Sautrela 385. saioaren aurrerapena (Jon Arretxe)
Jon Arretxe dugu gure arteko idazle arrakastatsu eta irakurrienetako bat. 1997ko Ostegunak nobela sonatu hartatik liburu mordoa argitaratutakoa da. Bidaia liburu bat baino gehiago plazaratu du esaterako, baina azken boladan polizia nobelak idazten dihardu buru-belarri. Azkeneko hiruak Toure burkinafasoarra dute protagonistatzat. Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den migrantea da Toure, hamaika lantxo eginez bizibidea aurrera ateratzeko moldatzen dena. Hutsaren Itzalak da haren istorioak kontatzen dizkigun hirugarren nobela, eta hari buruz jardungo gara larunbatean solasean. Toure tragedia lazgarriei egin beharko die aurre, gertu gertutik ezagutu beharko ditu arrazakeria eta mafien jukutriak. Euskal literaturan pertsonaia bakana den horri buruz jardungo zaigu Arretxe. Zergatik hautatu zuen Toure kontakizun horien hari nagusi gisa? Zergatik San Frantzisko auzoa? Horietaz gain, jakina, besterik ere izango du hizpide: nola ikusten du bere burua euskal literaturaren baitan? Nola darama idazle aski irakurria baina kritikak menostua izatearen etiketa?
Erreportajean duela bost urteko lan bat berreskuratuko dugu. Hain zuzen bost urte baitira Pablo Antoñana idazle nafar bikaina zendu zena. Laurogeita bi urterekin joan zitzaigun Vianan jaio eta Iruñean laketutako idazlea. Haren heriotzan eginiko erreportaje eder bat berreskuratuko dugu honenbestez, bost urte ondoren haren lanaren aitortza egiteko beste behin. Nor izan zen Antoñana? Nolakoa izan zen bere literatur obra? Ze garrantzia izan du guretzat eta bereziki nafar literaturarentzat?
Beñat Sarasolak elkarrizketaren ildoari jarraituko dio nolabait. Izan ere, euskal literaturako nobela beltz irakurrienetako bati buruz jardungo da, neurri batean Arretxeren ondorengo lanen aurrekaritzat har daitekeenaz. 110. Street-eko geltokia da liburu hori eta Iñaki Zabaleta haren idazlea. 1970. hamarkada amaierako New Yorken jazotako istorio bat kontatzen du nobelak. Nola irakurriko ote da gaur egun?
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.