Joseba Tapiaren disko berria gaur

“Biba, biba la liberté! egiten dute oihu liberalek.

Liberté? Baina zer liberté mota da hori? Libertade horren aizkorarekin daude moztuta foruak!

Apaizak eta haundimaudiak, beren influjoak gorde nahirik, karlostarrak egin dira. Horien erlijioa dirua da.

Hara berriz! Liberalak beti Jesukristoren erlijiyua laja nahi ezik pakian!

ETA TIRA ETA TUNBA azken gerrate karlistaren soinua dugu.

Zaldi zurian dator Don Karlos bere koroaren bila.

Zaldian baldin badator ea sartzen den ukuiluren batean!

Nora zoazte? Don Karlos etorri da-eta, agur egitera!

Guk muin egin diogu zapatetan fuerte, hanketako kalluak minberatu arte!

ETA TIRA ETA TUNBA disfrutatzeko disko zoragarria dugu.

ETA TIRA ETA TUNBA Euskal Herriaren panoramika bat dugu, eta Joseba Tapiak egin duen hautuagatik, dialektikoa: ideologien talka daukagu umorearen azpian.

ETA TIRA ETA TUNBA lubaki batetik bestera dabilen txarangaren lana da, alaia batzuetan, tristea besteetan, hunkigarria beti.

ETA TIRA ETA TUNBA diskoak gure oroimen historikoa harrotzen du, guganaino zatika eta zokoratua iritsi den ondarea jasoz.

ETA TIRA ETA TUNBA herri musikan ezin egokiago txertatzen den artistaren lana dugu, herria bera bezain lotsagabe irainka, mehatxuka, lantuan edo damuan.

ETA TIRA ETA TUNBA kultur-emaitza bakan horietakoa da.

ETA TIRA ETA TUNBA, disko inportante guztiak bezala, dokumentua ere bada. Baina gure garaiko dokumentua dugu, historia hemen honetatik eta orain honetatik interpretatzen duelako. Gure borroka politikoei buruzko gogoetan abiarazten gaituzte kantuok.

ETA TIRA ETA TUNBA izugarri disko aktuala da.

ETA TIRA ETA TUNBA Joseba Tapiaren erromeria da, karlistetan eta liberaletan erreklutatu duen txarangarekin.”

 

Karlistaren panparroikeriak kantua entzuteko, klika hemen.

Eta tira eta tunba, Tapiaren azken diskoaren kartel iragarlea

Irudia | Eta tira eta tunba, Tapiaren azken diskoaren kartel iragarlea | Tapia | Creative Commons By SA

2 pentsamendu “Joseba Tapiaren disko berria gaur”-ri buruz

  • Larunbatean, hilak 18, Kilometroak 2010ko egitarauaren barruan, Oreretako Niessen Aretoan joko dute 22:30ean.

    Leku hauetan eros daitezke sarrerak:
    Begi Haundi tabernan (San Pedro); Pari Berri tabernan (Donibane); Patxi estankoan (Antxo); Lezoko estankoan eta Oreretako Xenpelar kulturdendan eta Arkaitza tabernan.

    Mila esker.

  • Larunbatean, hilak 13, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan joko dute.
    Sarrera doakoa izango da eta plaza mugatuak izango dira. Aurrez erreserba egiteko deitu 943 88 99 00 telefonora. Informazio gehiago: http://www.zumalakarregimuseoa.net