Gaur ez du semearekin gosalduko

Gaur ez du semearekin gosaldukoLehen aldiz hil zenean, semearekin gosaldu zuen biharamunean. Semeak, elkarrekin hartu zuten eguneko lehen kafearen eta opiltxoen berri sare sozialetan emanda moztu nahi izan zituen esamesak; aitaren heriotzari buruzko zurrumurruekin bukatu, zaharrak saxofoia jotzeko zuen modu berezi eta askean musikaria den semeak ere, dotore: “Egun on! Aitarekin batera gosaltzen”, edo antzekoren bat haizatuz.

Egun kazetaritzak bizi duen zurrunbiloarekin lotu dezakegu kontua, ez baita berria. Kazetariok noraezean gabiltzan garaiotan, askok berria nork lehenago jaurtiko ulertzen dute lehia, eta gertakariak jazo baino lehen ere heldu izan dira argitara. Coleman gaixoari ez ezik, horrela gertatu zitzaion Lou Reed maisuari ere, bi erraldoi baino ez aipatzearren. Sare sozialek heriok baino bizkorrago jokatu  eta musikariek azken hatza eman baino lehen txioen oihartzunek erailak ziren jada.

Orduko mezuen bila ibili garen arren, desagertuak dira jada, itzali da oihartzuna, arrapaladak eraman ditu txioak. Baina aitari buruzko beste hau, azkena, irakurri diogu bateria jolea den Denardo Coleman-i: “Thank You To Everyone For The Outpouring Of Love. There Will Never Be Another ORNETTE COLEMAN”.

Antza, gaur ez du aitarekin gosalduko.

 

Free Jazz

1930eko martxoaren 9an Texas-en jaio eta atzo, 2015eko ekainaren 11n New York-en 85 urte zituela (bigarrenez) zendua, AEB-etan, abangoardiako saxofoi eta tronpeta jolea zen Ornette Coleman, free jazz-aren aitzindaria eta solo kaotikoen zalea; musika berritzailea.

Atlantic zigiluan plazaratu zituen “Change of the Century”, “Free Jazz” (1960) eta, batez ere, “The Shape of Jazz to Come” (1959) ditu lanik azpimarragarrienak, jazz zaleen esanetan.

 

* Euskal Herrian bada Musikenen sortutako talde bat, Ornetillos, Ornette Coleman-en free jazz-ari gorazarre egiten diona; Altxerrin edo Kursaleko Terrazetan jo ohi dute (Jazzaldian).
** Ornette Coleman-en heriotza tamalez egia bada ere -oraingoan semeak berak horrela adierazi du-, aipatu ditugun twitter bidezko zurrumurruez aparte, Peret-en “El muerto vivo” -estaba de parranda dioena- gogorarazi digun oso istorio kuriosoa bizi izan zuen jazzman-ak Buenos Aires hirian, Argentinan, orain sei bat urte; galtzeko joera zuen gizonak.

ZUZEUko erredakzio kide