Burka batzuk ez dira oihalezkoak

Burka batzuk ez dira oihalezkoak –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Zelan hasten zarete paperezko egunkariak eta aldizkariak irakurtzen? Portadatik, ala kontraportadatik, atzeko aldetik? Nik beti atzetik ekiten diot paperean irakurtze/ikusteari. Ez dauka fama onik hala egiteak garrantzitsuena aurrean dagoelakoan. Baina, beharbada, atzetik hasten garenoi in crescendo joatea gustatzen zaigu: gauza banalekin hasi, benetan inportanteenetan amaitzeko.

Burka batzuk ez dira oihalezkoakBada, hori egin nuen aurrekoan taberna baten hartutako egunkariarekin. Bizkaian hegemonikoa den kazeta neukan esku artean, eta kontraportadako tituluak hauxe zioen, gutxi gorabehera: “Irango Spotifyk emakume guztiak borratu ditu diskoen portadetatik”. Eta argazki batzuekin hornitzen zuten albistea; argazki originala eta ezabatua erakusten zituzten, binaka. Rosaliaren bati txadorra ere jarri zioten (emakume xiitek erabiltzen duten goitik beherako janzki beltza, aurpegia agerian uzten duena). Modu baldarra emakumeak bistatik kentzeko, gero. Eta Iranen, gainera, badakigu nolakoak diren hango aiatolak, beti andrazkoen kontra. Ene! Arrazoia izango du azkenean Bertin Osbornek esan zuenean feministek Irango enbaxadaren aurrera joan behar zutela protesta egitera, han urratzen direlako emakumeen eskubideak, eta ez Espainian! Badaki zerbait andaluziarrak, alajaina!

Jarraitu nuen periodikoaren aurre alderako bidean, eta telebista atalera iritsi nintzen, Espainiako estatuko kateen programazioa agertzen den orrialde bikoitzera. Kanaletako programen artean egunkariko diseinatzaileak saiootako aurkezle eta aktore batzuen argazkiak zekartzan, sei bat. Denak gizonezkoak. Ez ote dago andrazkorik saio bakar baten ere? —pentsatu nuen nire artean—. Ez, bada, programa horretako batzuetan andreak ere agertzen dira.

El Correo-k ez zuen Photoshopa erabili telebista atalean emakumeak desagertzeko, txadorrik edo burkarik ez zion inori jarri fisikoki, ez da Irango kazeta bat, baina hartu zituen erabakiek telebistako emakumeak ezabatu zituzten. Photoshop mental horrek ikusezin bihurtzen gaitu, modu askoz ezkutu eta bihurriagoan. Iranen argi esaten dute: “Emakumerik ez”. Txadorrak eta burkak oihalez egiten dituzte, edo Irango kasuan bezala Photoshopezkoak ere badira. El Correo bezalakoek ez digute oihalezko burka bat jartzen, euren estaltzeko manera era metaforiko baten egiten dute: euren imajinarioan andrazkoen rola oso bigarren mailakoa da, eta garrantzi gutxikoak izanda, argazkietan agertzea ez dugu merezi. Kasu guztietan, emakumeak ikusezinak.

Andrazkoekin ez ezik, euskaldunekin ere gertatzen da hori. Nafarroako auzitegi nagusiak ebatzi du euskara ezin dela meritutzat hartu zona misto eta ez-euskaldunean. Ingelesa, frantsesa eta alemana, ordea, bai. Hori euskaldunei burka ez-oihalezkoa jartzea ez bada, zer da, bada?

Harago joan da Nafarroako UGTko arduradun bat, eta esan du ea zer den karteletan eta seinaleetan euskara letra larriz eta gaztelaniaren gainean jartzea! Sotilago eta tentuz jokatu behar genukeela euskaldunok. Euskaraz ez ikusteko eskubidea ere aldarrikatu du. Oihalezkoa ez den burka jarri nahi digute berriz ere.

Ez dakit feminista eta euskaltzaleok nongo enbaxadatan egin beharko genukeen protesta, baina Nafarroako UGTko egoitza nagusian egin dute dagoeneko. Agian El Correo-ren ateetan? Ea norbaitek kentzen digun ez-oihalezko burka hau!

Burka batzuk ez dira oihalezkoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.