Kritika Zinematografikoa: “Los Colonos”

Kritika Zinematografikoa: “Los Colonos” –
Kritika Zinematografikoa: "Los Colonos"

Zuzendaria: Felipe Gálvez Haberle
Urtea: 2023
Herrialdea: Txile

Kritika Zinematografikoa: "Los Colonos"-Odolez bustita dago etorkizuneko Txile-

Beharbada elkarrengandik horren gertu estreinatu izanak kalte egin dio. Felipe Gálvez ez da Martin Scorsese, eta txiletarraren opera primak ez du Killers of the Flower Moon-ek adinako proiekziorik izango, baina Los colonos, ikustea merezi duena baino, ikusi beharreko filma da. Zinemagile italoamerikarraren lan berriena bezala, XX. mende hasieran girotuta dago, eta lurraldeko biztanle autoktono eta horien gainetik dauden gizon zuri, diruzale eta zapaltzaileen arteko botere-harremanak aztertuko ditu: lur-jabe aberats batek bere jabetzaren perimetroa mugatzeko asmoz, Ozeano Atlantikorako bide bat irekitzeko eskatuko die kontratatu berri dituen mestizo gazte bati, mertzenario amerikar bati eta teniente ohi britainiar bati. Horiek, inolako eskrupulurik gabe egingo diote tiro bidean aurkituko dituzten maputxe eta indigenei.

Nazio eraikuntzaren aitzakiapean justifikatutako indarkeria salatuz, historia ofizialaren kontaketak dituen zirrikitu odoltsuak harakatu ditu Gálvezek. Westernaren arketipoak eta iruditeria barneratuko dituen obra izanik, zibilizazio berriaren jaiotzaz hitz egingo digu, baina generoko film klasikoek erromanizatzen zuten mitoaren irakurketa manierista proposatuz. Landa-eremuan errotutako Txile tradizionalaren azken hondarretan ardaztuko da Los colonos, eta hain zuzen ere, irudi piktoriko indartsuek -lurrari estuki lotuta dagoen gizakia, esku-lanaren balioa baina baita ere alienazioa erakutsiko dituena-, eta soinu banda sarkorrak -Ennio Morriconeren konposizioak gogora ekartzen dituena: laugainka doan gitarra, heriotzaren iragarle diren tinbalak, abenturazaleen tronpeta doinuak- Patagonian zehar murgilduko gaituzte.

Desertua jada ez da protagonistak murgildu beharreko paisaia basatia, baizik eta inpultso eta irrika kapitalista zein handinahia asetzeko sarraski-esparrua. Herrialdeko lurren banaketak horien jabeen eta modernitateari ateak ireki nahi dizkioten hiriguneetako administrarien arteko borroka piztuko dela ikusiko dugu, baina menpekotasun-harremanek bere horretan jarraituko dute. Genozidio eta etnozidio bortitzari amaiera eman, eta maputxe, indigena eta kolonoen arteko elkarbizitza bermatzeko asmoz, etorkizuneko Txile aldarri duen politikari baten agerpenak esperantza-izpi bat sortuko duela dirudi filmaren azken txanpan. Baina Gálvezek ez du politika integratzaile eta interesatuetan sinesten, baizik eta errespetuan, eta memoria zein justizia historikoan.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Los Colonos"

Kritika Zinematografikoa: “Los Colonos”

Euskal pantailaren gunea