Lezoarrak Lapurdiko herrietan 1793-1872

Lezoarrak Lapurdiko herrietan 1793-1872 –

2016ko martxoan, Lapurdi 1609 elkarteak Xabier Elosegi ikerlari baionarraren “Gure erroen bila” izeneko liburuxka interesgarria plazaratu eta zabaldu zuen. Frantzian 1789an piztu zen iraultza burges odoltsuak biziki ondorio lazgarriak ekarri zituen Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetara: bertako foruen gainbehera, euskararen bazterketa, balore tradizionalen suntsipena, Lapurdiko zenbait herriren deportazioa, hilketa ikaragarriak, lapurreria handiak… Horiek guztiek bertako biztanleria izugarri izutu zuten eta gazte askok, gehien bat mutilek, Ameriketara edo Hegoaldera joateari ekin zioten. Ameriketarako bidea jadanik, zaharra eta ezaguna zen Iparraldeko gazteentzat, eta iraultzak eta iraultzaren ondorengo urte gogorrek ozeanoz beste aldera joateko joera areagotu zuten.

Lezoarrak Lapurdiko herrietan 1793-1872
Arg: Lezoko portua

Horrela izanki, zenbait herritan, mutil gazteen kopurua izugarri urritu zen, eta ohiko herri lanbideetan hutsune nabariak sortu ziren.

Xabier Elosegik, artxiboetan egindako ikerketen bidez, ondotxo erakutsi digu Gipuzkoako eta Nafarroako muga aldeko mutil franko Lapurdiko muga aldeko herrietara ezkondu edota bizitzera joan zirela, eta, halaber, lanbide tradizionaletan sorturiko hutsuneak bete zituztela. Gehien-gehienak nekazari, itsasgizon, hargin, arotz, espartin-egile, ehule edota errotari aritu ziren.

Gaur egun, Hego Lapurdiko herrietan ohikoak diren abizen asko, iraultzaren ondorengo urteetan Hegoaldetik Iparraldera joandako mutilenak dira. Horixe da aipatu dudan ikerlariak aztertu duena. Horretarako bataio, jaiotze eta ezkontza agiriak miatu eta ikertu ditu, mutilen ezkontzen nondik norakoak ongi aztertuz. Neskak ez ditu ikertu, ez baitzuten abizena pasatzen.

Guk orain, Hego Lapurdiko Hendaia, Biriatu, Ziburu, Urruña, Azkaine, Sara, Senpere eta Ainhoa herrietara ezkondutako mutil lezoarren izen-deiturak eta gainerako zehazkizunak aipatuko ditugu. Orotara, 1793tik

1872ra, Hegoaldeko 896 mutil izan ziren aipatu herrietara bizitzera joan zirenak. Irundik 158, Beratik 91, Hondarribitik 68, Oiartzundik 59, Etxalartik 52, Arantzatik 51, Zugarramurditik 37, Urdazubitik 34, Donostiatik 25, Lesakatik 22,… eta Lezotik 22.  Hogeita bi horietatik 2 Biriatura ezkondu ziren, 9 Ziburura, 7 Urruñara, 1 Azkainera, 2 Sarara, 1 Ainhoara eta bat ere ez Hendaiara eta Senperera.

Gehienak neska lapurtarrekin ezkondu baziren ere, izan ziren Hegoaldeko neskekin ezkondu eta, emaztearekin batera, Lapurdiko herrietara bizitzera joan zirenak.

Hainbat familiatan bi eta hiru seme ezkondu ziren Lapurdiko herri horietara. Martikorena-Danbolena familiatik mutil bat Biriatura ezkondu zen, beste bat Ziburura eta hirugarren bat Urruñara. Intxaurrandieta-Pikabea familiatik bat Ziburura eta beste bat Urruñara. Zunzundegi-Sistiaga familiatik bat Ziburura eta beste bat Sarara. Agirre-Gamon familiatik hiru anaia Ziburura ezkondu ziren; eta Otegi-Galartza familiatik bi seme Urruñara eta hirugarren bat Azkainera.

Baina ikus ditzagun mutil lezoarrei herriz herri dagozkien zehazkizun taulak:

Lezoarrak Lapurdiko herrietan 1793-1872

Euskaltzalea eta irakasle-ohia