Mikel Dalbreten trilogia mintzagai
Mikel Dalbreten trilogia mintzagai –
Mikel Dalbret ezaguna dugu Lapurdin eta Euskal Herri osoan margolari gisa. Beren margolan sinbolistetan euskara eta euskal mundua beti agertzen dira irudiari osotasuna emanez, bere iruditeria arras lotua baita euskal nortasun eta ikuskerarekin. Horretaz gain, gure literaturan ere urrats garrantzitsuak jorratuak dituela erran beharra daukagu, azken sei urte hauetan trilogia eder batez saritu baikaitu euskal irakurleok.
2015ean “Hainbat zorte edo usapalen hegaldi nahigabetua” izeneko eleberria plazaratu zuen Elkar argitaletxearekin. Maialen Hegi-Luku izan zuen bidelagun literatur abentura horretan, azken honek lagundu baitzion euskarazko testua ongi moldatzen. Eleberri borobila da, non bi narrazio txandatzen eta txirikordatzen diren. Lehena fikziozkoa da eta bigarrena autobiografikoa, eta bi-biek euskal gizartearen gorabeherak eta argi-ilunak ditu iturri eta gogoeta-gai.
2019an “Josef Abeberriren patu tragikoa” izeneko eleberri historikoa plazaratu zuen, Elkar argitaletxearen bidez. Eta liburu honetan ere bi istorio azaltzen zaizkigu, lehena egileak Azpilikuetako Barrentxeko Bordan bizitzetik Ziburuko etxe batera aldatu zeneko istorioa baita funtsean, eleberri honen bizkar-hezurra, nolabait erraiteko. Josef Abeberri karrikako etxean finkatzean Abeberri delako hori nor ote zen galdezka ari baitzitzaion buruan. Horren inguruan, gure historiarako galduta genuen auzapez euskaltzale ezkertiarraren bizitza eta ekintzak berreskuratu zituen liburu miresgarri honetan.
Eta 2021ean trilogiaren azkena plazaratu digu Baionako Maiatz argitaletxearen eskutik. “Euskaldun berri baten gorabeherak” izena du. Eta hasieratik bukaera arte euskaraz pentsatua eta idatzia du. Narrazio hau autobiografikoa da, eta bertan bere euskalduntze prozesuan gertatutakoak kontatzen dizkigu, momentu goxoak eta gertakizun latzak, denetik ezagutu baititu Euskal Herri honetan. Arras argigarria da Txomin Hegik egin dion aitzin-solasa, horren bidez liburuaren nondik norakoak, hau da, Mikel Dalbreten bizitzan gertatutakoak, ederki laburbiltzen eta azaltzen baitizkigu. Aitzineko bi liburuen ildotik datorkigu Mikel, kontu-kontari, bere bizipenetatik abiatuz gaurko Euskal Herriaren erradiografia moduko bat eginez.
Trilogia honek balio literarioaz gain, badu balio etnografiko handia, pertsonak, lekuak, gertaerak…, aipatu istorioetan korapilaturik, maisukiro ekartzen baitizkigu, behin eta berriz, gogora, gure oroitzapen kolektibora.
Eta euskara beti dago hor, leku nagusia hartzen, Euskal Herriaren ezinbesteko osagaia dela oroitaraziz. Merezimendu handia du Dalbretek, zalantzarik gabe, malda goitti egin baitu bidea, korrontearen aurka nolabait, eta Euskal Herriari eta euskarari dizkien amodio eta atxikimendutik gauzatu baitu bere obra guztia. Horri esker, ahal dugu gaur gozatu trilogia eder eta miresgarri honen irakurketaz. Eta Mikel ongitxo ezagututa, ziur naiz hau ez dela literatur arloan eginen duen azken abentura.
Eskerrik asko Joseba, lapurtar honen barri emateagatik.
Badirudi mila legoatara bizi garerela, baina hortxe gaituk hegoako nahiz ipartarrok ehun legoatara, baina elkar ezagutu gabe oraindio.
“Agian, agian, jaikiko dituk
egiazko eüskaldünak……”