Abian Banden Lehia musika txapelketaren hamargarren edizioa

Abian Banden Lehia musika txapelketaren hamargarren edizioa –

Euskal musika sustatzen duen lehiaketa honek musika talde euskaldun amateurrik onena aukeratzen du. Banden Lehiak euskara eta teknologia uztartzen ditu eta euskal musika mundu digitalean ere sustatzen du. Gainera, musika banda berriak ezagutzera ematen ditu baita ere.

Abian Banden Lehia musika txapelketaren hamargarren edizioaLehiaketak esan bezala ospea lortu du edizioz-edizio, hamargarren edizio honetan lehiaketaren dinamika aurreko urtetakoa izango da: musika taldeek irailaren 26tik urriaren 26a bitartean, internet bidez izena emango dute, euren kantak Banden Lehiako webgunean argitaratuz. Publikoak twitterra erabiliz botoa emango du eta honen iritzia eta lehiaketarako sortu den epaimahai profesional batek ere taldeen musika entzungo du. Bien artean lau banda finalisten izenak erabakiko dituzte.

Lehiaketaren finala zuzeneko emanaldietan erabakiko da eta berriro ere publikoaren eta epaimahaiaren iritzien araberakoa izango da. Finala honetan lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute: benetako artistak bilakatuko dira gau horretan eta epaimahaia bertan egongo da bakoitzaren emanaldia jarraitzen.

Lehiaketaren ikuspegi teknologiko berritzaileak publikoaren bozketa bideratuko du: talde finalista bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko zaio eta entzuleek botoak eman ahal izango dituzte telefono horietara dei galduak eginez. Epaimahaikideen boto horiekin batu eta talde irabazlea aukeratuko da.

Sariei dagokionez, talde irabazleak 2019ko bi jaialditan joko du: Bilbao BBKLiven eta Bartzelonan ospatuko den Euskal Herria Sona jaialdian. Eta gainera, talde irabazleak disko bat ekoiztuko du ere Baga Biga diskoetxearekin. Bigarren sailkatuak bere errepertorioko kanta baten bideoklipa grabatuko du. Hirugarrenak datorren urteko Mundaka Festivalen hartuko du parte. Eta azken sailkatuak 500€ baliodun txekea jasoko du musika materialean gastatzeko.

Bestalde, finalerako sailkatuko diren lau taldeek edizio honetako disko bilduma oroigarria jasoko dute, lau banden kantekin.

Esan bezala, euskal bandarik onena aukeratzeko bide honetan publikoak erabakia hartzen laguntzen du, www.bandenlehia.eus webgune eta twitter bidez aurretiz zein zuzenezko emanaldi finala egunean. Aurtongo edizioko epaimahai profesionala Ritxi Aizpuru (musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko kidea), Zuriñe Maguregi (MU-ko Ikus-entzunezko Komunikazio fakultateko langilea, Gaztezulo-ko zuzendari ohia), Ibane Orozco (Last Tour enpresako kidea) eta Amets Rodriguez (Mundaka Festivaleko zuzendaria) osatzen dute.

Banden Lehiako hamargarren edizio honetako finala azaroaren 17an ospatuko da Bilborocken.

Aneguria 2017ko Banden Lehia Sariaren irabazle!

Aneguriak (Ane San Miguel Crespo, 1984, Bilbo) edo Aneguria aka La Kietak Azkue Fundazioak sustatzen duen Banden Lehia saria jaso zuen 2017an. Sariak eta bere lan apartak eman dio Aneguriari hirugarren diskoa kaleratzea: Percebe, dana edo ezebez. Kantaria, rap zalea, elektronikaren alde poperoaren aldekoa, reggae eta melodia, MCa, bat-batekotasun harrigarria duena agertokian, publikoa erakartzen dakiena, abegitsua, bizitza plazerrarekin bizi nahi duena, lotsagabetasunaz mugitzen dakiena, sexuaren gainean argi hitz egiten duena. Hori bada Aneguria, horixe bera da aurkituko duzuna “Percebe, dana edo ezebez” diskoan.

Abian Banden Lehia musika txapelketaren hamargarren edizioa