Lucky

Lucky –

Sinestezina dirudien arren, bi urte pasa dira paraje hauetatik azkenekoz ibili nintzenetik. Nire azken sarrera 2016ko Oscar sarietako dokumental hautagaiei buruz izan zela gogoan dut, eta ordutik zenbat gauza gertatu den konturatzen naizenean, bizitza den filma ziztu bizian pasatzen dela gogoratzen dut.

Lucky

Gertatutako gauza horien artean nigan eragin handiena izan duena, inolako zalantzarik gabe, ZuZeu mundura lotu ninduen lagun maiteak, gure Hasier Etxeberriak, iazko martxoan umerzurtz utzi gintuela da. Eta heriotza da, preseski, gaurkoan hizpide dugun filmak jorratzen duen gaia. Eta ezin aproposagoa iruditzen zait ZuZeun gorde didaten txoko honetatik berriz zineaz idazten hasteko.

Harry Dean Stanton-ek (Paris, Texas, The Green Mile, The Godfather II) gorpuzten duen “Lucky”, bederatzigarren hamarkadan sartutako Arizonako aiton ezkongabe ateoa da. Bizitzaren negua modu xumean bizi du eta errutina atsegin du: goizetan yoga pixka bat, kafea krema eta azukre askorekin, zigarroa, paseo luzeak, gurutzegramak kafetegian eta gauean “Bloody Maria” herriko tabernan. Baina goiz batean, kafea egiteko zain dagoela, ondoezik jarri eta erori egiten da. Medikuak ez du ezer berezirik ikusten egindako frogetan, eta “zaharra zara” esan eta joaten uzten dio. luckyBaina gertaerak ukituta uzten du Lucky. Eta bera bezala beharrezkoa baino independienteagoak garenoi, deszendentziarik gabe eta bikotekiderik gabe bizi garenoi heriotzak eta gaisotasunak gertutik ukitzen gaituenean gertatzen zaigun bezala, Lucky-k bere buruari galdetzen dio: “Eta ni, nork zainduko nau“?

Nahiz eta filman askorik ez gertatu, txundituta geratzen gara pertsonaien indarra eta egiazko antzezpenekin, umorez jositako elkarrizketa bikainekin eta bizitzari eta heriotzari buruz egiten diren hausnarketa zintzoekin. Eta zinetik irrifarre batekin ateratzen gara. Donostian G&T bat kostatzen denaren truk, ez dago gaizki ezta?

lucky

Ehundik gora filmetan parte hartu ondoren, 91 urterekin 2017ko irailean zendu zen Stanton eta Oscar sarietako hautagaitza ia ziurtatu dion protagonista lan hau opari eta omenaldi bat izan zen berarentzat.

Lucky-k filman zehar hainbat hausnarketa filosofiko egiten ditu eta ni, istorioaren gaia ederki laburbiltzen duen errealismo kontzeptuaren deskribapenarekin geratzen naiz: Egoera bat bere horretan onartzeko jarrera edo trebetasuna eta hura behar den bezala maneiatzeko prest egotea. Eta nik gehituko nuke: … eta onartzeko gai ez bazara, hartu “Bloody Maria” bat!

Ez dakit hemen esandakoak filma ikusteko tentatu zaituen, baina ni agenda libratzera noa bigarren aldiz ikusteko.

Izarrak: 5/5

Lucky

Aipagarriak:

David Lynch zuzendariaren aktore lana,  John Carroll Lynch (ez, ez da David-en semea) aktore ezagunaren lehenengo zuzendaritza lana fina, mariatxi abestiz jositako soinu banda zoragarria.

Eszenarik kuttunena: (SPOILER ALERT)

Lucky

Lucky

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus