[Zinemaldia] Margolariak hunkituta
[Zinemaldia] Margolariak hunkituta –
Zinemaldiak pantailaratu du “Margolaria” dokumentala, euskal zinemagintzari eskainitako Zinemira sailean. Lau emanaldietako salgai ziren sarrerak agortuta, seirehun inguru, pozik zen dokumentaleko lan taldea -Zuzeu tartean dela-; hunkituta ikusleak.
“Betea etorri naiz hona, ez dit denborarik eman hustutzeko”, adierazi zuen Oier Aranzabalek “Margolaria” lehen aldiz jendaurrean agertu eta gero, hurbileko lagunek mukuru bete zuten zinema areto barruko solasalditxoan. Sortzaile bezala sorkuntzaz mintzatzea erronka handia zela iritzita egin zitzaion galdera, eta ados agertu zen zarauztarra, “inkosziente samarrak gara, baina erakutsi dugu bai badakigula erronkei aurre egiten”.
Aranzabalek Mikel Urdangarin zuen ondoan, hunkituta, malkoei eutsi ezinik. Zornotzarrak amarekin izandako elkarrizketa batek ixten du dokumentala, eta berau amaitu eta gutxira zendu zitzaion ama musikariari. Horregatik, bazekiela negarrari ezin izango ziola eutsi esan, eta ohar bat egin nahi izan zuen bukatu baino lehen. “Egia da irakaskuntza utzi eta musikagintzan buru belarri jarduteko erabakia hartu nuenean haserretu egin zela, baina biharamunetik eta gaur arte beti lagundu izan dit, ezazuela pentsa babestua egon ez naizenik”. Azken finean, horretaz mintzo baita “Margolaria” beste ezertaz baino gehiago, erabakiak hartu eta defendatu beharraren garratziaz.
Oier Aranzabal eta Mikel Urdangarinek estreinaldiaren ostean egin zituzten hitzok, elkarri eskerrona agertuta, Ritxi Lizartza ekoizleari bezainbeste. “Bi urte luze hauetan ate guztiak zabaldu izanagatik” eskerrak eman zizkion zarauztarrak zornotzarrari, “eskuzabaltasun horri esker lortu baitugu filma aurrera ateratzea, eta oparirik handiena, Mikelen laguntasuna”. Bere aldetik, eta txantxak aparte -Kim Jong-un-ekin alderatu zuen Aranzabal!-, “Esku onetan sentitu naiz, eta neutrala ez banaiz ere, urrunbegiekin ikusten dut film duin baten parte naizela orain”, adierazi zion musikariak zinemagileari.
.
Hunkigarria
Publikoari irekitako txandan, hitza hartu zutenek nahiago izan zuten galdera egin baino filma ikusita izan zuten inpresioa ezagutzera eman. “Beti pentsatu izan dut Mikel pertsona xumea dela, gertukoa, bere ikuskizunetan eta ikuskizunetatik kanpo ere dena ematen duena; eta batzuetan gertatzen den arren irudikatzen duzunetik, jasotzen duzunetik errealitatera distantzia bat dagoela, egin duzuen dokumental honetan horixe bera ikusi dut islatuta”. Bigarren batek, izenik eman ez zuen emakumea hau ere, “asko gustatu zait musikarien atzeko pertsonak ezagutzea, beraien bizitza eta lanketak ikustea”, egin zuen iruzkina. “Lan aparta egin duzue eta zorionak”.
Aretotik irten ostean ere inork ez zuen etxerako gogorik, eta dezente luzatu zen “Margolaria” filmaren lan taldearen eta ikusleen arteko kalaka, ezagunen arteko besarkada eta diosalen artean. Gure aldetik, beste pare bat iritzi ezagutzeko aprobetxatu genuen unea.
Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkate ohiak, “hunkitu egin nau”, onartu zigun beste ezer baino lehen, filma zer iruditu zitzaion itaundu genionean. “Handia da Mikelek [Urdangarin] euskal kulturari eta herri honi aportatzen diona, baina gure aurrean barrutik nola biluzten den ezagutzea, eta nola erakusten duen barruko lanak nolakoak diren, ze sentimendu dauden… oso interesantea iruditu zait. Hunkituta eta pozik atera naiz zinematik”.
“Izugarri gustatu zait fokoa nola jarri duen sormenean”, bota zigun sutsu, bere aldetik, Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendariak. “Harritu nau sormenari buruz zer nolako hausnarketa polita egiten duen. Izugarri ausarta iruditu zait apustua, eta biribila emaitza”.
“Hunkigarria”, esan zigun Maialenek ere hitz bakarrean, herabe. Mikel Urdangarinen zale amorratua denez, bagenekien disfrutatuko zuela; “baina bere zale ez direnak ere disfrutatzeko modukoa” iruditu zaio dokumentala.
Larunbateko estreinaldiaren ondoren, “Margolaria” filmeko lan taldeak festatxo bat egin zuen zaleekin batera, lana Zinemaldian erakutsi izana ospatzeko. Ez da gutxiagorako!