Jazz musika, markinarrek joa
Jazz musika, markinarrek joa
Esana dugu behin baino gehiagotan jazza udarako soinua dela gurean, edo udak dakarrela, uztailean Euskal Herriko hamaika bazter zipriztindu eta piztu bezala itzaltzen baita, urte osorako, bere oihartzuna. Baina urtaro jakin baterako baino ez bada ere, uhinak hedatzen dihardu… Markina-Xemeinera arte!
Markinako Jazzaldi jaio-berria festibal xumea da, ez du nazioarteko aparteko izar dirdiratsu eta sonaturik oholtzaratuko. Baina herritarrek egindako jazz musikari emango dio bidea, besteak beste, lau eguneko egitarauan, bi proposamenetan markinar musikariren batek parte hartzen du-eta.
Baga, Pablo Fdez. Arrieta, Madrilen hezia eta egun gurasoetako baten jaioterri Markinara itzuli den gitarra jolea, besteak beste iaz zendutako Nana Vasconcelos perkusio jole brasildarrarekin elkarlanean lan bat argitaratu zuena.
Biga, Haizea Martiartu saxofoi jolea, orain gutxi Fermin Muguruza lagundu zuena, Adarra Saria jaso behar zuela-eta, Micaela Chalmeta Big Band katalaneko partaide gisa.
.
EGITARAUA (Uhagon kulturguneko terrazan)
- Gaur (uztailak 6): 20.30ean Pablo Fdez Arrieta Trio & Carme Canela
- Bihar (uztailak 7): 20.30ean Victor de Diego Organ Trio
- Etzi (uztailak 8): 11.00etan Masterclass Victor de Diegorekin (izen emateak: 94- 616 63 03) + 20.00etan Bilbao Lindy Band musika eta dantza.
- Etzidamu (uztailak 9): 13.00etan Haizea Martiartu & The Dixie Monsters (kalejiran)
Emanaldi guztiak doanekoak dira.
.
Afixaren diseinutik hasita markinar kutsua duen jaialdiarekin, jazza hiriburuetako zirkuituetatik herrietara gerturatu eta jazz generoa ezagutzera eman nahi da. Baita Uhagon kulturgunea bera ere. Iraganean txapelokerren kuartela izandako etxeak, egun herriak kulturarako bereganatua, zelai ederra du aurrean, udako ekitaldietarako ezin aproposagoa. Bertan izango dira emanaldiak, eguraldiak eragotzi ezean -guztiak, igandeko kalejira izan ezik-. Euria egingo balu, areto barrura aldatuko lirateke zuzenekoak.
Herriko festetarako aste bete baino falta ez dela, Karmen Jaiak, ilusio eta mimo handiarekin antolatu dute jaialdia. Horren isla, Fdez. Arrietak “Bolero de Perico” izeneko pieza sortu du, propio jazzaldirako. Gitarra joleak David Mengual (kontrabaxua) eta Carlos Sagirekin (bateria) batera joz irekiko du jaialdia, eta gonbidatu berezi batekin, Carme Canela abeslaria. Estreinakoz izango dira elkarrekin oholtza gainean, jazz standard batzuk jotzeko.
Markina-Xemeingo jazzaldia igandean bukatuko da Uhagonetik irten eta alde zaharretik kalejiran, Haizea Martiarturekin. Eta aurreko egunean ere izango da dantzarako aukera, Charlotte Gerard irakasleak Lindy Hop dantza eskola emango baitu, Swing-Lindy festa baino lehen.
.