[Kafe Aleak] Joseba Irazoki “Euria ari du”

[Kafe Aleak] Joseba Irazoki “Euria ari du” –

[Kafe Aleak] Joseba Irazoki “Euria ari du”

.

Joseba Irazoki

“Euria ari du (Moonpalace Records, 2009)

.

[Kafe Aleak] Joseba Irazoki “Euria ari du”Ezohiko musikaria da Joseba Irazoki. Gitarra jole ikaragarria izanagatik, bere lanetan ez du inoiz honen erakustaldirik eman nahi izaten eta gertutasunaren alde egiten du. Isil-isilik agertzen dira bere diskoak, oihartzun handirik gabe.

2009an agertu zen Euria ari du lana Moonpalace Recordsen eskutik eta Joseba Irazokik sinatuta. Eta nork sinatzen duen, badu garrantzia. Izan ere, haren ibilbidea ezagutzen duenak badaki Josebak diskoa bere izenez, DO moduan edo On Benito bezala sinatu, bide bat edo bestea jorratzen duela, bere baitan hiru pertsona, hiru musikari baleude bezala.

Hortaz, lan honetan bezala, azalean Joseba Irazoki irakurriz gero, folk kutsuko kantuak espero ditugu, kantu egitura klasikotik gertu dauden piezak eta kantatuak. Aldiz, azalean DO irakurriz gero, inprobisazioaren eta esperimentazioaren bideko zerbaiten zain jartzen gara. Pieza instrumentalak izan ohi dira eta gitarra izan ohi da entzun daitekeen instrumentu bakarra gehienetan. Euria ari du honetan, baina, bi bideok uztartu egiten direla ematen du. Bide bat egin, bestea egin, bueltatu eta ikasitakoa hemen isuri izan balu moduan.

Moonpalace Recordsen zigilua du lanak. Ezohiko diskoetxea hau ere, lagun bakarrak kudeatzen duena. Argitaratzen dituen lanen 100 kopia inguru egiten ditu, diseinu zainduarekin eta web gunean edota artistei beraiei erosi ahal zaizkie. Musika produktu bezala baino, altxor bezala tratatzen du Moonpalacek. Lan honekin ere antzera gertatzen da, jaso orduko altxor bat esku artean duzun sentsazioa duzu, kortxozko azalduna, eskuz serigrafiatua: bitxia.

Eta musika ere halakoxea da. Urregilea balitz moduan eraiki ditu kantuok Josebak, pausaz, xehetasun guztiak zainduz. Itxuraz sinplea da, baina behin eta berriz entzun ahala sakontasunean irabazi egiten du. Esan daiteke Euskal Herrian dugun new folk-aren ordezkari bakanetako bat dugula, nazioarteko Iron & Wine edo Bonnie “Prince” Billieren jarraitzaile. Baina, egia esan, Le bonheur est simple edota Beldurrik gabe entzunda haien pareko jartzen da, duda izpirik gabe. Izan ere, baten batek oihartzunak entzutekotan Robbie Bashoren (diskoan kanta bat eskaintzen dio, gainera) oihartzunak entzuten dira, edota Mikel Laboarenak.

Lan honetan orain artean bidelagun izan dituen batzuek ere hartu dute parte. Musikarien artean, esaterako DO-Rüdigeren bikotekide duen Felix Buff Willis Drummondekoak bateriarekin laguntzen dio, eta Iñigo Cabezafuego, Fernan Leiza eta Mikel Xedh ere lagun ditu. Eta hitzetan berriz Mikel Tabernarenak, Daniel Irazokirenak edota Joxerra Gartziarenak erabiltzen ditu.

Halaxe, nago Joseba Irazokiren lanik osatuenetakoa dela, ez bada osoena. Euria ari du atera bitarteko lan guztia bertan biltzen dela dirudi, eta goxo, handinahirik gabe eskaitzen zaigula. Eta halaxe ari da bidea egiten Berako musikaria, kantuz kantu, diskoz disko, handikeriarik gabe.

Jon Aranburu Artano (1980, Alegia) Hala Bedi irratiko kidea

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] Joseba Irazoki “Euria ari du”