Karlos Klaberia eta Arizkurgiko apaiza
Karlos Klaberia eta Arizkurgiko apaiza –
Gogoan dut oraino, 1970. urtean, hamalau urte nituela, Dunixi Barandiaran osabak Karlos Klaberiaren “Leyendas de Vasconia”(Baskoniako kondairak) liburu miresgarria utzi zidala irakur nezan. Berehala irakurtzeari ekin nion eta ustekabean, mundu magiko-identitario batekin egin nuen topo. Ez nuen Klaberia eta liburuan azaltzen ziren historia, kondaira eta gertakizun gehienak ezagutzen: Mihiluzeko zubia, Basajaunaren argimutila, Sunbillako sorgina, Garagartzako mutila, Lizarrako maitaleak, Okabioko leizezuloa, Erronkariko sorginak, Naiarako Dona Andra Maria, Etzandegiko neska artzaina, Etxezuriko mutikoa, Menditzaleko irulea, Arteamendiko mamua…, eta abar luze-luzea; baina orduz geroztik gogoan atxikirik gelditu zitzaizkidan.
1.- Karlos Klaberiari buruzko hainbat zehazkizun
Karlos Klaberia Artza Iruñean sortu zen 1923ko agorrilaren 3an, eta hiri berean hil zen 2009ko otsailaren 5ean. Euskaltzalea eta abertzalea betidanik, EAJ-ko kide hil zen arte. Iruñean egin zuten lehen ikastolaren sortzaileetako bat izan zen. Aipatu Uxue ikastolatik sortu ziren geroago SanFermin eta Paz de Ziganda ikastolak. Aipatu beharra dago hainbat urtetan Euskalerriko Adiskideen Elkarteko lehendakaria izan zela.
Politika arloan jeltzalea zen eta frankismoaren aro beltzetan klandestinitatean aritu zen Napar Buru Batzarreko kide gisa, Manuel Irujo eta Joxe Agerrerekin batera. 1974tik 1979ra Nafarroako Foru Kontseiluko kide izan zen. 1977an, hau da, Franco hil ondorengo lehen hauteskundeetan, senaturako hautagai aurkeztu zen baina ez zen aukeratua izan. 1979tik 1983ra foru parlamentaria izan zen. 1984an Nafarroako jeltzaleen artean banaketa gertatu zen, gehienak Eusko Alkartasuna alderdi berrira pasatu ziren eta guttiengo bat Euskal Alderdi Jeltzalean gelditu zen. Klaberia azken horietako bat izan zen. 1984tik 1987ra Napar Buru Batzarreko lehendakaria izendatu zuten. 1986ean, Espainiako Gobernu sozialista ETAkoekin bilerak egin zituenean, berak parte hartu zuen EAJ ordezkatuz eta Ezker Abertzaleeko hainbat arduradunekin mintzatu zen. 1989an, EAJ-k senaturako aurkeztu zuen hautagaitzan Klaberiaren izena zegoen, baina zerrendaren azken postuetan.
Politikan egindako bidearen ordainez, jeltzaleek hainbat esker oneko ekimen eskaini zioten. Horrela Sabino Arana Fundazioko ohorezko lehendakaria izan zen hil arte. 1999an, Karlos Klaberiak, Anjel Barturenekin batera, Alderdi Eguneko ikurrina altxatu zuen. 2004an EAJ-k omenaldi sentikor bat eskaini zion Iruñean. Klaberia hil zenean Hego Euskal Herria hauteskunde kanpainan zegoen, eta EAJ-k haren ohorezko minutu bateko isilunea agindu zuen mitin eta hitzaldi guzti-guztietan.
2.- Karlos Klaberia idazle
Euskal Herriarekiko maitasunak bultzaturik, idazteari ekin zion. Historia eta etnografia arloan nabarmendu zen eta artikulu aunitz plazaratu zuen garaiko agerkarietan. Hauek dira, nik dakidala, bere libururik garrantzitsuenak: Niebla en el alma (Lainoa ariman), 1951, Leyendas de Vasconia (Baskoniako kondairak), 1959, Relieves del Genio Vasco (Euskal senaren ezaugarriak), 1966, Los vascos en el mar (Euskaldunak itsasoan),1966, Historia del Reino de Navarra (Nafarroako Erresumaren historia), 1971,Los Amigos del País de Pamplona en el siglo XIX ( Iruñeko Euskalerriko Adiskideen Elkartekoak XIX. mendean), 1974, Navarra en la Edad Media (Nafarroa Erdi Aroan), 1982, Los judíos en Navarra (Juduak Nafarroan), 1982,Navarra, 100 años de nacionalismo (Nafarroa, abertzaletasunaren 100 urte), 1996, eta Un recuerdo a D. Arturo Campion(Arturo Kanpion jaunaren oroimenez), 1955.
Hauetako batzuek zabalkunde handia izan zuten. Adibidez, Baskoniako kondairak liburutik lau argitalpen egin zituzten, Euskal senaren ezaugarriak liburutik bi eta Nafarroako Erresumaren historial iburutik lau. Zoritxarrez, nehoiz ez dira euskaraz argitaratu.
3.- Arizkurgiko apaiza
Artikulu honen hasieran erran dudan bezala, Baskoniako kondairak liburuak mundu magiko-identitario baten atea zabaldu zidan. Hori dela eta, Karlos Klaberiarekiko nolabaiteko zorra dudanez, kitatu nahi nuke, neurri ttiki batez,Arizkurgiko apaiza izeneko ipuin miresgarria lerro hauetara euskaraz ekarriz. Garai bateko nafar laborarien bizimodu apala kontatzen digu. Horratx:
“Herritik pasatzen naizen guztietan ikusten dut herrian zehar dabilela, alde batetik bestera, karriketako harri txintxarrak zanpatuz. Urte asko ditu gainean, baina, hala eta guztiz ere, oraindik arin ibiltzen da bere makilaren laguntzaz. Sotana zahar-zaharra du, garai batean beltza izan zena, eta buruan euskal txapela darama, kopeta aldean zorrozturik, aurpegia eguzkitik babesteko edo. Haren irudia erraz ezagutzen da, zelai eta zuhaitz orlegien artean, zeruaren urdintasunaren azpian edota etxeetako horma zurien aurrean.
Uda gorrian, arrats aldean, eguzkiaren berotasuna baretzen delarik, apaizak apaizetxetik irteten da Arizkurgiko inguruetan barrena ibiltzera. Gaztetan ibilaldi luzeak egiten zituen, orain, adinak horrela agindurik, laburragoak egin behar izaten ditu. Urteak ez dira alferrik pasatzen. Orain bere itzuliñoak egitean, gaztea zenean erraz igotzen zituen urruneko mendi gailurrak begiratzen ditu. Apaizaren irudiak poesia ematen dio Arizkurgiri.
On Andoni ehiztari amorratua izan zen gaztetan eta eskualdeko gainerako mutilekin batera, goiz-goizean ibiltzen zen xendra eta bidexketatik barrena zizpa eskuan hartuta. Ehiza bere zaletasun handia zen eta berdin ibiltzen zen basurdeen gibeletik zein txorien atzetik. Zizpa beti prest eta aldean zakurra, horrela egiten zituen orduak eta orduak, eta itzultzeko orduan beti ekartzen zuen zerbait berekin. Ehiztari ona zen, eta eskualde osoan hagitz famatua. Non begia, hor tiroa! Horrela erraiten zuten, bederen, arizkurgitarrek.
Herriko jaietan, frontoian nabarmentzen zen, sotana eta guzti partida ahaztezinetan. Esku gogorrak zituen, gorputz arina eta buru kementsua. Oihuz animatzen zituen gainerako pilotariak, eta herriko mutilek esker onez begiratzen zioten.
Iruñeko apaizgaitegitik atera zenean, ama zaharrarekin bizi zen. Ama isila eta umila zen, baina beti semearen gutiziak betetzeko prest zegoena. Harro zen seme apaiz bat izateaz.
On Andonik bihotzez maite zuen bere ama, baina egun batean euskal emakume baserritar nekaezin hura hil zen semea bakar-bakarrik utziz. Hil zenez geroztik urte pilo bat pasatu diren arren, oraindik amatxoren argazki horitua ikusten duen aldiro, negar malko bat isurtzen zaio masailetik beheiti. Arizkurgiko apaizak kontsolamendua bilatzen zuen bere oroitzapenetan eta uste zuen amak zerutik begiratzen eta zaintzen zuela. Beraz, nahiz eta urteak igaro, apaizaren eta amaren artean bazen inolaz ere ezaba zitekeen lotura.
Orain, Arregiko etxekoandreak, amak egiten zituen lanak eginez, laguntzen badio ere, Arizkurgiko apaizak ordu aunitz pasatzen ditu bakarrik. Bakardadeak zimiko egiten dio bihotzean.
Udara joan da, zuhaitzeko hostoak, biziaren antzera, zahartzen, horitzen eta erortzen dira. Haizeak gero arrastaka eramaten eta barreiatzen ditu bazterretan.
On Andonik, apaizetxeko bulegoan duen mahaiaren aitzinean eserita, liburu zahar horituak irakurtzen ditu. Iluntzen ari da, gauak luzeagoak dira eta egunak gero eta motzagoak. Haizea ufaka dabil eta euriak bulegoko leihoko kristalean jotzen du, indarrez, doinu aspergarria sortuz.
Apaiza, etxe zaharraren horma sendoen artean seguru sentitzen da.
Apaizetxea elizaren pareta bati atxikita dago eta herriko gainerako etxeetatik nabarmentzen dituen gain baten gainean eraikita daude biak, eliza eta apaizetxea.
Udazkenean, nekazariak goiz itzultzen dira beren soro eta zelaietatik. Etxean badute lan gehiago zain, behiak jetzi behar dituzte, pentsua eman behar diete, azpiak antolatu, beheko surako egurra egin…, eta afaldu ondoren, ohera, ongi merezitako atsedenaren bila. On Andonik gau hotzetan laborariak bisitatzen ditu. Beheko suaren inguruan, bizkar handiko eserlekuetan jarririk, gizonak eguraldiaz, uztez, aziendaz, merkatuko prezioez… hirietako biztanleak hainbeste aspertzen dituzten baina laborarientzat horren garrantzitsuak diren horrelako gaiez mintzatzen dira.
Apaizak jadanik urte asko egin ditu Arizkurgin eta herritar guztiak ezagutzen ditu. Arizkurgitarrek maite dute eta familiakoa balitz bezala dute hartzen. Apaizak herritarren arazoak eta kezkak ezagutzen ditu eta hitz apalez mintzo zaie.
Neguko hilabete ilun eta luzeetan herriko bizimodua aspergarria da, arras monotonoa. Elurrak Zarikietako gainak oihal zuriaz estaltzen dituenean eta hotz handiak putzu, erreka eta asketako ura izoztu egiten duenean, On Andonik meza ordubete beranduago ematen du eta gero apaizetxeko gelan orduak eta orduak ematen ditu liburu zaharrak irakurtzen.
Eguerdi aldera, eguzki indargeak eguteran diren kristalak amiñi bat berotzen dituelarik, apaiza kanpora ateratzen da, eskuan meza-liburuxka beltza eramanez.
Arratsaldeko bortzetan, elizako ezkila dangaka hasten da herritarrak deituz. Arrosario sainduaren tenorea da. Orduan elizako barne ttipia arizkurgitarrez betetzen da. Aitzineko jarlekuetan gizonak belaunikatzen dira, gainerakoetan emakumeak. Herritar hauen debozioa ikaragarri handia da, haien fedea apal-apala, baina belaunaldiz belaunaldi iraunarazten dutena.
Elizatik irtetean, emakumeak etxeetara joaten dira, gizonak berriz, hotzak eragozten ez badie bederen, elizaren arkupeetan gelditzen dira zigarrotxo bat erretzen. Elizako ezkilak bederatziak jotzen dituenerako herriko argi guztiak itzalirik daude.
A, baina hortxe dira gautxoriak, herriko ostatuan arnotxo bat edanez. Horien artean herriko maisua eta On Andoni izaten dira. Gehienetan musean aritzen dira baso bat ardo edaten duten bitartean. Batzuek zigarroren bat erretzen dute. Hor ari dira denak, enbidoka, pasoka, hordagoka! Tarteka etxeko jaunak gaztaina erreak edo ardi gasna ateratzen die. Bitartean, beheko suaren ondoan jarririk, etxekoandreak lo kuluxka ttipia egiten du.
On Andoni zoriontsua da halako bilkuretan. Batzuetan kanpotik etorritako saltzaile edo bidaiariren bat gehitzen zaie eta hitz aspertuan aritzen dira denak. Herritarrek apaiza errespetatzen eta maitatzen dute. Haientzat apaiza adiskide bat da, aholku onak emateko beti prest den aita bat.
Horrela, modu horretan, Arizkurgiko apaizak bere bizitza pasatzen ikusten du. Uda berriz itzultzen delarik, errepidetik barrena ibiltzen da edota ostatuko hormari atxikirik dagoen harrizko jarlekuan eserita egoten da. Eskuak bidelagun duen makilan izaten ditu eta gisa horretan munduko komeria ikusten du: gaurko gizakion ibilera azkarra, motorrak, autoak, edota zeru gainean, hodei artetik, tarteka eta ildo zuri luzea utziz pasatzen diren hegazkinak…, denak beti korrika eta presaka, nehoiz atzemanen ez dituzten ameskerien atzetik. Apaizak jakin badaki nehoiz ez dituztela beteko, egiazko ametsak bihotzaren barru-barruan bilatu behar direlako.”
Atsegin handiz irakurri dut, esker mila!
Nik ere, apur bat geroago, baina ez asko, irakurri nuen “Leyendas de Vasconia” eta oraindik gogoratzen ditut pasarte batzuk.