Jainkoak lurrera jeitsi zirenekoa!
Jainkoak lurrera jeitsi zirenekoa!
Esaten da distantziak baretasuna eta pausa ematen duela hainbat kontuz sakon hausnartzeko. Auziak eta arazoak aztertzeko nolabaiteko argitasuna eman ei du liskarraren erdigunetik urrun mantentzeak. Hori dela eta, liskarrean eta auziaren erdigunean kokaturik dagoenak baino gogoetarako egokiera sanoagoa dauka kanpoan atxikitzen den orok.
Izan ere, gertakizunaren baitan jira-bueltaka dabilena berehalako eta bapateko erantzunez baliatzen da irtenbideak bilatzeko. Ezbaiari definizio bat emateko, eta, bidenabar; bere burua kokatzeko. Kalapitaren barruan egoteak supituki eskatzen ditu erreakzioak, alde batera zein bestera; baina bote prontoan hartuz harat edo hunat bidea segitzeko ebatzia.
Behinola, kanpoan urduri eta artega zegoen horietako batek, distantzia batera egote hutsagatik jakinduria gehiago pilatua zuen horietako batek, matrakaren zentroan zeudenak paparretik heldu, zeharo haserre, gainera -gizonkeria hutsez, nola ez- eta egiten ari zirena utzi eta berak eskeinitako metodoa jarraitzera derrigortu zituen. Beste ezertarako abagunerik gabe. Ziztu batean ezarri zuen sententzia. Hara! Zuek egin ezazue hau, eta ez beste ezer, ez zarete gai zuek zuen kabuz erabaki egokirik hartzeko eta. Beti baten bat atzetik ibili beharra ere!
Tankerako joera, batez ere, intelektualei eta sasi ideologoei leporatu izan zaie. Hau da, zezenak hesiaren beste aldetik garrasika ikustera ohituegi dauden horiei. Sekula ezertan busti ez, inon aurpegirik eman ez, eta denei zer egin behar duten agintzera atrebitzen den horiei beroriei.
Alabaina, bakoitza bere baitan pentsatzen hasita seguru izen bat baino gehiagoko zerrenda osatzeko gai izango ginatekeela hemengo edo hango izenak bilduz balizko jainkoen xerka: gure sindikatuko arduradun hura, lantegiko sekzio buru den bestea, militatzen dugun alderdi politikoko idazkari sasi-jakintsu hori, lagun taldean hizketan sekula nekatzen ez den tontolapiko aguantaezina. Eta nola ez, koinatu famatua! Nola ba aipatu gabe miserian laga. Koinatua da listo plantetan nagusi.
Baina, edonola ere, lurrera jeistera ausartu ziren jainkoak ez dira beti gugandik biziki aparte bizi izan. Ez dira beti distantzia urrun batean denbora luzez irauteko gai izan. Auzi batean edo bestean agertu izan direnean ez dira gugandik ihesean ibili izuak jota. Kontrakoa esango nuke. Behin edo behin jainko horietako bat, kanpotik, distantziatik, liskarra zuzentzeko gai zena gureganatu izan dugu situazio batean edo bestean jakintsu trazak hartzeko.
Hartara, inguru handietan zein txikietan, jende askoko eztabaidetan zein apenas bi pertsonen arteko ika-miketan, orobat, denok gara noiz edo noiz jainko izatera jolastu. Denok agintzera gara oldartu zerbaitetaz pitorik ez genekienean ere. Neroni bai, bederen. Bateren batean azaldu izan zait, urrunetik, distantziatik, dena zekien jainko orojakile madarikatu hori. Kalapitaren itzulinguruetan sekula zipriztindu ez, baina iritzia besteen gainetik nabarmentzera nehoiz kemendu dena. Horixe naiz ni, behin lurra ukitzera ausartu zen jainkoa! Beste gauza batzuen artean.