Beldurra

Beldurra –

Igor Elordui Etxebarriak, Bizkaiko Hitzan.

Beldurra_hiltzeari, beldurra_bakardadeari, beldurra_gaixotzeari, beldurra_gura dugun norbaiten heriotzari, beldurra maitemintzeari, beldurra_desmaitemintzeari, beldurra etorkizunari, beldurra porrotari, beldurra_aldaketari, beldurra kritikari, beldurra ametsak ez betetzeari… Guztiok izan gara, eta gara, gutxi ala asko, zerbaiten beldur. Burtsan kotizazioak bezala egiten du beldurrak, gora eta behera, sasoiaren eta egoeraren arabera. Oparo batzuetan, xumeago beste batzuetan, baina balore segurua da (balore, a zer paradoxa) gure emozioen burtsako indizean.

Ez dakit oso ondo zein edadetatik dugun gizakiok oroitzapenak memoriaren biltegian gordetzeko kapazitatea, baina nire umezaroko unerik estugarrietako bat ondo gogoan daukat. Aitarekin eta amarekin paseoan Areetako kaitik nabilela zerbaitekin entretenitu naiz. Burua altxatu dudanean ez daude, ez bata ez bestea, nire ondoan. Ez ditut ikusten. Ez daude. Hankak eta hankak ikusten ditut hara eta hona, nire aurretik pasatzen, baina ez dira aitaren hankak eta ez dira amaren hankak. Ez, ez daude. Bakarrik nago. Beldurra.

Urteak geroago, familiaren argazki-albuma begiratzen, memento hura argazki batean atzeman nuen. Hantxe nago, garaiko sepia koloreko argazki batean; lauzpabost urteko mutikotxoa, kaiko barandari esku batez helduta, bakar-bakarrik eta izua begietan. Polito nengoela eta argazkia ateratzea otuko zitzaien gurasoei. Ezer esan barik nigandik aldendu eta, klik, argazkia atera zidaten. Eta, klik, ordutik beldurra zer den sentitzen hasi nintzen, gaur artio.

Orain, harrezkero berrogei urteak pasatxo, jada lehen lerrokadako zerrendako beldur guztiak, halabeharrez, noiz edo noiz justifikatzen direla ikasi, edo behinik behin ikusi, dudanean, nire zazpi urteko alabaren egunotako beldurrak kudeatzen saiatzen ari naiz, gauero. Hala nola alabari eragiten dioten beldur-indizearen arabera, eta berak ezarritako hurrenkeran: gerrari eta tsunamiei (hildakoak eragiten dituztelako), lapurrei eta munstroei beldurrak. Barrakei, hegazkinei, abiadurari eta abarrei, lehen ez eta orain bai beldurra ematen didaten pitokeria horiei aparte, gauza bati diot beldur, beste ezeren gainetik. Hain zuzen ere, bereak eta nireak oso desberdinak izan arren, alabak sufrituko lukeen edozein gerra-tsunami-lapur-munstrori. Alegia, alabari gertatu ahal zaion edozein zorigaiztoari. Horrek bai ematen dit, orain, beldurra.

Beldurrak gainditzea ala berarekin bizitzen ikastea beste erremediorik ez dago, batere beldurrik gabe bizitzea ezinezkoa denez gero. Gainera, esaten dutenez, ona da beldurra egoera arriskutsu eta makurrei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko. Baita arrazoi objektiboak egon barik ere, nahiz eta sortu antsietatea eta ezinegona. Eta zuk, zeri (ez) diozu beldur?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.