Kritika Zinematografikoa: “Irati”

Kritika Zinematografikoa: “Irati” –
Kritika Zinematografikoa: "Irati"

Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria

-Euskal kondairen lurraldea-

Kritika Zinematografikoa: "Irati"

Duela bost urte Paul Urkijok Errementari aurkeztu zuenean harrigarria izan zen euskal zinemaren eremu txikian fantasiaren inguruko kontaketa hura ikustea. Euskal zinemagintzako (animaziotik kanpo, behinik behin) narratibek oinak lurrean izatearen osagaia dute, oro har, errealitatearekiko hertsirik dauden istorioak dira garatu ohi ditugunak. Hala, gustagarria izan zen fantasia jorratzeko gailuak eraikitzeko gaitasuna bazegoela behatzea, gainera horren gertuko somatzen genuen istorio tradizionalarekin.

Bost urteren ondoren, dena handiago bilakatu du zuzendari arabarrak. Irati-ren bitartez fantasiaren erroetan are gehiago sakondu  du, euskal historian  atzerago joan da (VIII. Mendeko Nafar Pirinioen ingurura), eta euskal kontakizunen sustrai horretan egiten duen proposamena zabalagoa da. Hala, fantasia epikoaren generoan bete-betean sartuta, historia eta mitoa elkarren ondoan jarriko ditu euskal nortasunaren inguruko pelikula ikusgarria kontatzeko.

Orreagako batailan Eneko Aritza (Eneko Sagardoy) aita galdu ondoren, ibarreko jaun izateko bere hautagaitza konplikatu egingo zaio, aitaren gorpua egonkortu den tradizio kristauaren arabera ehortzi ez zela jakingo delako. Hala, Irati deituriko neskak lagunduta (Edurne Azkarate) basora bidaia egin beharko du gorpua berreskuratzeko, eta bertan azaltzen diren izaki magikoek bere mundu ikuskera zeharo aldatuko dute. Fantasia epiko tradizionalaren kontaketara egokitzen den istorioa da, nolabait legenda arturikoek historia anglosaxoiarekin egin bezala (are gehiago, John Boorman-en Excalibur aipatzen du Urkijok erreferentzia film bezala, Conan edo The Lord of the Rings bezalako kontakizunekin batera), euskal historia lurraldeko istorio tradizionalekin nahasiz. Hala, pelikularen hasiera zoragarriak guda aurreko naturaz gaindiko paktu bat erakutsiko digu. Eta Orreagako bataila iritsiko zaigu ondoren, zinez ikusgarria (Gladiator-en lehen batailaren oihartzunekin), era liluragarrian bukatuko dena euripean azalduko den elementu fantastiko harrigarriarekin.

Hala, aipaturiko bidaia horretan aurrez aurre jarriko dira pelikularen bi aurpegiak, bere erdiguneko pertsonaien bitartez. Enekok fede kristaua, historia eta botere politikoaren inguruko figura haragituko duen heinean, bere gidari izango den Iratik eremu mitiko eta kondairen sustraietatik hazi den pertsonaia irudikatuko du. Era horretan pelikularen gailur dramatikoa izango da bi pertsonaiek kobazulora egingo duten lehen sarreraren pasartea. Iluntasuna suaren argiak baino apurtzen ez duela, marrazki primitiboz beteriko harriak pertsonaiak inguratuko ditu, denak kutsu espresionista zoragarria hartzeraino, Platon-en kabernaren mitoaren alderantzizko prozesua bizitzen dugun heinean. Kobazuloan aurkituko ditugu izaki mitologiko hauetako asko, munstrotasunaren zein jainkotasunaren adierazleak.

Hain zuzen ere Tartalo, Lamia, Basajaun, Mari (Itziar Ituñok ia izar gonbidatuaren funtzioa daukala esan genezake) edo Sugar-en agerpenak era bestelakoetan egiten dira. Ematen du zenbaitetan ahalik eta gehien erakusteko grina horrek saturazio puntu bat eragiten duela, eta Urkijok dosifikatzea baliatzen duen momentuak estimatuak izango dira; hala nola, Basajaun-en tankera duen izakia, plano orokor finkoan, handiki altxatzen behin pertsonaiak joan direla, hunkigarria izango da bere soiltasunean.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Irati"

Kritika Zinematografikoa: “Irati”

Euskal pantailaren gunea