Kanpotik begiratu?

Fermin Etxegoienen Autokarabana liburua irakurri dut, harriduraz irakurri ere. Perfekziotik urrun egonagatik, txinparta askoko liburua da, zertzelada ederrak dituena, distiratsuak. Ideologikoki ‘alde’ egon ez arren, errespetuz jaso nituen bertan gordetako hainbat iritzi, euskarari buruzkoak adibidez, probokatzaileak eta azalekoak nire gusturako, baina errespetagarriak, eta fikzioaren testuinguruan ongi txertatzen zirenak. Idazle ezohikoa da Etxegoien, eta niri, ohiko idazleen galbahetik mundua ikusten dudan honi, zalantza asko sortu zizkidan bere liburuak. Katerik gabeko testua, hala definituko nuke, konplexurik gabea, eta, beraz, ongi hegaz egiten duena. Ez lagunei, ez kritikoei, ez idazleei: inori ez dio begiratzen liburuak, inori ez dio araurik edo molderik zor… hain da ezberdina, ze oso indartsua suertatzen baita, nobedosoa. Horrek zera pentsarazi lezake: zeri begira bizi gara idazleok? Norentzako idazten dugu? Noren beldur? Zeren izu? Azkar erantzun genezakeen, betiko errezeta erabiliz: ezetz, guretzako egiten dugula, guk nahi erara: gezurra!

Euskal literatura, nire ustez, formari begira bizi da. Asko kostatzen zaigu esaldi soilak erabiltzea, hizkuntza laua. Goi-mailako literatura izaten dugu maiz helburu, geure buruari natural hitz egiteko eskubidea ukatuz. Esaten ari naizen hau ustea da, noski, errezeloa, sentipena, baina Autokarabana irakurri ahala indartzen joan zaidana, hain justu horrexegatik, Autokarabanak ez duelako halako loturarik batere. Lastre gabe dabil, eroso, airos.

Denok hala idatzi behar dugunik ere ez naiz esaten ari. Bakoitzak bere estiloa du. Baina ongi dago kilate askoko nobelak halako moldez ondu daitezkeela ikustea, bati baino gehiagori beldurrak uxatuko baitizkio. Hitz batean, paradigma polita da, zurruntasun gramatikalarekiko eta alferrikako apaindurekiko beste muturrean koka dezakeguna, bien arteko erdibide bat aurkitzeko egokia.

Liburua bezain deigarria egin zait, ordea, liburuari buruz Javier Rojok idatzi duen kritika, eta batik bat esaldi bat: “Alaba bat dauka, eta banatuta dago gizona, eta, kanpotik begiratuta behintzat, patetiko xamarra dirudi bere jokaerak”. Kanpotik begiratuta? Esaldiari ertz guztiak begiratu arren, ezin dut liburu bat (eta are gutxiago pertsonai bat) barrendik begiratzeko modua asmatu; “kanpotik” begiratu? Halabeharrez! Fikzio bat nola begiratuko dugu, ba, barrendik? Norbaitek erantzuna balu, esan diezadala. Akaso beste paradigma baten aurrean egon gintezkeen, nahiz eta inor ohartu ez… ezta kritikoa bera ere!

(Javier Rojok eta H. Etxeberriak ere idatzi dute liburu honi buruz)

OTE2

Etxegoien, kritika, kultura-ondarea, literatura, paradigma
Lander Garro

GURE ETXEKO KONTUAK

5 pentsamendu “Kanpotik begiratu?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude