[#Podcastfilia] Zientzia bai, umorea ere bai

[#Podcastfilia] Zientzia bai, umorea ere bai –

Modu dibertigarrian ikastea posible dela sinesten duten horientzat da gaurko Podcast gomendioa: Catástrofe Ultravioleta. Ezohiko gaiei buruzko informazioa emango digute atal bakoitzean Antonio Martinez Ron eta Javier Peláez zientzia dibulgatzaileek Javi Álvarez musikari eta soinu teknikariak lagunduta.

Euskal Herriko Unibertsitateko kultura zientifikoko katedrak eta Euskampus Fundazioak babesten dute saioa eta 2017an programa digital onenaren Ondas Saria irabazi zuen. Sari banaketan esan zuten bezala, “gaztetxoenei zein adineko jendeari gustatzen zaion podcasta”.

Jakintzaren unibertsoa -edo unibertsoa beraren jakintza- amaigabea den bezala, podcastean lantzen dituzten gaiak ere halakoxeak dira, askotarikoak. Bitxikeriak kontatuko dizkizute umore ukituarekin eta oso modu lagunkoiean. Adibideekin hornitu dute atal bakoitza eta istorio horien atzean dauden protagonisten esanak bildu, azalpen argi bezain arinak sortzeko. Catástrofe Ultravioletan ezagutuko dituzu, besteak beste, Atlantikoa arraunean zeharkatu zuen bikotearen abentura eroa, jolasen mundua, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen doinua edota umorearen sekretuak.

Haiek dioten bezala, “mundua deskubritzeke dago” eta umorez begiratzen badiogu, hobe. Ezta?

[#Podcastfilia] Zientzia bai, umorea ere bai

Izenburua: Catástrofe ultravioleta

Ekoizlea: Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra eta Euskampus Fundazioa.

Generoa: Zientzia dibulgazioa

Sinopsia: Zientziarekin eta esplorazioarekin lotutako istorioak kontatzen dituzte kapitulu bakoitzean. Denak ala denak umore ukituarekin zipriztinduta.

 

 

 

[#Podcastfilia] Zientzia bai, umorea ere bai

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.