Hezkuntza Lege honi Ez!

Hezkuntza Lege honi Ez! –

Duela urtebete Bilboko kaleetan barrena Hezkuntza Legearen egitasmoari gure desadostasuna adierazi genion bezala, oraingoan ere milaka herritarrok Donostiako kaleak bete ditugu, “Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez” oihukatuz.

Tamalez, iazko kezkak areagotu egin dira. 2022ko apirilean Hezkuntza Akordioa sinatu zenetik, Hezkuntza Sailak sare pribatu-itunduaren alde jokatu du behin eta berriro, herritar guztiona eta benetako zerbitzu publikoa den Euskal Eskola Publikoa sendotzeko neurriak hartu beharrean.

Hezkuntza Lege honi Ez!

Behin hau esanda, horra zertan oinarritzen dugun Hezkuntza Lege honekiko desadostasuna:

  • Ez du eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzen. Publiko-pribatu sistema duala betikotu nahi du, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa asmakizun eufemistikoaren bidez. Ondorioz, sare publikoa eta pribatua berdindu egiten ditu.
  • Ez du eskola publikoa lehenesten, hezkuntza sistemaren erreferentziazko sare nagusi bihurtu dadin, aldiz, itunpeko ikastetxeei aro luze baterako garapena zein finantzaketa bermatzen die.
  • Ez du hartzen neurririk ikasle guztiak euskalduntzeko, ardura hori ikastetxeen esku utziz. Eusko Jaurlaritzak argi utzi du egungo hizkuntza-ereduek indarrean jarraituko dutela, euskalduntze prozesurako eraginkorrak ez direla denok jakin arren.
  • Ikastetxe guztiak merkatuaren logikan sartzen ditu, hezkuntza merkantilizatuz.
  • Eskola-segregazioren arazoari aurre egiteko neurriak azalekoak dira, ez baitu arazoaren sustraira jotzen.
  • Ez du hezkuntza laikoa bermatzen.

Gainera, Euskal Eskola Publikoaren aldeko hainbat eragilek (Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma, Ordiziako Urdanetarrak Eskola Komunitatea, Urola-Kostako plataforma, Aiaraldeko Eskola Publikoa Bizirik, EHIGE gurasoen elkartea, Eskola Laikoa, HEIZE, ILP eskola inklusiboa, Gonzalo Larruzea – Hezkuntza Antolakuntzan doktorea-, Adarra pedagogia kolektiboa…) ekarpen sendoak aurkeztu genizkion Hezkuntza Legeari ekainean, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Alabaina, bertan egindako ekarpenak ez dira aintzat hartuak izan. Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio Eskola Publikoaren alde egindako eta esandako guztiari.

Aldiz, aipatutako eragile horiek hemen egon dira oholtzan gurekin, baita Garbiñe Biurrun epailea ere, berak mikrotik hitza hartu duelarik.

Gure eredua Euskal Eskola Publikoa da, unibertsala, inklusiboa, orekatzailea, anitza, euskalduna, laikoa, kalitatezkoa, hurbila eta doakoa. Eskola Publikoa denona eta denontzat da, ateak zabalik dauzkalako mundu guztiarentzat. Eskola publikoa benetan erdigunean jarriko duen hezkuntza nahi dugu, gizarte kohesioa eta berdintasunezko hezkuntza euskalduna bultzatuko dituena.

Hartara, dei egin nahi diegu Legebiltzarreko alderdi guztiei, hurrengo asteetan eztabaidatuko dituzten zuzenketen harira, Legearen sakoneko mamia birpentsatu eta bertan behera utz dezaten sare pribatuko ikastetxeen interes partikularrak mantentzen dituen lege hau, guztiona den sare publikoa bazterrean uzten duen bitartean.

Horretxegatik, Eskola Publikoak inoiz jasoko duen eraso handienaren aurrean:

Gora guztion euskal eskola publikoa! Hezkuntza lege honi ez!

Hezkuntza Lege honi Ez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude