Sautrela 414: Joxemari Iturralde, Sabino Arana idazle eta Biotz-begietan

Joxemari Iturralde

Joxemari Iturralde tolosarraren lan berria izango dugu protagonista nagusi aste honetako saioan. Jazoera errealetan oinarritutako kontakizuna ondu du oraingoan Perlak, kolpeak, traizioak, musuak nobelan. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolariak ditu pertsonaia nagusi: haien kirol ibilbidea, haien bizipenak, joan-etorriak emakumeak, arrakasta, hondamendia… Bi boxeolarien arteko laguntasun zapuztua azalduko zaigu besteak beste, eta biak berradiskidetzeko Tolosako Gu elkarteak egin ahaleginak. Boxeo kontuak bezain bizitzaren gorabeherak, bada, Iturralderen esku zailduak idatzirikoak.

Erreportajean Sabino Aranari begira jarriko gara haren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, baina haren ohiko soslai politikoa eman beharrean alderdi literarioan ipiniko dugu arreta. Idatzi ere idatzi zuenez, ze testu mota sortu zuen batik bat Aranak? Ze motatako idazkien zale zen? Ze estilo zuen? Ze balio izan zuten hark idatzitakoek?

Azkenik, Beñat Sarasolak euskal poesiagintzako klasiko handienetako bati erreparatuko dio, Xabier Lizardiren Biotz-begietan poemategiari. 1932an argitara emana, euskal poesiagintza irauli zuen neurri handi batean – Lauaxetaren beste zenbait lanekin batera– eta hala, mugarri bat dugu gaur egun baita ere.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Saioa osorik ikuteko klikatu hemen

…hemen