Lehendakariak ez du ETB1 ikusten, ez Euskadi irratia entzuten

Lehendakariak ez du ETB1 ikusten, ez Euskadi irratia entzuten – 

Edo pilotazale itsua izango da. Garai guztietako pilotaren aztertzailea. Tolosa eta Retegi bigarrenaren arteko buruz-buruko mitikoaren ikertzaile tematia.

Lehendakariak ez du ETB1 ikusten, ez Euskadi irratia entzutenBestela balitz, aspaldi ziren etxean Iturbe, Barinaga eta Zupiria bera. Programazio sarri badaezpadakoa eskaintzen baitigute, oraindik euskarazko kateari eusteko ahalegina egiten dugun euskaldunoi: edonoizko pilota, zesta eta pilota, arrauna eta futbola; joan den mendeko bestelako saioen errepiken errepikak; erdal mariachiak, erdal habanerak edota erdal jotasnavarras noiznahi; erdaldunen testigantza soberakoak  informatiboetan…

Abentur@roa da euskaldunekiko axolagabekeriaren adibide deigarrienetako bat, “Oholtza” delakoarekin dema bizian. Saioak Estatu (espainiarre)ko paisaia menditsuetan barna eramaten gaitu gehienetan, tokian tokiko abentura-talderen baten eskutik. Sarri Katalunian eta Galizan zehar. Bada, off-eko ahotsak jatorriz erdaraz idatzitako eta euskarara itzulitako testua irakurtzen digu tarteka, eta abentura-taldeetako kideen testigantzak eskaintzen marteka. Katalan edo galizar izan, españolez jartzen dizkigute berbetan, euskarazko azpitituluak alferrik pantailan. Katalanez edo galegoz jardungo balute sikiera…

Batetik tira eta bestetik behera, ETB1 bere ibilbide luze samarreko ikusleria mailarik baxuenera hondoratzea lortu dute EiTBko buruek, %1 lotsagarri bezain beldurgarri batera, desagerpenaren ateetara. Baina Eusko-oasiaren burdinezko ohiturari men, Josukristok ere ez du dimisiorik aurkeztu… Zer dela eta? Zer nahi genuen ba? Telebista ona ala euskarazkoa?

Lehendakariak ez du Euskadi irratia entzuten, agi denez. Edo bertako musika saioak (kantu-kontari, zidorrean, Portobello) ez behintzat. Edota entzuten ditu musika ingelesa maite duelako. Euskadi irratiak “mesede” handia egiten baitigu euskaldunoi, euskal sortzaileak bazter utzi eta musika “kosmopolita” eskainiz goizetik gauera, mundura irten gaitezen gure “baserri-kultura” atzean utzita. Jakin badakite euskal musika entzun eta entzun ematen dugula eguna, edozein irrati-kate piztuta euskal musika besterik ez baitago.

COPE jarri eta hara Petti. SER katera salto eta bertan Olatz Salvador eta Benito. Radio Marian Izaroren letaniak. Cadena Dialen Ruper eta Rafa Rueda, Rock FMn Su ta gar jo eta sua, Radio Euskadin zer esanik ez… Euskarazko musika “nonahi”, ez dago libratzerik. Horregatik, zalantzarik gabe, Euskadi irratiak musika ingelesa eskaintzen digu une oro eta espainiarra usu, belarri baserritartu hauei “modernitate” tarte bat eskainiz, arnasgune mundutar gisako bat lar euskaldundu ez gaitezen.

Lehendakariak ez dakit, baina euskal sortzaileek oso eskertuta behar dute, zalantzarik ez dut.

Lehendakariak ez du ETB1 ikusten, ez Euskadi irratia entzuten

23 pentsamendu “Lehendakariak ez du ETB1 ikusten, ez Euskadi irratia entzuten”-ri buruz

  • Piztu Irratia 2020-07-10 09:18

    Egia eta egia!
    Baina ez dira lotsatzen?
    ETB1 hilzorian eta hemen ez da ezer gertatzen?

  • Etsigarria da Etb1. Erabat abandonatuta. Eta etb3, antzeko. Orain dela ia lau hilabete bukatu zen geztetxoentzako serie bakarra (Lars Zonbia), eta ordutik ari dira iragartzen LAISTER! hurrengo seriea, (Floorren arauak) eta ez dute inoiz botatzen!
    Ni harrituta nago, baina, bederatzi urtetik gorakoentzat (esaterako) ez dago EZER, DEUS.

    Okerrena da, gehienok erabat asimilatuta dugula, pantaila baten aurrean jarri edo interaktuatzen badugu pantailarekin, erderaz izan behar dela. Eta horrela, XXI. mendean, hizkuntza bat, kultura bat, nazio bat… Iraun dezake?

  • Eta Euskadi irratiko musika saioez zer esan…
    Errazagoa da euskal musika UPNren egoitzan entzutea Euskadi irratian baino. Gauza batzuk sinesgaitzak dira gainera. Kantu-kontari saioan, adibidez, edozein aitzakia da ona musika ingelesa (española ere bai) jartzeko: bateko hau hil zela 47 urteurrena dela, beste hura jaio zela 63 urte eta zazpi hilabete direla, Urliak 11. diskoa atera duela…
    Aldiz, ematen du euskal musikariak ez direla jaiotzen, ez dutela diskarik ateratzen, ezelako urteurrenik ez dutela, alegia. Harrigarria gertatzen da oso.

  • Bai horixe.
    Eta erdal kantuak nahiz musikariak, guztiak «izugarriak», «mundialak», «ikaragarriak», eta «kantu-puskak».
    Euskal kanta apurrak ezer ere ez.

  • Kietoparaus!
    Ez keztatu!
    Entzun dut (?) Euskalgintzak (oro har) egundoko eta sekulako eta izugarrizko plana daukala prest, egoera lazgarri hau iraularazteko.
    Talka-neurri mordoxka daukate esku artean.
    Hasteko eta behin, “Portobello” saioa “Bermeoko portua” deituko da aurrerantzean, Euskadi irratiko zuzendaritzari luzatu dioten proposamen ausarta onartzen bada!
    Nola gerau zeate? Keztuta?

  • Urte batzuk dauzkagunok (ez hainbeste) egoera honek gogorazten digu antzineko garaia, hain zuzen, euskara etxean hitz egitearena eta kito. Nola ez dira ba lotsatuko hainbat euskaldun lezeetako hizkuntza hitz egiteaz? Non daude prestigioa, modernitatea, erabilgarritasuna eta abartasunak? Barkatu nire atrebentzia hitz politegiak baitira.

  • Harritzeko modukoa izan da ETB1rena. Urtez urte ikuslegoa behera. Eta inor ez da hemen asaldatu. Denok ixil.
    Kalitatean beheraka eta ez da inor kezkatzen. Urtez urte, gainbehera. Eta baztarretan ixiltasuna.
    Zer diot nik? Ixiltasuna? Ez, ez, arrokeria, dena ongi doa, dena ongi doa, hori da predikatu dutena. Eta euskagintza? Non ibili da? Zertan saiatu da?
    Ez dut deus konprenitzen

  • Hori da ulertzen zailena eta mingarriena, bai. Non dago euskalgintza?
    Hainbesterakoa da morrontza?

  • Erabat ados.
    Nere ustez euskal musika gaur egun izugarrizko kalidadea du, baina irratian eta telebistan entzutea ezinezkoa da.

  • Xabier Zelaikoa
    Xabier Zelaikoa 2020-07-10 21:39

    Argi baino aratzago dago EAJk erabat bazter utzi gaituela euskaldunak.
    Argi dagoen bezala, EH Bilduk ere ez digula berebiziko arretarik eskaintzen.
    Gurera euskal musikaren bila datorren kanpotarra, erotu egingo litzateke non entzun aurkitzeko lanetan.
    ETB1 ordu askotan ez dago nondik heldu. Internet bidezko eta bestelako plataformetan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da…
    Politikari abertzaleak itxurakerian batzuk beste batzuk baino gehiago (aldeak diskurtsoan daude batez ere), eta euskalgintza ostrukarenak egiten. Gu baino “hobeto” bizi dena…

  • Bai bai bai. Denetan arrazoi duzue. Benetan.
    Baina beste batean esan nuen bezala: zergatik ikusten dituzte familia “euskaldunetako” umeek gehiago Clan eta Boingeko marrazki bizidunak ETB3koak baino? Datuak hor daude, eta ez da kalitate kontua.

  • Oraintxe bertan, Euskadi irratia entzuten, saiotik saiorako musika tarteak ingelesez… Zer dela eta? Ez dago horretarako euskarazko musika aproposik ala? A ze akonplexatu koadrilla garen.

  • “Kalitate kontua ez da” Ez? Benetan diozu?
    Kalitate gutxi eta eskas. Bi elementu horien eskasian, beste norabait alde egiten du jendeak.
    Beste faktore batzuk ere badirela? Bai, dudarik gabe. Guraso berrien fiertasun falta, irakasleen su falta, gizartean zabaldu de erosotasunerako nahia. Hedonismoa…
    Bai, bai, nahi duzun guzia, baina burua usteltzen denean… Eta hemen erru nagusia agintariek dute .

  • Agintean daudenek dute ardura nagusia, zalantza izpirik gabe.
    Zergatik dauka halako arrakasta “El conquis” bezalako saio kutre batek adibidez? Ba besteak beste, EiTBk egiten dion promozio ikaragarriaren ondorioz. Horixe behar dute ETB1ek eta ETB3k besteak beste, programazio duinak eta sustapena. EAJk ematen ez dion hori, hain zuzen.

  • Kaixo Behetik.

    Nik ikusi dudanez, umeek oso gustura ikusten dute etb3, sei urte bete arte. Hortik aurrera, hasten dira komeriak. Eta hamar urterekin, erabateko pasoa egiten dute, lehenago ez bada!
    (Nire ustez, ume koskorrentzat, etb3k falta du bihurtikeri edo ganberrismo puntu bat.)

    Etxe batean, bi edo hiru ume badaude, zaharrak hartzen du telebistaren agintea.

    Gero dago inguru digital guztia, edukiak aurkitzeko erreztasuna, ohitura…

  • Peru_Gabiriko 2020-07-16 11:21

    Artikulu honi erantsi diozuen argazki hau nahiko beldurgarri egiten zait.

    Batetik, aitona burutxuri horrek, bere betaurreko lodi eta guzti, oso tipo susmagarria dirudi. Abokatu edo enpresagizon izan behar du. Ez da arrain ederra izango.

    Bestetik Urkullu jaunari aurpegia nahiko aldaturik ikusten diot. Zer ote darabil buruan bueltaka..

    Bien erdiko emakumeak (ez dakit nor den) zorroztasun handiegia erakusten du begiradan. Bere aurpegiko zimurretan isiltasun handiegia gordetzen duela esango nuke.

    Ai zer nolako pelajea daukagun goi karguetan!

  • Argazkiko aitona burutxuria Eduardo Barinaga da, oker ez banago Egin egunkariaren sortzaileetako bat, gero Baleuko ekoiztetxeko burua eta gaur egun ETBko zuzendaria. Emakumea Maite Iturbe da, EITBko zuzendari nagusia da, lanbidez ekonomialaria eta produktorea.

  • Peru_Gabiriko 2020-07-16 17:07

    Ejem…. Kupularekin egin dugu topo beraz.

  • ETB1en oraintxe ere… PILOTA. A zer ustekabea!
    ETB2n. españolesdelnorte por el mundo.
    Zaborrrrr

  • ETB2n eta beste kate erdaldun gehienetan arratsaldeko “magazinak” eskaini bitartean, ETB1en “meditazioa”…
    Hausnarketa egin behar luketenak ez gara gu, ETB1 hondoratzeko lanetan ari direnak baino.

  • ETB1 chupiguay eta chachipirulian, Erentxun jo eta ke, español batuan.
    Biba Iturbe, Zupiria eta mariachiak oro!

  • Wazemank botatzen ari dira orain edo oraindik!!!
    Ze ona zen, Alkain eta koadrilla!

    Orain ba al pago antzerako zeozer?

  • Ezta hurrik eman ere!
    Bikaina zen Wazemank, bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude