«Le grand roman du Pays Basque»

Le grand roman du Pays Basque –

Euskal Herriari buruzko nobela handia espainolez idatzi du Fernando Aramburuk. Pentsatu apur batean, eta zilegi da, zergatik ez? Zilegi da Aramburuk nahi duena nahi duen eran idatzi eta nahi bezala iragartzea. Ez da lehena, ezta azkena izango ere.

Deigarria da, baina, Iban Zalduak igarri bezala Espainolezko narratibaren Euskadi Saritik hasi eta Espainiako Sari Nazionalerainoko sari guztiak jaso dituen nobela euskaraz baino lehenago argitaratu dela frantsesez. Deigarria litzateke horrelakoetara mingarriro ohituak ez bagina. Ez diot ideia ona denik, komertzialki, batez ere, (dagoeneko espainolez irakurri ez duen nork irakurriko luke Patria euskaraz?) baina ez zaio ironiarik falta kontuari. Ez zien ba euskaraz argitaratzeko subentzioei uko egingo Aramburuk?

Martxoaren 16ko Le Monde des Livres gehigarrian orrialde osoko iragarkia (orrialde bakoitian) ordaindu zuen Actes Sud argitaletxeak Patria frantsesduna iragartzeko. Frantziar estatuko liburu-dendetako eta orotariko geltokietako dendetako apaletan dago honezkero liburua, «LE GRAND ROMAN DU PAYS BASQUE» etiketarekin.

Ez dut, egia da, liburua esku artean izan. Euskaraz irakurriko nuke? Ez dakit. Iban Zalduaren kritika bai irakurri nuen eta izan nezakeen interes apurra ase, irakurri gabe ere nobelari buruzko iritzi bat eraikitzeko gakoak jaso. Orrialde osoko iragarkiari begiratu bat eman (nobelaren aurrerapen gisa bi atal ageri dira) eta esan behar dut harritu nauela espainolez, ziur, «el Txato» gisa ageri dena «le Txato» itzuli duela Claude Bletonek («Depuis, il n’y a plus d’ornements sur la tombe du Txato» moduko esaldiak sortuz). Zentzuz egingo zuen itzultzaileak hautua, baina ezin da esan irakurtzerakoan arraroa egiten ez denik.

Le grand roman du Pays Basque

Le grand roman du Pays Basque
Euskadi Literatura Saria, euskara, literatura, Patria

3 pentsamendu “«Le grand roman du Pays Basque»”-ri buruz

  • Eta liburua irakurri gabe hain kritika ezkorra idazteko kapaz zara? Nik irakurri dut eta iruditzen zait bertan kontatzen dena hemen gertatu egin dela. Beste gauza batzuk ere bai…baina ezinezkoa da gatazka bat biltzen eta esplikatzen duen nobela “totala’ idaztea. Fernandok idatzi duena, fikzioa izan arren, erreala izsn da Euskalherrian azken urteotan. Denok , edo behintzat adin bat daukagunok ezagutu eta bizi izan ditugu horrelako hainbat eta hainbat pasadizo…mehatxu, bahiketa, hilketa, pintaketa, beldurra eta abar

  • Peru Iparragirre
    Peru Iparragirre 2018-03-26 16:21

    Aupa Jon,
    Ez dut uste testutxoan liburuaren edukiari buruz aritu naizenik, diozun bezala, irakurri gabe hala egitea zilegi iruditzen ez zaidalako. Horrek ez du kentzen liburuari buruzko iritzi bat izatea (aurreiritzirik ez duenak, funtsatuak izan ala ez, bota beza lehen harria).
    Esan ditudanak liburua irakurri gabe ere esan ditzakedalakoan nago, baina. Batez ere kasu paradigmatikoa iruditzen zaidalako hau: Euskal Herriari buruzko sekulako lana egin (ez naiz balorazioetan sartu) baina euskaraz argitaratu ez. Zergatik? Hori da jakin nahi dudana.
    Ez nuke pentsatu nahi aipatzen ari garen liburua irakurri dudan neurri berean irakurri duzunik iruzkintzera animatu zaren testua.
    Adeitasunez,

  • Niri ere ez zait iruditzen bidezkoa horren iritzi borobila ematea, edo goikoa bezalako artikuluxka bat idaztea, irakurri ez den liburu bati buruz, areago autoreak berak onartzen duelarik bere juzkua oinarriturik dagoela bere “aurreritzietan” eta bertze kritiko BATEK (ohar honi: ez bertze kritiko BATZUEK!) emandako iritzi partikularrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude