Mikel Ibarguren (Negu Hurbilak): “Locarnon egotea amets utopiko bat egi bihurtzea da”

Mikel Ibarguren (Negu Hurbilak) “Locarnon egotea amets utopiko bat egi bihurtzea da” –

Mikel Ibarguren (Negu Hurbilak) "Locarnon egotea amets utopiko bat egi bihurtzea da".

Locarnoko Jaialdiak “Negu hurbilak” filma aukeratu du ‘Cineasti del Presente’ sailean lehiatzeko.

Aukeraketa horri esker, pelikulak A klaseko jaialdi batean izango du mundu mailako estreinaldia.

Mikel Ibarguren da “Negu Hurbilak” lanaren zuzendarietako bat, eta berarekin hitz egin dugu albiste bikainari buruz eta lanak ondoren izango duen ibilbideaz.

.

 

Zer esanahi du zuentzat Locarnokoa bezalako jaialdi garrantzitsu batean estreinatzeak?

Egia esan, pelikula filmatu aurretik gure ametsa Locarnon egotea zen. Bagenekien A klaseko jaialdia dela eta sail garrantzitsuak dituela; zaila izango zela bertan egotea. Gure lanak hainbat jaialdiren interesa piztu zuen, baina erabaki genuen Locarnoren erantzunaren zain gelditzea. Baietza jaso genuenean ez genuen bi aldiz pentsatu; ametsa egi bihurtzea bezalakoa zen. Hasieratik iruditzen zitzaigun hura gure lanarentzako munduko plazarik onena izango zela. Bertan egotea futbolean Champions League txapelketa jokatzea bezalakoa da. Amets utopiko bat egi bihurtzea da.

Zuen lanarentzat, hain zuzen, oso egokia da jaialdi hau, ezta?

Bai, WIP ezberdinetan egon gara eta jende askok ezagutu du lana, baita Locarnoko hautatzaileek ere, eta askok esaten ziguten pelikula honentzat plaza zailena eta, aldi berean, ederrena Locarnokoa izango zela. Bertan autore zinemari leku handia ematen zaio eta nazioartean maila handienetako jaialdia da Europan.

‘Cineasti del Presente’ atalean estreinatuko duzue lana. Zinemagile hasiberriei zuzendutako saila izanik, zuzendari gisa, indarra ematen dizue, ezta?

Guri, egia esan, berdin zigun zein sailetan egon; bertan egote hutsa sari handi bat zen. Jaialdian hamaika sail daude, eta horien artean bi lehiaketakoak dira: Sail Ofiziala eta Cineasti del Presente. Guretzat Locarnon egotea sari handi bat da eta, gainera, sail horretan lehiatzea sinestezina da. Aldi berean, guretzat ere, zuzendari moduan, ilusio handia egiten digu. Halaber, pelikula serio bat egin dugula adierazten digu nazioarteko zuzendari berrien lanekin lehiatzeko hautatuak izateak. Profesional garrantzitsu horien artean tokitxo bat egitea zoragarria da.

Helbururik planteatu duzue?

Mundu estreinaldia izango denez, gure helburua filma ezagutaraztea da, jakinda oso aurrekontu txikiko pelikula dela eta jaialdietan zinema aretoetan baino aukera gehiago izango dituela. Trena aprobetxatu nahi dugu gure baliabide txikiekin lana ezagutzera emateko, jendeak ikus dezan eta oihartzun bat izan dezan.

Zertaz hitz egiten digu ‘Negu hurbilak’ lanak?

2010. urtean kokatzen da eta neska baten ihesaldia kontatzen du. Zubietako herrian garatzen da, eta bakardadeari buruz dihardu. Normalean, bizitzan, gertatuko den zerbaiten zain gaudela erakusten digu, eta guk ikusleari botatzen diogun galdera zera da: “Zer gertatzen da espero duzun hori iristen ez bada?” Film iluna da, pausatua. Aktore protagonista Jone Laspiur da, baina beste guztiak herritarrak dira, ez dira profesionalak. Oso polita da, jendea filmean sartzen delako eta harmonia oso polita sortzen delako. Gidoia badago, baina baita inprobisazio asko ere. Oso prozesu polita zein arriskutsua izan da. Analogikoan grabatuta dago eta Ekain Albiterekin, Adrià Rocarekin eta Nicolau Mallofrérekin aritu naiz zuzendari lanetan.

Zein ibilbide burutuko du ondoren filmak?

Estatuko jaialdi garrantzitsu batean estreinatu nahi dugu lana, baina ezin dugu aurreratu non, eta Katalunian ere estreinaldi bat egingo dugu. Gure banatzaileek eta salmenta-agenteek ibilbide ahalik eta oparoena prestatzen lagunduko digute. Jaialdiek beraien interesa erakutsi digute eta oraindik ibilbidea prestatzen ari gara. Halaber, zinema aretoetara iristea ere gustatuko litzaiguke. Oraindik gauza asko aztertu behar ditugu, baina baliabide murritzak izan arren, filmak aretoetan leku bat izan behar duela uste dugu.

Mikel Ibarguren (Negu Hurbilak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude