Joanes Zuhigaraitxipi “Kortsario txipia”
Joanes Zuhigaraitxipi –
XVII. mendean eta XVIII. mendearen lehen erdi-aldian Lapurdiko kostaldea kortsarioz beteta zegoen. Hauek Frantziako erregearen patente edo baimena zuten kortsoan aritzeko eta ingeles, espainiar eta holandesen itsasontziak erasotzen zituzten euren kargamentuez jabetzeko. Biziki negozio oparo eta naroa izan zen bai kortsarioentzat, bai Frantziako erregearentzat eta baita sostengatzen zituzten portuentzat ere. Hendaia, Ziburu, Zokoa, Donibane Lohizune eta Baiona izan ziren kortsario habiak eta beraien ekonomia izugarri hobetu zuten jarduera honekin.
Euskal itsasgizonak langile trebeak eta borrokalari suharrak ziren. Ternuan balearen eta bakailaoaren arrantzan aritzeaz gain, kortsoan ere aritzen ziren neholako beldurrik gabe. Kortsoa, azken finean, arrantza bezala, bizibidea zen euskal marinelentzat; bizibide latza eta arriskutsua baina Lapurdiko portuetara sosa ainitz ekartzen zuena.
Horietako kortsarioa dugu Joanes Zuhigaraitxipi. Hainbat idazlek eta ikerlarik baionarra zela zabaldu duten arren, Édouard Ducéré (1849-1910) baionar liburuzain, artxibozain eta historialari ospetsuak ongi frogatu zuen Zuhigaraitxipi itsasgintzari loturiko Hendaiako familia bateko semea zela.
Abizena Urruñako Zuhigaraitxipi baserritik zetorkien. Ez dezagun ahantzi 1654ra arte Hendaia Urruñako auzotegia izan zela.
Aita izen berekoa zuen, hau da, Joanes Zuhigaraitxipi, eta ontzi kapitaina izan zen Hendaiako portuan. Ama Marie de Margerie zuen, Ixtebe de Margerie hendaiar merkatariaren eta Hendaiko Perikorena etxeko Marie Agorretakoaren alaba bakarra. Hauek Hendaian ezkondu ziren 1640ko otsailean.
Joanes semea 1640 eta 1646 urteen artean sortu zen Hendaian. Zorigaitzez, ezin izan da bere jaio-agiririk atzeman, ziur aski 1813an, Wellingoten armada Hendaian sartu zelarik, erre zuten artxiboko agiri piloren artean erraustu baitzen. Eztei-agiria, berriz, gure eskuetara iritsi da, eta bertan irakur daitekeenez, Joanes Zuhigaraitxipi eta Saubadine Haranburu, biak hendaiarrak, Hendaian ezkondu ziren 1679ko urtarrilaren 23an.
Aitaren ildoari jarraiki, merkataritzan eta nabigazioan egin zituen bere hastapenak. 1691n, kortsoan zebilen “La Légère” izeneko ontzian aritu zen, marinel gisa hasieran eta kapitain gisa gero, Charles Antoine de Gramont izeneko ofizialaren laguntzaz. Azken hau Bidaxuneko dukea eta Baionako gobernadorea izatera iritsi zen hainbat urte berantago.
Zuhigaraitxipi gizon txipia zen, sendoa, adoretsua eta azkarra. Marinel euskaldunek izugarri maite zuten eta azkeneraino jarraitzen zioten. Txipia izateaz gain deituran ere ZuhigaraiTXIPI zuen. Hori dela eta, hortik aitzina Kortsario Txipia goitizenaz izan zen ezaguna.
Frantziako erregearen kortso-patentea eskuratu bazuen ere, hori gabe, bazekien Bizkaiko Itsasora hurbiltzen ziren merkatalontziak erasotzen eta ebasten. Zokoko portutik itsasoratzen zen merkatalontzi arrotzen xerka. Holandar, espainiar eta ingeles ontziekin sekulako triskantzak egin zituen. Sei urtetan ehun eta hogei itsasontzi inguru hartu zituen preso. Lehen aipatu dudan Gramonteko dukeak Frantziako Luis XIV.ari igorritako gutun batean idatzi zuenez, Donibane Lohizunetik Ziburura, Kortsario Txipiak bahitutako ontziz ontzi pasa zitekeen ura ukitu gabe. Jarduera hori dela eta, nobleziako hainbat titulu bereganatu zituen.
Borrokaldi ikaragarrik izan zituen, bai Bizkaiko Itsasoan eta bai Ternua aldean. Famatuenetako bat izan zen Bokaleko hondartzaren aitzinean, gehiegi hurbildu zen ingeles itsasarmadako fragata baten aurka, izan zuena. Ingeles fragataren hirurogeita lau kanoiek ezin izan zuten deus egin Zuhigaraitxipiren gizonen kontra, eta egun oso batez iraun omen zuen borrokaldi baten ondoren, ingeles korbeta garaitu eta atoian Baionako portura eraman zuen.
1691n, Zuhigaraitxipi eta bere familia Hendaiatik Baionara aldatu ziren, Galuperie karrikan erosi zuten etxera. Hortik etorri da kortsarioaren jatorriaz hitz egiterakoan izan den nahasmena.
1693ko agorrilaren 6an, izugarrizko txikizioa egin zuen Ternuako Hartzen Badiaren uretan. Lapurtarrak bi ontzitan hurbildu ziren bertan ziren baleazale holandarren ontzietara. Zuhigaraitxipi “L´Aigle” izeneko ontzian zen buru eta Harizmendi “Le Favori” izenekoan. Ustekabean eraso egin zieten eta 45 baleontzi holandar hondoratu, 1.500 gizon preso hartu baita almirante bat ere, eta 300 kanoi eskuratu zituzten. Harrapatutako guztia Donibane Lohizuneko portura eraman zuen.
Hendaiako itsas gaietan aditua den Andoni Etxarri adiskideak jakinarazi didanez, baliteke gertaera horietan oinarritua izatea Lapurdiko kostaldean horren zabalduta dagoen “Jaiki-jaiki” izeneko kantuaren mezua.
Horratx: Jaiki-jaiki etxekoak / argia da zabala / argia da zabala. / Itsasotik mintzatzen da / zilarrezko adarra / baita ere ikaratzen / olandresen ibarra / olandresen ibarra / Itsasotik hurbiltzen da / untzi bat kargatua / gaizten denak mentura / haren atakatzera! / haren atakatzera!.
Kortsario Txipiak azken urteak Baionan eman zituen kortsoan ibili nahi zuten gazteak trebatzen. Tarteka Ternuara zihoazen euskal baleontziak zainduz nabigatzen zuen. 1694ko irailaren 10ean, “L´Aigle” ontzian kapitain zihoala, Fourillongo badiako Saint John’s portuari egin zion eraso. Lema gidatzen ari zela, Saint John’s-eko kanoiek botatako metrailak hil zuen. Ternuako Plazentzia herrian ehortzi zuten.