MIAren Born Free, zentsuratutako bideoa
Bederatzi minutu irauten ditu kantuak. Born Free titulatu du, baina ez da nahi bezain libre kantuei nahi dituen irudiak jartzeko. Youtubek ezabatu egin du.
Bortxazko irudiak erakustea leporatu diote. Besteak beste, polizia brigada batek mutilak harrapatzen ditu modu bortitzean, lur eremu galdu batera jaurti eta tiro egiten die minaz beteriko lur sailean korrika eginarazten die. Jatorri tamileko abeslari ingelesak, AEBtako inmigrazio politikari kritika egin nahi dio, eta hori da, hainbat iturriren arabera, debekuaren arrazoi nagusia.
Ez da bere lan batengatik arazoak dituen lehen aldia. Paper Planes kantuarekin (zeina Slumdog Millonaire filme sarituaren soinu bandan entzun ziteen) MTV kateak irudiak moldatu zituen.
Romain Gravas da bideoaren arduraduna. Hau Constantinos Costa Gravas zinema zuzendari entzutetsuaren semea da.
Bere egunean ikusi nuen bideo hau eta OSO TXARRA dela iruditu zitzaidan. Seguru asko mezuarekin ados egon naiteke, baina modua benetan desastrea iruditzen zait, nahiz eta errealizadorea GRAVAS leinukoa izan. Soldadu-aktorek oso txarrak dira, gidoia guztiz sinplea da, (babuentzakoa) eta, esango nuke, bideoa defendatzen dutenak, ezkerreko zernahi defendatzen dutenen artekoak direla, espiritu kritikorik batere gabekoak. Snob erradikal ezkertiarrentzako bazka, beraz. Eta bideoklip bezala ere desastre hutsa.
Hori bai, oihartzuna lortu du, horretan ixildu egiten naiz.
Lukas Mateori, ezkerraldeko snobismotik, baina adiskidetsuki eta samurtasunez edonola ere:
Ez zaizu harrigarria iruditzen bideoa snob erradikal ezkertiarren bazka izateko bakarrik egitea? Horrenbeste al dira? Ezkerreko snobak dira akaso diska-erosleak? Giza-esparru horretan esperoko ote zuten arrainak harrapatzea?
Bideoa “oso txarra” omen, are gehiago: “desastrea”. Ez duzu zehazten zein duzun txarra/ona bereizteko irizpidea, baina tira, estetika kontutan edonork bota bide ditzake harrikadak, nahi beste, gainera.
“Gidoia guztiz sinplea”, areago: “babuentzako”. Buru barruan ezkutaturik duzun mundu-ikuskera aberats horrekin, kostatuko zaizu gidoitxo hori errealitatea bezain sinplea eta errealitatea bezain konplexua dela ohartzea. Lagun duen kanta gora-behera, egoera baten isla izan nahi du bideoak, gizakiaren (honen ordez “inperialismo” hitza jarri beharko litzateke, baina ez zaizu gehiegi gustatuko ziurrenik, snob ezkertiarren lexikoaren arlokoa baita), hots, gizakion sarraski zurituezinen isla izan nahi du. Eta horregatik jolastu du, sinple-sinple, ile-kolore (irakur bedi: pentsaera, nazio, hizkuntza…)desberdina izate hutsagatik errudun bilakatu ohi diren kaskagorrien irudiarekin.
Sorrarazten duten bortizkeria hori ezagutzen ez duten amerikarrek ere ulertzeko moduko gidoia da Gavras semearena. Eraginkortasuna (ez efektu estetiko hutsa!) bilatzen duen gidoia da.
Sinplea bezain naroa, txo!
Soldatu gisa diharduten aktoreak ere txarrak direla diozu. Zer esan nahi duzu? Gizagaixo horiek ez dutela hainbeste eta hainbestetan ikusi duzun Rambo horien aurpegi krudelik? Bada, ez dakit nik, baina esango nuke Afganistanen eta Iraken eta munduan barrena benetako soldadu-lana egiten dutenak aktore horiek bezain potoloak eta muxugorriak direla gehienetan, pertsona ustez normalak alegia, hasieran borra bat nola erabili “behar” den ere ez dakiten beltzak eta latinoamerikarrak. Eta horrela, ezin era basatiagoan, sartzen dira bizitza normala egiten ari den jendearen etxeetan; eta horrela eramaten dute “kaskagorri” oro furgonetatan; eta horrela eramaten dituzte atxilotuak nahi duten tokira, haiekin eta haietaz nahi dutena egiteko. Aktore txarrak, benetan!
Bideoa esplizituegia dela? Inork ez dizu hori ukatuko. Baina agian efektismo horrek berak bilakatzen du errealago bertan erakusten dena. Horko irudien gogorra ikusia dugu dagoeneko milaka eszena errealetan (baina barkatu, ez dugu hemen tokirik horretaz luzatzeko).
Metaforarik gabekoa da bortizkeria eta metaforarik gabekoa zapalkuntza eta jendearen hilketa. Errealitatea bezain gordina da gidoia, eta soldaduak eta bideoa, eta bertan erakusten dena.
Bide batez: oso ondo josita dago narrazio guztia. Eta oso ondo jakin izan du kamera “dardartiarekin” jokatzen.
Sentitzen dut, baina bideo gehiago ikusteko aholkatuko nizuke. Ez horregatik!
Snob Akritiko Bat
S.A.B. maitea, bikaina egiten duzun bideoaren defentsa, bejoandeizula! Argumentu horietatik gehienak neuk ere erabili nituen neuretzat, izan ere bideoa “gustatzea” nahi bainuen aurrez niretzat, ikusirik Gravas tartean zela eta ikusirik, batiz bat, zein zen gaia.
Ez, ordea, ezin gustatu. Eta berretsi egingo ditut lehen esan ditudanak eta gehiago: zeharo txarra eta manikeoa egiten zait bideoa, ketchupez eta ziape gehiegiz hornitua (nire gusturako). Eta sinets iezadazu ene buruko irudi-artxiboa, mediatik gorakoa dela.
Lan linealegia da, umeari buruan tiro ematea, errazkeria zabarregia da, ez esan ezetz… Eta abar eta abar.
Jala ere pozten naiz baten bati gustatu bazaio. Niri bat ere ez, horixe duzu egia. Eta ez behin, bitan dut ikusia oso-osorik, bigarren aldiak lehenengoan aurkitu gabeko zerbait bistarazi behar balit bezala. Baina ez. Eta galdera bat orain, nor da Rambo? Horrenik bai ez dudala ikusi sekula, sinetsiko ez didazun arren.
Segi gogor.
Lineala da narrazioa, arrazoi duzu, erabat lineala. Baina “txarra” al da hori? Desegokia akaso? Berrikuntzatan ibili beharko ote du autoreak beti bere lana baloratua izan dadin? Prestidigitazioa eta truku berriak eskatu behar ote zaizkio etengabe zinemari eta, oro har, arteari? Gure begiek ikusi ez dutenaren premia dugu artelanak “positiboki” baloratu ahal izateko? Benetan uste al duzu hori dela zinemagintzaren, literaturaren eta, azken batean, artearen funtsa? Efektu optikoak?
Ikuslearen baitan eragin zuzena bilatzen du Gavrasek bideo honekin. Eta lortu ere, ez didazu ukatuko, lortu du, ikusleak nazka, higuina, botaka egiteko gogoa senti dezala lortzen baitu bideo madarikatu honek. Ketxupa eta zaldi-odola erruz erabili arren eta eszena batzuk “gore” samarrak atera arren.
Bestalde, ezin onets omen daitekeen linealtasunaren barnean bada ere, suposatzen dut ez zaizkizula oharkabean pasatu azken berrogei urteko historia gordinenetik jaso izan dituen keinu “zabarrak” eta xinpleak. Ez nago ziur, baina bideoa behar bezala ulertzeko inportanteak izan litezke. Niri, esaterako, My Lai-ko sarraskia datorkit burura (eta ez dut uste irudipen hutsa denik eszena nagusietan iradokita aurkitzen dudana: hiru bat ordutan laurehun haur, emakume eta agureren hilketa). Halaber, haurrarena Eddie Adams-ek 1968an argazkian hartutako ejekuzioaren “berrirakurketa” baino ez dela esango nuke, oraingoan, tiro doilorra pantailaren ezkerraldetik beharrean, eskuinaldetik emana. Iparrameriketako “arranoak” sortutako testuinguru berean betiere.
Eta ez al zaizu okurritu egungo palestinarren borroka desorekatua (harriak armen aurka!) eta inpotentzia erradikala ere gogorarazi nahi izan dituela Gavras semeak eszenaren batean?
Xinplekeriak? Irudimen-falta? Manikeismoa?
Manikeoa dei dakioke horri guztiari? Egungo inperialismoaren aurpegi desberdinak erakusteari “manikeismoa” dela esaten duzu?
Ondo jarria ote dugu iparrorratz estetikoa eta sentsibilitate sozialarena?
Besarkada kristau eta ez manikeo bat,
Lehengo snob akritikoa
Kontxo, SAB, zureak irakurrita ematen du neure buruak baino hobeto ezagutzen nauzula zeuk, zure estiloa erretorikoa izan arren, neuri leporatu bezala egiten baitizkidazu neuretzat ez daukadan hainbat eta hainbat: artearen justifikazioa, sarraskien aureko konformitatea… Ikusten dut irudikatzen nauzula gertaera lazgarrien aurrean hotz, artearen ezagutzan motz, eta abar. Nire iparrorratz estetikoa —horretaz sekula pentsatzen jarri ez banaiz ere—, ez da erreten bakarean sartzen den horietakoa; eta nire iparrorratz soziala, zuk diozun bezala, beti dago Gazara begira, besteak beste. Kontua, ordea, ez naiz n , GAVRASen filma da hemen eztabaidan, eta zer nahi duzu, ba, lineala da, txarra iruditzen zait, manikeo eta xinpleegia, snob orojale ezkertiarrentzako modukoa, errekurtso eta osagai errazegiz osatua…
Berriro diotsut poztu egiten naizela zuri atsegin bazaizu edo balio handia ikusten badiozu. Ez dut uste filmatxo hori ez musikaren historian ez zinearenean ez ezerenean, hilabate baino harantzago hartuko denik kontutan.
Kakoa zein da, bideoa polita edo itsusia den edo You Tubek zentsuratu egin duela (indarkeria irudiak izateagatik)?
Amaitzeko, utzidazu pare bat galdera eta kontutxo bat eransten.
Lehen galdera: gaurko artearen mundu megaproduktiboan, egon ahal da hilabetetik gora iraun dezakeen ezer? Kalitateak ez du ezeren iraupena ziurtatzen, eta zinema da horren adibide garbiena: film hoberenak edo oscar gehien eramaten dituenak ere ez du hilabete irauten karteleran.
Bigarrena: Gertakari guztiak historikotzat hartzen dituen arren, zuk uste duzu hilabete barru ezertaz gogoratuko dela arrainaren oroimena baino laburragoa duen gizarte hau? Ez pelikula, ez koadro, ez abesti, ez liburu, ez presidentearen izena, ez ezer. Guinness World Records liburua da aurrerantzeko historia egingo duena, han agertzen diren markak baino ez ditu jendeak gogoratuko: koadro garestiena, pelikula luzeena, zortzimilako gehien egin dituena… Gainera, zer arraio, inori ez zaio iragana interesatzen; unean unekoa eta kitto! Gavrasena barne.
Dena dela, jakin ezazu ez nenbilkizula sermoi paternalistarik eman nahian. Ez dut psikoanalisirako bokaziorik, eta are gutxiago ezagutzen ez dudan inoren kontu freudianoetan sartzeko.
Besterik zen iparrorratzarena aipatzean mahairatu nahi nuena, estetika eta giza(rte)-sentsibilitatearen eztabaida, alegia. Noraino eta zenbateraino doazen/joan behar luketen uztarturik, loturik ala aske. Eztabaida interesgarria, baina ez honako.
Barka erretolikaren luzea!
Oraingoan bai, oraingoan
Amaia