[Zine kritika] Margolaria

Margolaria –

Zuzendaria: Oier Aranzabal

Urtea: 2018

Herrialdea: Euskal Herria

Margolaria

Margolariak mihisea duen bezala, musikariak isiltasuna dauka, espazio hutsa, sortzeko lautada. Zinemagileak ere zeluloidea dauka, oraingoan beltzez, gaua bezala, ilun, argitzearen zain.

Isiltasun sakonenean ere entzun daitezke soinuak, zaratak, doinuak. Ilunpetan bezala, behin ohituta, antzemangarriak bilaka daitezkeen aztarnak. Taupadak direla, arnasa, itsasoa urrutira, zirrikituetatik sartzen diren argi izpiak, oihal zuriaren itxurazko perfektutasuna hausten duten ñabardura ñimiñoak. Hauek dira sormenaren itsas argiak, medio edo diziplina bakoitzean topatuko ditugun nolabaiteko norabide zantzuak. Has gaitezen sortzen, bi muturrak batzen, barrunbeak kanpora ateraraziko dituen amua eta pita, sor dadin emaitza, margoa, filma, kantua.

Ez delako erraza sortzaile izatea, ez sortzeak eskatzen duen lana delako, sortzearen beharra, izan badelako, sortzeak apustu gogorra eskatzen duelako baizik, erabakiak hartzea, ausartzea, eta grin horri behar zaion errespetuz aritzea. Badago, eskerrak, sortzeari zor zaion  arreta eskaintzen diona, muga guztien gaindik aurrera egiten duena, itsas argiak han, urrutira argi ikusten dituena, gauetan itsasontziak legez, kostaldera hurbiltzen direnean bezala, etxera, itsasoan bildutakoa konpartitzera.

Oier Aranzabal Margolaria zintan sormen prozesuaz arituko zaigu, honetarako Mikel Urdangarin jarraitzea proposatuko digu, musikaria, sortzailea. Urdangarinekin batera beste sortzaile ugari ezagutu ahal izango ditugu, bakoitzak bizitza esperientzia desberdinak elkarbanatuko ditu. Alain Urrutia margolaria da, eta Londresen bizi da, Mikel eta Alain aspaldidanik dira lagunak, batek margolari bati buruz egin zuen abestia, besteak itzuleran margo bat oparitu, Oierrek ordea musikaria eta margolaria aitzaki bezala hartu ditu, hauekin eta beste osagarri askorekin filma sortzeko, istorio honetako hirugarren zutabea.

Musika hitzez azaldu ezin ditugun gauzak azaltzeko bidea da, beste hizkuntza bat, beste lengoaia bat, hitzik erabiltzen ez duena, mugarik ez duena, pertsona, herri, hiri, denbora eta espazioa zeharka dezakeena. Margoak ere badu zerikusirik gaitasun horrekin. Hitzik gabeko komunikatzeko bidea, espazioa eta denbora zeharkatzeko gai den mezua, itsasora kristalezko botiletan jaurtitzen diren mezuak bezala, kantauritik Tamesisera iristen diren furgoneta gorriak bezala, erraietan sortutakoa garraiatzeko.

Kirmen Uribek aipatzen du zintan, matxurak ditugula, orbanak, zauriak, gure bizitzaren aztarnak, jazo zaizkigun gertaeren bilduma. Honek egiten gaitu garena, perfektutasun ez horretan bakarrak, ederrak, errepika ezinak.

.

Margolaria
66SSIFF, Alain Urrutia, maluta films, margolaria, Mikel Urdangarin, Oier Aranzabal, Zinemaldia, Zinemaldia66, Zinemira

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude