Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea

Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea –

Artikulu honetan, arrakasta handiko programa bati buruz arituko naiz. ETB1eko saio ikusienetakoa da, “Ur Handitan” deiturikoa. hain zuzen. Programa honek 3 denboraldi daramatza jada. 2015an estreinatu zen Jaime Otamendi-ren eskutik. Bigarren denboralditik, ordea, Xabier Madariaga dugu gidari lanetan.

Ur Handitan erreportaje programa bat da. Astero-astero euskal gizartean dauden kezkak, galderak eta eztabaida gaiak jorratu eta aztertzen dituzte. Gaurkotasunari lotutako gaiak izaten dira, gizarte zein politika gaiak batik bat. Gai horretako protagonistak elkarrizketatzen dituzte, beraien testigantzak eta istorioak erakutsiz. Adibidez: pobreziaren aurpegiak, maitasuna, Altsasuko biharamun luzea, futbola jokoz kanpo, kale gorrian (kalean bizi diren pertsonei buruz), Motxiladun umeak…. 60 programa inguru egin dira dagoeneko.

Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea

Saio honen audientzia daturik onena 2018ko urtarrilean izan zen. Motxiladun umeak izeneko atalean, euskal presoen haurren gaia landu zuten. Programa honetako protagonistak umeak eta gazteak dira. Nagusienak 19 urte ditu, txikienak zortzi. Ume hauek aita edo ama, kasu batzuetan biak, espetxean dituzte. Kasu guztietan gurasoak Euskal Herritik kanpo daude. Horrek saioko protagonisten egunerokoan duen eragina ematen du ezagutzera. Niri gehien gustatu zaidan historia Garirena izan da. Ume honek bederatzi urte ditu eta Granadako kartzelan jaio zen, gurasoak bertan baitzeuden preso. Hiru urtera arte espainiar Estatuko kartzela ezberdinetan bizi izan zen gurasoekin, baina, legeak behartuta, kartzelatik irten behar izan zuen. Ordutik, Biriatun bizi da bere aitona-amonekin. Gurasoak egun Algeciraseko kartzelan daude eta Garik hilero 2.000 km-ko joan etorria egiten du beraiek ikusteko.

Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea

Agian, lortutako audientzia arrakasta gai honek telebista publikoan orain arte izandako aitortza faltagatik izan da. Aldarrikapen historikoa izan bada ere, oinazea lehen pertsonan luze eta zabal jakitera eman duen programarik ez da apenas egon. Presoen gaiaz kezkatutakoen artean, errekonozimendu honetarako egarria nabari zen. Esan daiteke, hein batean, bederen, ase egin dela.

Programa honen gidariari buruz jarraian hitz egingo dugu, Xabier Madariaga deitzen da. Bilbotar hau, 2003an kazetaritzan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitate pribatuan. Ikasketak amaitu orduko, Jerusalemera jo zuen eta hiru urtez Israel eta Palestina arteko gatazka gertutik bizi izan zuen. Horrez gain, Ekialde Hurbileko korrespontsala izan da. Gaur egun Euskal Telebistan eta Euskadi Irratian berriemaile bezala egiten du lan. Kazetari legez, jarrera serio eta objektiboa transmititzen du. Kazetaritzaren “5Z”-k azaleratzen ditu: zorrotz, zuzen, zehatz, zuhur eta zintzo. Saio hauek sortzeko, iturri ugari aztertu eta gaietan sakontzen du. Gaiak arras ezberdinak dira, lehen aipatu bezala.

Pertsona arrunten elkarrizketetan oinarritzen da. Baina kasuistika ez du kauisistika bihurtzen (kasuetan oinarritu ordez, kausetan egin). Horregatik, elkarrizketak azalpen orokorrekin tartekatzen ditu. Elkarrizketatuek esandakoa sakon analizatzen du, esanguratsuena nabarmendu eta zuku handiena ateraz. Programaren erritmoa lasaia da, baina dinamikoa. Musikak ere garrantzi handia du, ikus-entzuleak harrapatu eta gaian bideratzen laguntzen baitu.

Idazlan honi gehitzeko, oso garrantzitsua eta interesgarria iruditu zait Ur Handitan-eko gidariari berari elkarrizketa txiki bat egitea, bertatik bertara kontatzeko zelakoa den esperientzia hau. Berarekin kontaktuan jartzeko EiTB-ko arduradunak laguntza handia eman digu eta horregatik eskerrak eman behar dizkiot.

Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea

ZuZeu-ko irakurleen izenean, mila esker, Xabier, elkarrizketa onartzeagatik. Benetan estimatzen dugu.

Hedabideetan irakurri dugu duela gutxi aita izan zarela, bikiena gainera. Zorionak! Nola uztartzen duzu lana eta familia? Erraz?

Zaila da… berandu iristen naiz leku guztietara, eta batez ere Ur Handitan-eko lankide ta elkarrizketatuek sufritzen dute hori. Askotan uste dut egunak ez dituela nahikoa ordu… Baina oso polita da, politegia. Aita izatea da orain arte izan dudan erronkarik politena.

EHn munduko jaiotza-tasa baxuenetakoa dugu. Kazetari eta euskaldun bezala, pentsatu al duzu horrek euskaran izan dezakeen eraginean (agian, saio bat horren inguruan egin dezakezue)?

Euskaran izan dezakeen eraginean ez dut inoiz pentsatu, baina bai uste dut jaiotza tasa baxuak ez gaituela nahikoa kezkatzen. Parisen korrespontsal izan naizen bitartean argi ikusi dut jaiotza tasak Frantzian duen garrantzia. Alemaniakin alderatzen dira beti eta datu ekonomikoetan atzean badaude ere, jaiotza tasan hobeto daude frantsesak, eta hori harrotasunez azpimarratzen dute urtero urtero. Euskal Herrian dugun bizitza kalitatearekin, ez dut ulertzen nola dugun holako tasa baxua… baina hori agintariek seriotasunez hartu beharko luketen gaia da. Laguntza gehiago eman, edo dena delakoa. Jaiotza tasaren datu eskasak ez dira erabiltzen borroka politikoan, ez zaielako behar bezalako garrantzia ematen. Jaiotza tasak ere, herria eraikitzen laguntzen du.

Zure arlo pertsonalarekin jarraituz, Xabier… Noiz erabaki zenuen kazetari izatea?

Hamabi bat urte nituenetik… Radio Euskadiko albistegiak grabatu, dena transkribitu ta gero nire burua grabatzen nuen berriz ere albistegia egiten. Ordutik, argi neukan egin nahi nuena.

Zergatik aukeratu zenuen korrespontsal lana? Zelan da atzerrian berriemaile gisa izateko lana?

Erresuma Batuan, Erasmus urte bat egin nuen unibertsitateko 3. urtean. Orduan «korrespontsal» lanak egiten hasi nintzen Euskadi Irratirako. Asko gustatu zitzaidan. Erasmusetik itzuli eta kanpotik lan egiteko gogoa piztu zitzaidan. Atzerrian berriemaile izatea, komunikabide batek eskaini ahal dizun aukerarik onena da –Ur Handitanekin batera, noski… kar, kar-. Zure airera mugitzen zara, jefeak urrun daudela. Hori baino hobeagorik ez dago. Zuk markatzen duzu agenda, zure interesen arabera… den dena abantailak dira!

Zergatik joan zinen hain urrun hain gazte? Zure erabakia izan zen edo beste aukerarik ez zenuen mundu lehiakor honetan? Noizbait pentsatu zenuen bizitza arriskuan zenuela, Ekialde Hurbileko herrialde gatazkatsuetara joanik?

Nire lehen aukera Londres zen. Han egin nuelako Erasmus, eta ingelesa menperatzen nuelako. Baina karrera bukatzerako, Londresko korrespontsalia hartuta zegoen eta beste aukera batzuk bilatu behar izan nituen. Garai hartan Angela Rodicio ikusten nuen Jerusalendik berriemaile Tve-rentzat, eta bera ikusita pentsatzen nuen: emakume honek handik lan egiten badu… han ere bizi ahalko da. EiTBn proposamena egin eta helburua borrokatu ostean, lortu nuen. Ekialde Hurbilera iritsi eta bakar bakarrik ikusita, bakardade sentimendua bai izan nuen, baina beldurra ez.

Ikasi duzu arabiera edo hebreera ekialde hurbilean egon zarenean?

Ez, ez, lau hitz soilik, egia esan. Arabiera klaseak jasotzen hasi nintzen, bai, baina gure ordutegiekin eta… oso zaila izan zen. Klase partikularrak etxean izan nituen, baina… Eta hebreera ez nintzen ezta saiatu be egin, nahiz eta egia esan, hebreera ikasteko nahiko sistema erraza daukatela dioten. Uste dut euskaltzale asko joan direla Euskaditik Israelera euren sistema berezi hori ikustera eta ezagutzera. Hizkuntza hori ikasteko orduan teknika guzti horiek erakusten dizkizute eta bermatzen dute urtebeteko kurtsoa eginda besterik ez, hitz egin ahalko duzula eta horrek animatzen zaitu. Hala ere, nik ez nekien zenbat urtez egongo nintzen, ezta kurtsoa aurrera eraman ahal izateko erregulartasuna izango nuen ere.

Baina, zenbat urte egon zinen? Hiru ezta? Gainera, hizkuntza horrek beste alfabeto bat du, ez?

Bai, 3 urte egon nintzen, 2003tik 2006ra. Eta bai, nahiz eta beste alfabeto bat izan, badirudi kurtso eraginkorra dela. Cuatro-ko lankide batek egin zuen eta nahiko ondo ikasi zuen, Naiara Galarragak, donostiarra den kazetaria. Beraz, sistema oso ona daukate erakusteko. Guk kazetari moduan ez genion erabilerarik ikusten, azken finean Israel herrialde gaztea denez eta leku guztietatik etorritako jendeak osatzen duenez, ingelesarekin nahiko ondo mugitu ahal zinen egunerokotasunean…

Gazte askori atzerrira joatea gomendatzen diete, hizkuntzak ikasteko edo lan aukera gehiago edukitzeko. Esperientzia aberasgarria da, zalantzarik ez. Baina ez al dago arriskurik gazte asko atzerrian bizitzen bukatzeko?

Gazte askok bikotea edo lanean egonkortasuna topatuz gero, zailagoa suertatzen zaie EHra bueltatzea. Gainera, atzerrian familia sortzen baduzu, ez duzu zure familia-sareko laguntza umea hazi eta hezteko.

Eta zer uste duzu zuk?

Nik ere atzerrian urte batzuk egitea gomendatzen diot galdetzen didan guztiari. Hori baino aberasgarriagorik ez dago. Mundua ikusten duzu, lan egiteko beste modu batzuk ezagutzen dituzu… ikaragarri polita da! Eta itzultzeko aukera beti dago hor. Jaioterria beti dago hor. Egia da familia izatea gauzak konplikatzen direla, eta ez duzula hainbeste disfrutatzen deskubritzen ari zaren herrialdea, etxean nahikoa deskubrimendu duzulako… baina tira! Askotan tokatu zaigu lagunen alabak edo semeak zaintzea.

Ur Handitan, egunerokotasuneko gaietan ur handitan ibiltzeko aukera.

Jende askok ez zuen ezagutzen “ur handitan ibili” espresioa, zuen programa heldu arte. “Gai garrantzitsuetan aritzea” esan nahi du.

Ur handitan-en aurpegia zu zara, baina jende askok parte hartzen du saioa aurrera eramateko. Zein talde osatzen duzue?

Hamabost bat pertsona gara. Oso inplikatuak denak. Beraiengatik izango ez balitz, programa ez zen aurrera aterako. Oso gustora nabil eurekin.

Nola lortzen duzue elkarrizketak egiteko prest dagoen jendea lortzea?

Erredakzioak egiten duen lan zaila da hori. Telefonoan ematen diren ordu asko. Perfilik interesgarrienen bila, eta gero protagonista horiek pantaila aurrean jartzeko konbentzitzen.

Zein albiste kostatu zaizu gehien kontatzea?

Motxiladun umeen istorioak kontatzea oso gogorra izan da. Egia esan, umeak tartean dauden edozein istoria oso gogorra egiten zait. Seme-alabak etortzen zaizkit burura… Aita izan ostean txotxolotuta nabilela uste dut. Pasako dela espero dut!

Zein da gehien markatu zaituen istorioa?

Ume transexualena. Mikeleren bizipozak eta bera dena defendatzeko indarra eredugarria dela uste dut.

Eta etorkizunean zein gai daukazue pentsatuta? Pistarik emango zeniguke?

Trenak ekarritakoak, alzheimerrak aldatutako bizitzak, Berri Txarrak…

Euskarazko TB, euskaldunak behar. Euskaldunek, euskarazko TB behar.

Saio honek euskarari ekarpena egiten diola ez dago zalantzarik. Baina, Ur Handitan esparrutik haratago, telebistaren digitalizaziotik, kate askoz gehiago ditugu etxean eta lehia ikaragarria da kateen artean. Euskarazko eskaintza ez da modu proportzionalean igo (erdarazkoekin alderatuz). Uste duzu euskaldunok kateak erdarazko kateak desintonizatzea derrigorrezkoa dela euskarazkoetara gehiago heltzeko?

Ez dago ezer desintonizatu beharrik. Zenbat eta kate gehiago, hobe. Zenbat eta informazio gehiago, hobe. Aukeraketa ona egiten ikasi behar dugu, besterik ez.

ETB bezalako medioetan beldurra dago hainbeste telebista eskaintza egoteagatik eta Interneten lehiagatik?

Ez, nik uste dut beldurra ez, baina egia da gauza asko birplanteatu behar direla eta horretan daude. Ez dakigu oso ondo zer izango den komunikabideen kontsumoa hamarkada gutxi barru, eta hori nabaritzen da pilo bat. Adibidez Ganbara, Radio Euskadiko albistegietan. Orain ari gara probatzen eta uste dugu etorkizuna hortik doala, eta hasi gara emititzen streaming bidez, baina momentuz ematen dituen datuak barregarriak eta negargarriak dira. Gazteen artean ikusten dugu (ETB1eko saioetan adibidez), ezin dutela itxaron hurrengo kapitulura arte. Ohituta daude hurrengo atalak segituan ikustera interneten.

Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea

Mila esker berriro ere UrHanditan saioko lan-taldeari eta zuri Xabier, zure erantzunengatik. Nire aldetik, zuok, irakurleok, saio hau Telebistan edo Interneten gozatzera gonbidatzen zaituztet. Atal desberdinak ikusteko aukera luzatu besterik ez dut.

Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea   Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea   Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea   Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea

Zer duzu buruan “Elkarrizketatutako elkarrizketatzailea”-ri buruz

  • Joan Mari Irigoien (idazlea) 2019-04-25 19:48

    Xabier Madariaga jauna:
    Idazten dizut esateko zure/zuen UR HANDITAN saioaren jarraitzaile leiala naizela. Zergatik? Lehenik eta behin, tratatzen dituzuen gaiak interes handikoak iruditzen zaizkidalako; gaiak, gainera, sakon tratatzen ahalegintzen zarete, tranparik gabe, eta eskertzekoa da zuen ahalegin hori. Herenegun-edo, berriz, musikoterapiarekin aritu zineten, modu ezin egokiagoan (Xabier Lizaso eta Ander Irurotagoiena lagun), eta egia esango dizuet: hunkituta geratu nintzen. Egia da gure mundu honetan sarri baino sarriagotan entzun behar izaten ditugula gertakari latzak, baina ni ere, zuek bezala, sinetsia nago musikak asko eta asko lezakeela, sorgindu ere egiten gaitu noiznahi: animoak hiri, beraz, Xabier, eta animoak talde osoari. ////// JMI