditik goitik orekatzen saiatu garen arren, behetik ere tiratu egin beharko dugu. Euskal Herria ekintzaileez eta kuxkuxeroez beteta dago eta Ternuaraino txalupaz ailegatzeko gai izan baginen, zelan ez gara prentsa-arrosa sare indartsu bat sortzeko kapazak izango?

.

Oh: Argazkia ulertzeko hemen sakatu

Burujabetza arrosa

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Zer duzu buruan “Burujabetza arrosa”-ri buruz