JM Odriozolaren «Nora goaz Euskalduntasun honekin?» liburuaz
JM Odriozolaren «Nora goaz Euskalduntasun honekin?» liburuaz –
Ez da erraz zenbait lerro idaztea horrelako liburu bati buruz, beste liburu bat komentario merezi lukeelarik. Gaurkotz, bakarrik eginen duguna da, denen artetik ideia garrantzitsu bat hautatzea eta horren ondorio praktikoa irudikatzea. Bizitzaren parte haundiena Euskal Autonomia Erkidegoan euskara erakasten eta liburuak idazten pasatu ondoan, gure egilea konklusio larri batera iritsi da:
Berrogei urte hauetan, euskara zerbait dakitenen kopurua azkarki haunditu arren, EAEn indarrean dagoen politika linguistikoak ez du segurtatu gure hizkuntzaren etorkizuna, haren erakaskuntzak ez baitu lortu espero izan zitakeen arrakasta.
D-ereduak berak ez du mirakulurik egin; azkenean erdal elebiduna baita gehien ekoizten duena, hau da, espaniolez euskaraz baino hobeki pentsatzen eta hitz egiten duen euskalduna du hezten. Alabainan ez zaio kulpa guzia erakakuntzari bakarrari egotzi behar; 88 orrian justuki errana zaigunez, D-ereduan hezi eta hazi diren ikasle horiei faltatzen baitzaie premiazko jarraipen nabari bat:
« … behin hezkuntza bukatzen dutenean euskaraz bizi eta lan egiteko aukera izaitea»
Ororen buru, errealitate tematsu baten aurrean gaude, salbuespenak salbuespen, erdarak segitzen du nausi izaiten giza harremanetan eta gutariko gehienen edo anitzen buru muinetan ere. Horrengatik, JM Odriozolak liburuaren tituluko galderari emaiten dion erantzuna ezin da esplizituagoa izan, erraiten baitu «euskalduntasun honekin» gure hizkuntza piskanaka hiltzen doala, eta harekin batera, euskal nazio osoa.
Sentitzen dugunez, testu honekin, Jose Manuelek alarma jo nahi izan du, nehor seriorik eta onestik ez dadien jarrai bizitzen ilusio hilkor batekin. Gure buruari aitortzen kostatzen zaigun porrota hau esplikatzeko, hemen aurreratzen duena oso zentzuzkoa da:
Gaurko munduan, estatuek dena eragindu, moldatu eta kontrolatzen duten mundu honetan, euskarak, bizirauteko, beharrezkoa du, bada, ofizialki eta egiazki erabilia izaitea boterearen hizkuntza estandarra bezala arlo guzietan, batez ere, politikoan, administratiboan, kulturalean, unibertsitarioan, ekonomikoan, …
Beraz hortik ondoriozta daitekeen problemaren soluzioa, aterabide bakarra, zaila bezain nabaria da: izan ere, honek suposatzen du estatu aske bat existitzea, estatuaren politika linguistiko bat kementsua, eta, azkenean gobernuak eta administrazioak buru denek etsenplua emaitea goitik beheraino.
Ageri da idazlearen hausnarketa garatu dela Euskal Autonomia Erkidegoan izandako esperientzia baten gainean, bainan, arrazoinamenduak balio eiki du herri osorako. Koska da, Iparraldekoiei dagokienez, gure euskaltasuna jadanik galdutzat jotzen duelako. 119 orrialdean irakurtzen da:
« … Iparraldean bezala, funtzio informalen erabilerak ere erreka jo du. Iparraldean euskalduntasun sozialaren arrastoak iraungi egingo dira … »
Kondena hau adieraziz, idazleak ez du erantzuten baizik Eneko Bidegainek egindako galdera larri bati (Berria, «min aringarria», 2015-01-21):
« … egoera itzulipurdika daiteke ala berantegi da? … »
Zorigatzez, ezin dugu erran Jose Manuel horretan oker denik.
Izan ere, hegoaldeko abertzalismoaren flakezia nabarmen da, eta, iparraldean, mugimendu «abertzale»a gure aitzinekoen lehenagoko erregionalismo berera itzultzen ari da ahalgerik gabe.
Nehork, bada, ez dezake data bat eman Enekok artikulu bereko esaldi honetan ikusten eta opatzen duen soluzioari:
« … Euskal Herria osoak elkarturik eta estrategia bat adosturik jokatuz etorriko da… »
Alta, denbora berean, gurean, zalutasun izigarrian euskalduntasunak segitzen du desagertzen, besteak beste, etengabeko inbasio batek itoa.
JM Odriozolak jartzen gaitu, bada, ezohiko eta funtsezko galdera politiko baten aurrean:
Euskalduntasun kolektiboarenak betikotz egin duen lurraldeetan, zer egin dezakete bada amor eman nahi ez dutenek?
«Betikotz» diot zeren, 126 orrian, egilearen aburuz:
« … garaiz konpontzen ez den hizkuntza arazoak ez daukala konponbiderik. Ez baitago modurik, demagun, frantsestu den eta frantses sentitzen den eta frantses izan nahi duena euskalduntzeko»
Euskara zoritxarrez galduko den eskualdetan, euskal nazionalistek, erreskate moduan, estruktura sozio-ekonomiko egokien aukera aztertu beharko dute, zeinetan, euskaldun egon nahi dutenak, bilduko liratekeen, eremu mugatu batean, sortzeko horretarako behar diren ezinbesteko baldintzak.
Jose Manuelen Odriozoalaren testua ongi dokumentatua dago, aditu eta euskalzale askoren iritzien gainean bermatzen da. Berdin latza izanikan ere, egia iduri diona erraiteko hautua egina du, asko ohikoa ez dena gure Herrian. Hala ere, zerbait kritikatzekotan, etniaren eta nazioaren artean egiten duen oposizioak gehiegizkoa iduri du. Artetik erraiteko, emaiten du etniaz hitz egitea ahalegingarria bilakatu dela gaur.
Jose Manuelek dioen bezala, etniatik naziora bada jauzi kalitatibo bat, hau da, gure etniaren biziraupenerako euskal estatu bat behar dugulako kontzientzia eta nahia.
Alta, salbuespenak sabuespen, euskal kontzientzia nazionala gure etnian bakarrik sor daiteke; berak goragoko aipaldi horretan iradokitzen zuenez, jendalde arrotz bati, zer nahi eginikan ere, ezin zaio buruan sartu euskal kontzientzia nazionalik. Jendalde arrotz horrek bere nazio kontzientzia propioa badu eta kito.
Aldiz, beste zentzuan, oso egia du gaurko mundu modernoaren baldintzetan, euskal etniak berak ez duela luzaz iraunen bere kontzientzia nazionala ez badu laster berpizten eta sendotzen.
2014 urtean jadanik agertutako Pako Aristiren «Euskararen isobarak» obraren ondotik, beste bat daukagu orai, euskalduntasunaren egiazko errealitatea ulertzeko aukera eta obligazioa emaiten dizkiguna.
Egundoko egiak. Erakundeek, alderdi eta sindikatu abertzaleek, eta euskalgintza ofizialak ezikusiarena egin arren.
Soilik alderdi españolistek uzten dute errealitatea agerian komeni zaienean, pozarren.