Jean Ameztoi beskoiztarra zibilizazio berri baten bila

Jean Ameztoi beskoiztarra –

Kasualitatea izan zen, duela hilabete bat, Jean Ameztoi beskoiztarraren Paroles d´un croyant pour une novelle civilisation” (Sinestun baten hitzak zibilizazio berri baten alde) izeneko liburua nire eskuetara ekarri zuena. Lehen banuen zerbait entzuna eta irakurria Beskoitzeko gizon honi buruz, batez ere, gogoan dut Luzien Etxezaharretak, duela hogeita bost urte inguru, egin zion elkarrizketa eder eta mamitsua. Oraindik banuen buruan, oroipenean jira-biraka, aipatu artikuluan irakurritakoa, eta beskoiztarraren liburua irakurtzeari ekin nionean, hori dena gogora etorri zitzaidan.

Jean Ameztoi beskoiztarra
Arg: Auñamendi

Jean Ameztoi (Jean Amestoy frantses grafiaz) Lapurdin den Beskoitzeko semea dugu, Oihartzabaleko Bordan sortua, eta beti hor, laborari gisa, bizi izan dena. Gaur, laurogei urte inguru izanen dituela kalkulatzen dut. Bizitza osoa eman du baserrian lanean, anaiarekin batera. Jean Ameztoi laboraria dugu, euskalduna, ekologista, giristino eta sinestuna, inkonformista, humanista, bakezalea…. Eta gazte-gaztetik bere bizipenak, kezkak eta arrangurak  prentsan edota gutunetan islatu dituena, beti frantsesez, hori baita eskolan idazteko erakutsi zioten mintzaira bakarra. Bere gutun eta artikuluetan, beti bakearen alde, eliza katolikoaren alde eta laborarien alde idatzi du. Hautetsia izan zen Beskoitzeko herriko etxean, eta ELB (Euskal Laborarien Batasuna) sindikatuan kide eta partaide. Bietatik aldendu zen frantses gobernuak esne prezioari ezarri zizkion tasak eta zituztelako garbi gaitzesten.

Ez du inolako beldurrik izan bere ideiak azaltzeko momentuan, eta horrela gutun horiek Frantziako lehendakari eta ministroei, Aita Sainduari, politikari eta sindikalista famatuei (François Mitterrand, Valéry Giscard d´Estaing eta Sarkozy frantses lehendakariei,  Henri Grenet Baionako auzapezari, Alain Lamassaure ministroari, Léopold Darritchon kontseilari nagusiari, Jean Falagan Beskoitzeko auzapezari,  Pierre Moleres Baionako apezpikuari, Roger Etxegarai kardinalari, Joan Paulo II. aita sainduari, Mikhaïl Gorbatchev Soviet Batasuneko azken lehendakariari, Euskal Laborarien Batasuna laborantza sindikatuaren zuzendaritzari…) igorri zizkien, eta baita batzuetan, horiek erantzun ere.

Bere idazkietan garbi uzten du beti euskalduna eta laboraria dela, baita sinestuna ere. Elizaz errespetu handiz mintzo da, baina horrek ez dio eragiten Beskoitzeko apezaren intrasigentzia salatzeko orduan, eta argi eta garbi erraiten dizkio erran beharrekoak. 2002an, hogeita zortzi urtetako idazkiak, igorritako gutunak eta erantzunak, prentsan azaldutako artikuluak… bildu, eta aipatu liburuan plazaratu zituen, Mugerreko inprimategian. Luzien Etxezaharreta euskaltzale eta kazetari ospetsuak aitzin-solasa idatzi zion.

Jean Ameztoi eta “Sinestun baten hitzak” liburua

Liburuaren zenbait gogoeta eta pasarte

Ikus ditzagun orain, euskaldunak eta Euskal Herria aipatuz, gutun eta artikulu horietan azaldutako zenbait zati edo pasarte:

1984ko maiatzaren 5ean, gutun bat igorri zion Beskoitzeko jaun apezari, eta baita parrokiako herritar guztiei ere, apezak Manu Robles-Arangiz sindikalista eta abertzale handiaren hil-mezan izan zuen jokaera zikina hitz gogorrez salatuz:

“Horra nolakoa den Beskoitzeko apeza: buru-estu eta intolerantea, egia erraiteko ezgauza dena, eta besteen ezpainetan egia entzutea maite ez duena. Beti gauzak bere gustura egin behar. Intolerantzia handikoa izan zen Manu Robles-Arangizen hil-mezan egin zuena, ez baitzien utzi hil-kutxaren gainean ikurrina jartzen utzi. Manu Robles-Arangiz askatasunaren eta zapalduen aldeko ekintzailea izan da beti, eta ez zuen horrelakorik merezi. Horrelakoak joanen dira zuzen-zuzenean zerura eta ez apez intolerante, epel eta hipokritak…”

1995eko urtarrilaren 20an, “Bakearen alde, Euskal Herrian eta mundu osoan” izeneko artikulua plazaratu zuen. Eta ETAren borroka armatuaz honela idatzi zuen:

“Tregoa bukatu zenez geroztik, ETAk hildako ainitz eragin ditu bere atentatuekin. Haatik, jakin behar ekintza horiek espainol eta frantses gobernuen intrasigentziak piztutako atentatuak direla. Gobernu horiek ez dira gauza keinu ttiki bat egiteko ere, ez presoen hurbilketa, ez deus. Espero dut Euskal Herriak noizbait bakea atzemanen duela, amodioan, justizian eta barkamenean oinarritutako bakea merezi baitu.

Esperantza ez dugu galdu behar, mundu berri eta hobe baten beharra dugu, eskuzabaltasunean, giza eskubideetan, bakean eta askatasunean lan eginen duen zibilizazio berria. Etorkizun duina eman behar diegu mundu osoan zehar desesperazioan amildurik diren haur eta gazte guztiei. Behar-beharrezkoa dugu zibilizazio berri hori atzematea, oraingoa guztiz ustelduta baitago.”

2001eko otsailean, ikusirik zer nolako trabak jartzen zituzten Frantziako eta Espainiako gobernuek ETAk eskaini  tregoaren prozesuan, honako salaketa gogorra plazaratu zuen:

“Laborariak, munduko hiritarrak eta bakearen aldeko ekintzaileak, jakin ezazue guztiz kezkatuta nagoela Euskal Herrian sortu aukera berrien aitzinean frantses eta espainol gobernuek ezartzen duten blokeo egoeragatik. ETA erakunde armatuak tregoa eta bakea aitzinatzeko plazaratu duen proposamenaren aitzinean, gormutu baitira. Zer eskatzen dute euskal presoek? Euskal departamendu bat? Baionako karriketan egindako manifestazioan 10.000 pertsona ibili ziren gauza bera eskatzen. Baina alferrik, ez dute deus erantzuten eta deus mugitzen. Nik nahi nuke Euskal Herria bakean bizitzea, barkamenean, justizian eta amnistian oinarrituriko bakean sinesten baitut, zinez.”

2001eko martxoaren 22an, gutun bat idatzi zion ordura arte bere sindikatua izan zen  ELB-ko zuzendaritzari, bertako militantzia uzten zuela azalduz. Arrazoia: frantses gobernuak ezarri esne-tasak garbiki ez gaitzestea.

“ELB-koa izan naiz azken hamabost urteetan, baina aurten, hau da, 2001. urtean, sindikatua utziko dut, frantses gobernuak ezarri dituen esne-tasak ez dituelako garbi kondenatzen, eta hori niri, laborari bezala, jasangaitza egiten zait. Esnea bizia da, laborariei bizitzeko aukera ematen diena. Tasak ezarri! Zertarako? Munduan milioika dira gose diren pertsonak, eta hemen anartean, esneari tasak jartzen. Ezin dut hori eraman, eta hemendik aitzina  sindikatutik kanpo izanen naiz.”

2004ko otsailean “Zibilizaio berri baten alde”  izeneko artikulua plazaratu zuen, eta hasieran honela zioen:

“Borroka egiten dut Euskal Herria zibilizazio berri baten motorra bilaka dadin. Oraingo zibilizazioa arras ustelduta dago eta bere azken hatsa ematen ari da. XX. mendeko iluntasunetatik atera gaiten, utz ditzagun betiko Europan piztu diren gerla handi eta odoltsuak! Badut jadanik plan bat zibilizazio berri baten bila abia gaiten. Hori dela eta, BATERA herri mugimenduak hedatu dituen lau aldarrikapenekin ados naiz guztiz.”

Pasarte hauek adibide gisa eskaini ditut, Jean Ameztoiren arrangurak eta egitasmoak hobeto ezagutu ditzagun.  Nik dakidala, bere azken artikulua, “Borroka egin, baina miseriaren kontra” izenekoa, Sud-Ouest egunkarian plazaratu zuen 2022ko irailaren 7an.

Laboraria, euskalduna, oinarrizko giristinoa, ekologista, ekintzailea, ameslaria, bakezalea, justizia zalea, pentsalaria, ameslaria, mundu berri eta hobe baten etengabeko aldarrikatzailea eta defendatzaile sutsua…, horrelakoa dugu Jean Ameztoi laborari beskoiztarra. Nik ere, sinetsi nahi nuke, Jean Ameztoiren antzera, egun batez gizateria beste zibilizazio duin bat egitera iritsiko dela. Horren premia dugu, behar gorria, nahi baldin badugu gure seme-alabak biharko munduan goxo eta bakean bizi daitezen.

Jean Ameztoi beskoiztarra  Jean Ameztoi beskoiztarra  Jean Ameztoi beskoiztarra  Jean Ameztoi beskoiztarra  Jean Ameztoi beskoiztarra

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude