Kritika Zinematografikoa: “Men”
Kritika Zinematografikoa: “Men” –
Zuzendaria: Alex Garland
Urtea: 2022
Herrialdea: Erresuma Batua
–Denak berdinak ote?–
Alex Garland britainiarrak bere narrazioetan, Ex-Machina filmean edo Devs telesailean, esaterako, zientzia fikzioaren planteamenduak erabili ohi ditu gizartearen inguruko hausnarketak burutzeko. Men-en kasuan, Cannes-eko errealizadore hamabostaldian zirrara eta gorrotoa era berdintsuan piztu zituen filmean, androide eta zientzia esperimentuak albo batera utzi eta Garland terrorearen eremuetan sartuko da konplexu gabe. Kasu hontan ere, edonola, gizarte arazoei aurre egiteko errealitatea desitxuratzen duten elementuak erabiliko ditu.
Harper (Jessie Buckley, egungo panoramako antzezle onenetarikoa dela erakusten berriro ere) trauma bortitza igaro berri duen neska da. Bere mutilak buruaz beste egin du bere aurrean, eta nolabait barne oreka berreskuratu nahiean Ingalaterrako herrixka txiki batetako etxe bukolikoa alokatuko du, naturarekin harremanetan samina egoki bideratzeko esperantzarekin. Ondorioak edonola oso bestelakoak izango dira, herri hontako bizilagunak, ia denak gizonak, Harperren erasotzaile potentzialak izango baitira.
Errealitatearen elementu konkretuak aldatzeak ideiak adierazteko tresnak eratu ditzake. Paradoxikoki, errealitatea bere hortan irudikatzea baino eraginkorragoak kasu askotan (gogora datorkigu, esaterako, iaz estreinatutako Leos Carax-en Anette-en kasua, izenburuko umea panpin bat bezala zegoen irudikatua). Kasu hontan, herri hontako gizon denek (umeek barne), aurpegi berdina dute, Rory Kinnear aktorearena. Berez elementu dramatiko hutsa da, pertsonaiek ez dute honetaz ohartzen direnik adieraziko eta istorioan ez du eraginik. Baina erabateko zentzua ematen dio narrazioari, arriskuaren itxura era homogeneoan plazaratzen baita, berez jatorri anitzekoa bada ere. Hala eratzen du Garland-ek emakumearekiko indarkeriaren parabola konplexua, bi denboratan planteatua: iraganaren irudiak, Harper eta bere bikotearen arteko erlazio toxikoarenak, infernuaren argazkilaritza gorri jasaezina dutenak, indarkeria intimoarena; eta orainaldiko irudi horiek, geroz eta ilunagoak, bortizkeriaren alderdi publikoa osatuko dutenak, gizartearen eremu eta instituzio guztiak zeharkatuz (aurpegi berdina duten tabernarietatik segurtasun langileetararte, tartean erlijio gizonak ere sartuz).
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Men”