Idoia Mendia eta politikarien esaldi penagarrienak

mendiPatxi Lopezen ateraldi gogoangarriak gehiago entzungo ez genituela-eta penaz ginen asko eta asko. Idoia Mendia gutxietsi dugu ordea: PSEren buruzagitza hartu eta berehala, enmarkatzeko moduko adierazpenak utzi baitizkigu, non eta Eusko Legebiltzarrean. Dioenez: “Demokrata eta independentista izatea posible da, ez ordea demokrata izan eta erabakitzeko eskubidearen alde egotea”. Kontzeptua bera aldrebesa eta batere borobila ez bada -konstituzioak ez duela uzten eta abar-, are aldrebesagoa da esaldia formulatzeko modua, baita paradoxikoa ere. Nabaritzen da Mendia berak ere batere konbentzimendurik gabe irakurtzen duela baten batek diskurtsoan sartu dion astakeria. Hau al da PSE berria? Horrela bada,  primeran pasako dugu.

Baina PSEkoez gain, mundu osoko politikariek botatako astakerien zerrenda amaigabea da ia. Hona adibide bikain batzuk:

Javier Maroto: “Marokiarrak zerbitzu sozialei esker bizi dira, eta egia borobila da hori”.

George W. Bush: 1. “Kanpora begirako kanpo politika bat izan behar dugu” 2. Brasilgo presidenteari: “Zuek ere beltzak dituzue?”

Silvio Berlusconi: “Oposizioak etxera joateko esaten dit, baina nora? 20 etxe ditut nik…”

Evo Morales: “Europan burusoiltasunaren gaixotasuna dute, denak dira burusoilak, bertan jaten dutenagatik. Hemen, Hego Amerikan ez gara burusoilak ez ditugulako gauza horiek jaten”.

Carlos Menem: “Hemen kontua ez da, Robinson Crusoek egiten zuen bezala, dirua aberatsei kendu eta txiroei ematea”

Esperanza Aguirre: “Franco oso sozialista zen”

Mariano Rajoy: “ETA nazio handi bat da”