Marie-Clémence Richard printzesa larraintarra

Marie-Clémence Richard –

Ainitzetan emaztekien bizitzak senar ospetsuek egindakoen itzalean baratzen dira, distirarik gabe, heien oroitzapena ere gure artetik erraz ezabatzen delarik. Horixe da emazteki larraintar honekin gertatu dena.

Marie-Clémence Richard

Marie-Clémence Richard 1830eko azaroaren 28an sortu zen Xiberoko Larraine herrian. Aita, Jean-Baptiste Richard, Lorrenako Nancy hirian sortua zen eta lanbidez burdinoletako langile eta teknikari. Zeregin horiek bultzaturik, Nafarroa Behereko Banka herrira etorri zen labe handia zuen burdinolara lan egitera. Aipatu burdinolan Lorrenatik etorritako teknikari eta langile franko aritzen ziren. Bertan lanean ari zela, Claude-François Grandmontagne, Lorrenako arotz-errementari baten alaba, ezagutu zuen. 1829ko azaroaren 12an Bankako elizan ezkondu ziren.

Bankatik Larraineko burdinolara pasatu ziren eta han finkatu zuten heien bizitokia. Xiberoko herri horretan sortu eta hazi ziren Marie-Clémence eta Lucie-Honorine alabak. Ttiki-ttikitik ohituak ziren hainbat mintzaira entzuten eta mintzatzen. Etxean eta burdinolako familiekin Lorrenako mintzairaz egiten bazuten ere, larraintarrekin xiberotarrez elestatzen ziren, eta erraiten ahal da, xiberotarra izan zela bi ahizpen haurtzaroko mintzaira, aita Xiberotik Nafarroa Garaiko Orotz-Beteluko burdinolara lan egitera joan zen arte.

Aitarekin batera, familia osoa aldatu zen bizitokiz, eta berantago, Gipuzkoako Lasarteko burdinolara pasatu ziren. Herri horretan hil zen aita 1857ko urtarrilaren 8an. Urte berean, Lucie-Honorine ahizpa Zegamako Klaudio Otaegi idazlearekin ezkondu zen. Otaegik maisu ikasketak eginak zituen Gasteizen eta Hondarribian aritu zen eskola maisu. Hori dela eta, senar-emazte gazteak Hondarribian bizi izan ziren beti.

Klaudio Otaegi Louis-Lucien Bonaparte printzearen laguntzaile izan zen eta hark Euskal Herrian barna egin zituen bidaietan lagundu zuen, batez ere, 1866an egindakoan. Printzearen aginduz itzulpen ainitz egin zituen gipuzkeraren hainbat azpieuskalkitara. Horretaz gain, Otaegik olerki ugari plazaratu zituen, batez ere Euskal Erria aldizkarian; eta espainieratik, frantsesetik eta ingelesetik beste ainitz euskarara itzuli zituen. 1990. urtean, Patri Urkizuk eta Xabier Azurmendik Otaegiren olerki guztien bilduma argitaratu zuten.

Louis-Lucien Bonaparte printzea Napoleon Bonaparteren iloba zen, Lucien Bonaparteren semea. Aita Ingalaterran gatibu zela, Louis-Lucien Wordestershire hirian sortu zen 1813ko urtarrilaren 4an. Waterlooko gudua iragan eta gero, Elizaren Estatuetara bizitzera joan ahal izan ziren. 1833an Florentziako Maria Anna Cecchirekin ezkondu zen. Europan eta estatu Batuetan kimika, mineralogia eta hizkuntzalaritza ikasketak egin bazituen ere, bizitzaren aldirik handiena hizkuntzalaritzari atxikirik eman zuen.

Louis Bonaparte kusia Frantziako enperadore izanki, Louis-Lucien 1848an politika munduan sartu zen. 1850ean emaztearengandik banandu eta 1852an, senatari zela, Napoleon III.ak printze titulua eman zion eta horretaz gain, urteko 130.000 liberako saria.

1855 eta 1856 urteetan Oxfordeko Unibertsitatean irakasle izan zen. Bertan Antton Abadia ezagutu zuen eta haren eraginez piztu zitzaion hortik aitzina, bizitza osoan, euskararekiko izan zuen zaletasun berezia. 1856 eta 1869 urteen artean hainbat bidaia egin zituen Euskal Herrira eta laguntzaileen sare bat eratu zuen euskal lurralde guztietan. Hark sailkatu zituen lehen aldiz euskalkiak, azpieuskalkiak eta aldaerak horretarako egin zituen bi karta edo mapetan. Laguntzaile horietako bat lehen aipatu dudan Klaudio Otaegi zegamarra izan zen. Euskal Herrira egindako bidaia horietan Klaudiaren emaztea eta haren ahizpa Marie-Clémence ezagutu zituen. Marie-Clémencerekin maitemindu eta Ingalaterrara eraman zuen berekin.

Marie-Clémence ederki mintzatzen zen euskaraz, hainbat euskalki ezagutzen zituelarik. Hori zela eta, bere senarra lagundu zuen euskalkien kontuetan eta baita euskal toponimiaren arloan ere. 1859an, Louis-Clavering-Clovis izeneko semea izan zuten.

1891ko martxoaren 17an Bonaparte printzearen lehen emaztea hil zen, eta hiru hilabeteren buruan, ekainaren 15ean Louis-Lucien eta Marie-Clémence ezkondu ziren. Ezkontzak ez zuen, tamalez,  luzaz iraun, izan ere, Bonaparte printzea urte bereko azaroaren 3an hil baitzen Italiako Fano hirian. Alargundurik, Marie-Clémence Londresen bizi izan zen 1915eko azaroaren 14an hil zen arte. Hil arteko urteetan printzesa titulua atxiki zuen.

Horrela bizi izan zen Larrainek eman duen printzesarik distiratsuetan distiratsuena.

Marie-Clémence Richard
Marie-Clémence Richard

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Marie-Clémence Richard printzesa larraintarra”-ri buruz

  • Pello Eizagirre 2019-10-13 08:18

    Beti bezala, zoragarria!

  • Ni, Pello, pixka bat kritikoago izango naiz Josebaren artikuluarekin, Josebak ere eskertuko duelakoan.
    Artikulu guztiari eleberri erromantiko lurrina dario, ez hala Kepa Altonagaren “Emakume inprobablea” atalari “Duvoisin kapitainaren malura” liburuaren baitan (91-102orr.). Oker ez banago, Josebak batez ere Altonagari segitzen dio informazioan.
    Zergatik “emakume inprobablea” Clémence Bonaparte? Senarra printzea, Bonaparte famatuaren iloba aristokratikoa; eta, Klementzia andrea, aldiz, aitaren aldetik Nancyn jaiotako burdinoletako galdatzaile baten alaba eta amaren aldetik Épinalen (Vosges) jaiotako olagizon-familia ugari batekoa, hots, askoz posizio sozial apalagokoa, eta kontu izan XIX. mendearen erdialdera gaudela. 1856-57an ezagutu elkar, eta 1859an izan zuten lehen semea, nolabait ezkutuan gordetzen zutena, printzea lehen emaztetik egitez banatua zegoen arren, sakramentu aldetik Erromatik anulaziorik lortu ez zuelako bere lehen emazte florentziarrarengandik. Badirudi garai hartan sasiko jo zitekeen seme hori ere ezkondu eta dibortziatu egin zela nahiko gazterik, eta ama Klementzia printzesa larruntarraren zahartzaroko beheraldi ekonomikoan zerikusirik izan zuela, Altonaga irakurrita ondorioztatzen denez.
    Zinez, klementzia printzesari buruz, gauza handirik ez dakigu bere sinadura daraman gutun bakar bat gordetzen delako, eta itxuren arabera, berak idatzia baino gehiago berak sinatua. Eta, jakina, gaur egunetik begiraturik, bere bizitzan printzearen laguntzaile leiala eta maitekorra izan zela esatea ez da emakume autonomoen aldarean oso goian kokatzekoa bederen.
    Eta printze Bonaparte famatuari buruz, bide nabar esanik, nahiz eta euskal dialektologiari emaniko bultzadagatik goresmenak merezi dituen (eta mapa famatuagatik), alde kritikagarria ere izan zuen: XIX. mendean aurrera zihoan dialekto literarioen batasunerako bidea oztopatu izana, eta eskualde eta herri eta herrixketako lokalismoak sustatu izana. Hona horretaz zer dioen Altonagak: “Nire ustez, Bonaparte printzearen proiektua da euskara aztertzea, lagintzea, erregistratzea, disekzionatzea eta sailkatzea [botanikari batek bezala. Kimika eta mineralogia ikasketak eginak zituen printzeak], baina bere horretan izozteko, ez jakite-hegoek igoa noranahikoa izan dadin -Duvoisin kapitaina lekuko-. Eta horretan nik neuk ezin dut printzea hurbileko sentitu” (40or.).

  • Joseba Aurkenerena 2019-10-13 23:05

    Ez Patxi, artikulu hau zaharra da eta ez du Altonagaren liburutik deus edan, ez bainuen ezagutzen. Aurten, Ziburun izan den Euskal Liburuaren Azokan, Kepa Altonaga berak liburuaren eta printzesaren aipamena aipatu zizkidan, eta geroztik liburua erosi eta atsegin handiz irakurri dut, Kepa Altonagaren ikerketekin beti egin izan dudan bezala.
    Dena den, aipatzen duzun hori guztia egia izanik ere, ez du deus aldatzen artikuluan aipatu dudana. Erromantikoa naizela? Baliteke, betidanik hori erran baitidate.